ALDUNDIAK ANIZTASUNAREN ETA GIZARTE KOHESINOAREN II. PLANA ABIARAZO DAU, INKLUSINOA, ANIZTASUNA ETA BIZIKIDETZEA ERALDATZEKO 2030ERA ARTEKO IBILBIDE-ORRI LEZ
- Gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu dan planak, gobernantza parte-hartzailea bultzatzen dau eta Bizkaia ikuspegi inklusiboago eta zuzenagorantz proiektetan dau 21 ekintzaren bitartez.
- Teresa Laespada Martínez Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak, EH Bilduk eskatuta Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian emon ditu planaren xehetasunak batzordean.
(Bilbon, 2025eko urriaren 28an). Bizkaiko Foru Aldundiak, Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Sailaren bitartez, Aniztasunaren eta Gizarte Kohesinoaren II. Plana (2025-2027-2030) aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, gizarteratze, aniztasun eta bizikidetzearen arloan foru politikearen datozan urteak markauko dituan ibilbide-orria.
Teresa Laespada Martínez Sail horretako Foru Diputatuak, EH Bilduk eskatuta Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, planak aurreko legealdian hasitako aldaketeari jarraipena emotea eta Lurraldearen etorkizuneko proiekzinoa indartzea bilatzen dauela azpimarratu dau. “Bigarren plan hau gura eta lortu behar dogun Bizkaiari buruzko printzipioen adierazpena da”, adierazo dau Laespadak, Bizkaia “lur anitza, plurala eta bizia, persona guztien duintasunagaz konprometidua” dala azpimarratuz.
Laespadaren agerraldian nabarmendu da Bizkaiak erronka “konplexuak” dituala, horreen artean demografiaren eta klimaren krisiak eta trantsizino digitala, eta erronka horreek desbardintasunak areagotzeagaz mehatxu egiten dabela, batez be kolektibo zaurgarrienetan. Erakundeen egonkortasunak erronka handi horreei erantzuteko aukerea emoten dauela sinistuta sortu da Plana.
Planak “inor atzean itxiko ez dauen”, diskriminazinoari aurre egingo deutson eta “aniztasuna ospatuko dauen” Bizkaia lortzeko helburua dau, alkartasuna eta duintasuna oinarri hartuta komunidadea eregiz. Horretarako, II. Planak sendotu eta indartu egiten dau aurreko planean ezarritako dimentsino bikotxa: barrura begirako dimentsioa (aniztasun politikearen zeharkakotasuna eta saileko zuzendaritza guztietara zabaltzea) eta kanpora begirako dimentsinoa (gizarte- eta udal-eremura).
Ganera, ziklo barri honek izaera eraldatzailea marketan daben funtsezko ikuspegi bi ditu: desbardintasunen konplexutasuna ulertzea ahalbidetzen dauen “Intersekzionala”; eta ekintza ingurune hurbilean jarten dauen “Komunitarioa”, auzoetan eta plazetan, adibidez.
10 EKINTZA BARRI
Planak 21 ekintza aurreikusten ditu guztira, jarraipeneko 11 ekintzatan eta 10 ekintza emerjentetan banatuta. Azken horreek, ekintza emerjenteak, barriak dira eukiari, formari edo orientazinoari jagokenez, ziklo barritik sortutako funtsezko ekimenak, hain zuzen be. Azkenengo horreen artean, Laespadak honeek aitatu ditu: aniztasunari buruzko informazinoa kudeatzeko aukerea emongo daben tresnak garatzea; alkarteen oinarria zabalduko daben partaidetzarako beste gune batzuk gaitzea; alkarrizketa publikoa sustatzea eta bultzatzea; bigarren mailako erakundeakaz aliantzak indartzea; beste eragile sozial eta instituzional batzuekaz artikulazinoan aurrera egitea; beste sail batzuekaz lankidetzea bultzatzea; udalerrietako tokiko politiketan aniztasunaren kudeaketea bultzatzea; aniztasunari buruzko laneko esperientziak konektetea; sailaren barruan ekintza partekatuak identifiketea eta gauzatzea; eta ekimen komunitarioak bultzatzea, aniztasunaren eta kulturen arteko bizikidetzearen ikuspegitik.
Planak daborduko egin dau bidearen zati bat, azkenengo urteetan gauzatutako hainbat ekintzari esker. Holan, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrerapen esanguratsuak lortu ditu aniztasunaren eta gizarte kohesinoaren politikan, 2022 eta 2024 urteen artean ikuspegi intersekzionala eta komunitarioa daben 229 proiektu baino gehiago finantzauta. Ganera, alkarrizketarako eta partaidetzarako mahai iraunkorra sendotu da, edo Goihabe programea bultzatu da, nazinoarteko babesa eskatzen daben “300 familia baino gehiagori” laguntzeko. Azkenik, Zurrumurruen Aurkako Euskal Sarea (ZAS) sustau zan. Sare hori funtsezkoa izan da diskriminazinoaren kontrako burrukan, gizarte kohesinoa higatzen daben aurreretxiei aurre egitean.
Planak 2030. urteko zerumugea ezarten dau, 2027. urtearen amaierarako ezarritako ebaluazino-prozesu bat tarteko. Halan, beharrezkoa izan ezkero, ekintzak birbideratu ahal izango dira. “Pauso sendoz egiten dogu aurrera, astiro, baina finkatu behar dogunak atzera bueltarik izango ez dauen ziurtasunez”, bukatu dau Laespadak, gizarte erakundeak Bizkaia “bidezkoago eta kohesinonatuagoaren” eraikuntzan “ezinbesteko aliautzat” hartuta. Batzar Nagusietako taldeek egindako galderei erantzunez, Laespadak jakinarazo dau bere sailak 1,8 milioi euro bideratzen dituala gaur egun aniztasun politiketara.