DURANGOKO TABIRA BERRI EGOITZA-ZENTROKO ZUZENDARITZAK ZORTZI ZEHAPEN BATU DITU 2023TIK, KUDEATZEN DITUAN BESTE ZENTRO ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIO BATZUETAN EZ BETETEAK EGITEAGAITIK

  • Oposizinoko taldeek (EH Bildu, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako diputatuaren batzorderatzea eskatu eben, aurreko batzorde batean senide batek egindako salaketen ostean: adinekoentzako 14 plaza dituan Durangoko egoitzan zaintza arloko gabezia “larriak” egotearen “ziurtasunak” helarazo ebazan.
     
  • Diputatuak 8 zehapen zehaztu ditu gaur Gizarte Ekintzako batzordean, guztira 100.000 euro baino gehiago, hainbat urraketagaitik.

 

(Bilbon, 2026ko jorrailaren 27an). Martiaren 23an, Bizkaiko Batzar Nagusietako batzorde batean, Virginia Merino Beitiak, Durangoko Tabira Berri zentroko egoiliar baten senideak, egoitza horretako erabiltzaileen prekariedade egoerea eta urritasun larriak salatu ebazan. Bere lekukotzea “amesgaiztoko” egoerea deskribidutean oinarritu zan, behargin, higiene eta elikadura faltea, mantenidute eskasa eta erakundeen arretarik eza zirala-eta.

Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako batzordean bere kritikak entzun ostean, oposizinoko taldeek Aldundiari azalpenak eskatzeko egin beharreko agerraldi-idazkiak erregistretea erabagi eben. Gaur, Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean, Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako diputatuak, aurretik Ikuskaritza zerbitzuakaz, beharginakaz, zuzendaritzeagaz eta senideakaz “kontrastautako” gertakarien bertsinoa emon dau. Bere esku-hartzean, 2023tik aurrera Durangoko Tabira Berri egoitza zentroak izan dituan kexak, urraketak eta zehapenak jaso ditu, baita zuzendaritza berak kudeatutako ganerako baliabideenak be, beste 4 egoitza eta etxebizitza komunitario be kudeatzen ditualako.

Bere esku-hartzean, Antxustegik azpimarratu dau anomaliak detektetea eta zehapenak jartea Aldundiaren ikuskapen sistemea “bermatzailea, aktiboa eta zorroztasun tekniko eta juridikoz funtzionetan dauenaren” frogea dirala. Diputatu andreak guzurtau gura izan dau egoitza-sisteman itxikeriaren edo inprobisazinoaren inguruan dagoan edozein idea, ikuskapenak funtzionario independenteek “aldez aurretik jakinarazo barik” egiten dituela esanez. “Zeozerk huts egiten badau, detektetan bada, zuzendu egiten da eta, halan bajagoko, zehatu egiten da”, adierazo dau, eta nabarmendu dau zehapenak ez dirala narriaduraren sintomea, administrazino publikoaren funtzinonamentu egokiaren sintomea baino.

Adinekoentzako 14 plaza dituan Durangoko zentroari jagokonez, diputatuak zehaztu dauenez, 2023an kexarik egon ez arren, hurrengo urtean hiru jaso ziran, eta 2025ean, barriz, 14. Kexen artean, janariaren kalidadeari, mantenidute-lanei (ur-igesak eta pozu septikoagaz izandako arazoak), garbitasun-falteari, eskabiosi-agerraldiei eta pertsonal-ratioak ez beteteari buruzko kontuak egozan. Zentro horretako diziplinazko neurriei jagokenez, 2023an 6.000 euroko zigorra ezarri zan, erizaintzako ratioetan, garbiketan eta medikazino-segurtasunean akatsak egoteagaitik. Arazo horreek konpondu egin ziran.

Antxustegik jakinarazo dauenez, ikuskapen lanak zortzi zehapen espediente eragin ditu 2024tik, zuzendaritza berak beste zentro batzuetan kudeatutako baliabideetan, 100.000 euro baino gehiago guztira. Zehapen bi Lezeaga zentroak (Basurtu) jaso ditu: bat, 33.302 eurokoa 2024an, laguntza desegokiagaitik eta ratioak ez beteteagaitik, eta bestea, 2025ean, 13.800 eurokoa. Zumaia zentroari, barriz, 7.260 euroko isuna ezarri jakon 2024an beharginen ratioa ez beteteagaitik. Jado zentroak 36.737 euroko isuna jaso eban urte horretan be hainbat ez beteterengaitik. 2025ean, 6.000 euroko beste zehapen-espediente bat edegi jakon. Piñudi zentroak 500 eta 7.860 euro arteko zigorrak jaso ebazan mantenidute-lanetan eta arreta integralean izandako akatsengaitik eta komunetan txirrinak ez jarteagaitik.

