FORU ALDUNDIAK EMAKUMEEN ETA GIZONEN BARDINTASUNERAKO FORU ARAUAREN “ERAGINAREN EBALUAZINOA” EGINGO DAU
- Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna sustatzeko Sailak 2018an onetsi zan foru arauaren “ezarpena” ebaluetako txostena aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.
(Bilbon, 2024ko bagilaren 25ean). Aldundiak Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako 4/2018 Foru Arauaren “ezarpena” ebaluetako txostena aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordean. Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna sustatzeko diputatuaren berbetan, ebaluazino hori “aitzindaria” da, “ez dalako ohikoa” Gobernu batek foru legeen edo arauen ebaluazinoa egitea; ohikoagoa da plan espezifikoak edo programak diranean. “Aurrerago”, foru sailak “eraginaren ebaluazinoa” egitea aurreikusten dau, Laespadaren ustez lau urte epe “laburregia” dalako lan horri ekiteko.
Ondorio lez, Laespadak, Batzar Nagusietako taldeei banatutako txostenak dinoanean oinarrituta, Bardintasunerako Foru Arauak bardintasunaren arloan “ekintza politikorako esparrua” emoten dauela azpimarratu dau. Hortik dator bere izaerea eta irauteko bokazinoa, esparru juridikoaren bilakaerak ezarritako egokitzapenakaz. Arauak eta ebaluazinoak “ekintza politikoa bultzatzen dauen eta bardintasunerako unidadea bera eta bardintasunean lan egitea ahalduntzen dauen legitimidade esparrua emoten dabe”. Diputatu andreak azpimarratu dauenez, foru arauak “zentzun pedagogikoa eta prestakuntzakoa” dau komunikabideakaz, gizarte zibilagaz, enpresakaz eta gizarte arloko erakundeakaz eta instituzinoakaz. “Bardintasunaz berba egiteko esparru pedagogikoa izateko aukerea emoten deusku”, esan dau.
Batzordearen hasieran ebaluazino horren ganean galdetu dauen Izaskun Duque EH Bilduko batzordekideak adierazo dauenez, bere taldeak “asmo handiak ditu” Bardintasunerako Foru Arauaren oinarri diran Tituluen aplikazino-ehunekoak “altuagoak” izatearen inguruan. Txostenean agertzen diran “garapen esanguratsuak” handitu gura dira: “% 38”, I. tituluan; “% 13”, II. tituluan; eta “% 14”, IV. tituluan. Laespadak garrantzia kendu deutse aplikazino portzentaje horreei, arauak eta bere aplikazinoak “aurrera jarraitzeko asmoa” dabelako, eta, beraz, denporeagaz emaitzak aldatu egingo diralako.
Beste alde batetik, EH Bilduk, Bizkaiko Foru Aldundiaren Aurrekontuen Proiektuari buruzko Genero Eraginaren Aurretiazko Ebaluazino Txostenean bardintasunerako ekintzetan giza baliabide propioen eragina sartzeko emon diran pausuen inguruan galdetu dau.
Aurreko agintaldian, 2023ko martian, erdibideko zuzenketa-eske bat onartu zan Bizkaiko Batzar Nagusietan, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzeko, Sailen arteko Batzordean “hausnarketa prozesuari ekin deiola, eta bertan, daborduko ebaluetan diran ekintzetan egindako inbertsinoen zenbatekoez gain, giza baliabide propioek horreetan daben eragina kontuan hartu daiala.”
Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna sustatzeko diputatuak gaur azaldu dauenez, agintaldia amaitutzat emoten danetik “ez dago arauz besteko proposamen bat beteteko ezelango betebeharrik”. Hori bai, azaldu dauenez, azterketa-lana egin da, eta zehaztu dana da ez dagoala aurtengo Aurrekontuen I. Kapituluko “kalkulua aldatzeko errazoirik”. Kapitulu horretan, bardintasunaren arloan eskumena daben unidadeen gastua sartzen da, Bardintasun Zuzendaritzarena eta Indarkeria Matxistatik Babesteko eta Familiei Laguntzeko Zerbitzuarena, besteak beste. Hau da, baliabide ekonomikoak bardinak izango dira: “2.556.978 euro”. Diputatuak “ez dau proposamena gauzatzeko modua ikusten”, unidade bi horreetara atxikita ez dagozan beharginek bardintasun gaietan emoten dituen denporak neurtzeko gaiztasunak dirala eta.