Diputatu andreak esan dauenez, Gizarte Ekintza Sailak legearen arabera jokatzen dau beti, familiei “egiazkotasuna eta ziurtasuna” emoteko. Joan dan martiaren 27an Tabira Berri zentroan egindako azken ikuskapenetik eratorritako txosten teknikoa amaitu ostean barriro agertzeko konpromisoa berretsi dau, horren ondorioak zehatz-mehatz azaltzeko.

Azalpenak entzun ostean, Urtzi Ostolozaga Arrien EH Bilduko batzordekideak, gaur egungo zainketen eredua “ez onargarritzat” jo dau, eta “kudeaketa zuzeneko eta kontrol publikoko sistema komunitariorantz” sakoneko eraldaketea eskatu dau. Aldi berean, “gizarte zerbitzuen merkantilizazinoa” kritikau dau, “eskrupulurik bako” personek zainketakaz negozioa egiten dabela salatuz, eta Aldundiari “autokonplazentzian” oinarritzea leporatu deutso, benetako arazoak konpontzen ez dituen zigorrak ezarten ditualako. Ganera, azpimarratu dau beharrezkoa dala lan baldintzak duintzea eta ratioak barrikustea, zaintzaileek kalidadezko denporea izan daien egoiliarrakaz, asistentziako zeregin hutsetatik harago.

Raquel González Díez-Andino Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak zalantzan jarri dau diputatu andreak defendidu dauen sistemearen eraginkortasuna, eta akatsak detektau eta zigortzen diran arren, “ez dirala zuzentzen” adierazo dau. Adierazo dauenez, kexen bolumena “oso altua” da plaza kopurua kontuan izanda (14), eta isunen errentagarritasunari buruzko zalantza bat planteau dau: enpresei zehapen bat ordaintzeak “konpentsetan” ete deutsen, beharginetan, uniformeetan edo mantenidute-lanetan inbertidu beharrean. Azkenik, deitoratu egin dau ez-beteteak errepikau arren egungo protokoloak aldatzeko asmorik ez izatea.

Elkarrekin Bizkaiako Eneritz de Madariaga Martínek, bere aldetik, “ikuskapenen eraginkortasunik ezean” zentrau dau bere esku-hartzea, asistentzia-kalidade duina bermatzeko ereduak egiten dauelako huts eta ez personek, eta argudiatu dauenez, zehapen-espedienteen kopuru handia kontrolak behar dan moduan ez funtzionetearen frogea da. Kezka berezia adierazo dau “zentroko zuzendariaren ikuskapenagaitik”, eta “ezinezkotzat” jo dau persona bakar batek egoitzen baliabide ugari behar dan moduan kudeatzea kanpoan beste enplegu bat daukan bitartean. Horrez gain, gizarteko salaketen egiazkotasuna defendidu dau, egoitzen kontrako “kurutzadea” danik baztertuz eta familiek aurkeztutako “ez-beteteen larritasuna” azpimarratuz.

 

BESTE GAI BATZUK

Batzorde berean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak Umeen Zerbitzuaren azterketa prozesuari buruzko informazinoa eskatu deutso Aldundiari. Antxustegik baieztu dauenez, 2025ean hasi zan ebaluazino proiektuaren azken ebaluazinoa “2027ko jorrailean edo maiatzean” amaitzea aurreikusten da. Kontuak aurkezteko orduan ondorioak saileko beharginei eta Batzar Nagusiei helarazoteko konpromisoa hartu dau Diputatu andreak. Zerbitzu hori hobetzeko “argia” emongo dauen ikuspegi “globala” da, adierazo dau.

Bukatzeko, Bizkaiko Talde Popularrak, ahozko erantzun-eske batean, lokal barri bategaz jarduerea zabaltzeko NahiArte Fundazinoaren proiektuan izango dauen partaidetzearen inguruan Aldundiak dauen aurreikuspena eskatu dau. Lekualdatze proiektua oraindino “bideragarritasun azterlanaren aurretiazko fasean” dago, erantzun dau Antxustegik. Lankidetza teknikorako eta sozialerako konpromisoa dagoan arren, diputatu andreak argitu dau Aldundiak ez dauela beste batzuen lokaletako azpiegiturarik edo obrarik finantzetan, eta etorkizuneko edozein laguntza proiektuaren aurkezpen formalaren baldintzapean dagoala.