ALDUNDIAK ZAINTZETAN, LURRALDE KOHESINOAN ETA TRANTSIZINO BERDEAN OINARRITUKO DAU BERE IBILBIDE ORRIA

  • Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiak kudeaketearen balantzea egin dau Politika Orokorreko bere bigarren Osokoan, eta Legealdian geratzen danerako jarduketa ildoak zehaztu ditu.
     
  • Gaurko osokoak datorren eguenean, urriaren 2an, jarraituko dau, Batzar Nagusietako taldeek aurkeztuko dituen ebazpen proposamenen eztabaideagaz.


(Gernikan, 2025eko irailaren 25ean). Bizkaiko Batzar Nagusiak Agintaldiko Politika Orokorreko bigarren Osokoa egin dabe Gernikako Batzarretxean, eta bertan, Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiak ikasturte politikorako jarduketa ildoak marraztu ditu. 

Ordu eta erdiko iraupena izan dauen berbaldian, Ahaldun Nagusiak Bizkaiaren etorkizun hurbila definiduko daben erronka eta proiektu nagusiak markau ditu. Biztanleriaren zahartzea, barrikuntza ekonomikoa, gizartearen eta lurraldearen kohesinoa eta jasangarritasuna lehentasun dirala, Foru Aldundiak lurraldea hurrengo hamarkadetarako prestetea helburu dauen asmo handiko agendea iragarri dau.

Bere berbaldian, Etxanobek urte biko kudeaketea eta “Bizkaia Denontzat” ibilbide orriaren barruan dagozan proiektu nagusiak errepasau ditu. Plan horrek jasoten dituan lehentasunezko 120 jarduketetatik, “112 gauzatuta edo hasita dagoz, eta ganerakoak diseinu-fasean”, jakinarazo dau.

Palestinako herritarrek bizi daben sufrimentua gogora ekarri ostean, Etxanobek bere esku-hartzeagaz jarraitu dau, bere Gobernuaren esku dagozan gizarte-zerbitzuen hobekuntzan arretea jarriz. Holan, iragarri dauenez, foru erakundeak mendekotasunaren prebentzinoaren eta autonomia pertsonalaren sustapenaren aldeko ituna aurkeztuko dau aurton bertan, zaintzeko modua eraldatzeko helburuagaz. 

Arreta presentziala eta etxeko teknologia konbinetan dituen EtxeTIC lako programak udalerri gehiagotara zabalduko dira; egoitzak, barriz, bizikidetza-unidade gizatiarrago eta pertsonalizatuago bihurtzen ari dira. Bizkaiko hiru egoitzatatik bi zainketen pertsonalizazinoa bultzatzen ari dira daborduko. Iragarri dauenez, epe laburrean 204 alkarbizitza-plaza gehituko dira Zamudion eta beste 60 Abadiñon. 

Belaunaldien arteko zaintzak be bere lekua izango dau: 2026an, adinekoentzako 100 plaza eta gazteentzako 40 apartamentu izango dituan Getxoko zentroa edegiko da. Adinekoek eta gazteek jarduerak eta zerbitzuak partekatuko ditue.

Aldundiak desgaitasuna daben personentzako baliabideak be zabalduko ditu, indarkeria matxistearen biktimentzako 24 orduko zerbitzu integrala sendotuko dau eta adinbakoentzako arreta sistemea indartuko dau, bakarrik dagozan migratzaileei arreta berezia emonez. Horri jagokonez, Etxanobek “inplikazino handiagoa” eskatu deutso Espainiako Estaduari, eta harrera ereduari buruzko “hausnarketa sakona” zabaltzea be eskatu dau. Gaur egun, Bizkaian 560 adinbakori emoten jake arretea, “ahalik eta ondoen”.


EKONOMIA ETA ENPLEOA IKUSPEGI BARRITZAILEAGAZ

Arlo ekonomikoari jagokonez, Aldundiak 10 milioi gehiago sartuko ditu Seed Capital Bizkaian, eta ETEei eta startup barritzaileei laguntzeko biztugarri fiskalak zabalduko ditu. Ganera, barrikuntzako zentro estrategikoen sarea indartu egingo da, halan zelan Energy Intelligence Center (hidrogenoa eta energia garbiak), BiQain (teknologia kuantikoak) edo Global Smart Grids Innovation Hub (sare elektriko adimendunak).

Bizkaiko Parke Teknologikoak hazten jarraituko dau, Abanto-Zierbena-Ortuellako eta Zorrotzaurreko campus barriakaz. Eta Bizkaia with the Talent programak funtsezko sektoreetan profesionalak prestetako eta erakarteko proiektuak zabalduko ditu. Aldundiak behargin kualifikauen erakarpena eta leialtasuna sustatuko dauen aurreproiektua onartuko dau.

Aldi berean, II. Enpleo Planak gazteen laneratzea eta emantzipazinoa bultzatzeko 100 jarduketa baino gehiago garatuko ditu. 


ETXEBIZITZEA ETA LURRALDE OREKEA

Etxebizitzak, gizartearen kezka handienetako batek, kenkari fiskal barriak izango ditu gazteentzat eta egoera zaurgarrian dagozan kolektiboentzat, baita birgaitzerako eta energia eraginkortasunerako biztugarriak be. Ogasunak areagotu egingo dau autortu bako alokairuetan, batez be turistikoetan, iruzurraren kontra aurrera daroan burrukea. Horrez gain, Aldundia lurzoru propioak aztertzen ari da etxebizitza babestuen esku jarteko.

Fiskalidadearen arloan, Etxanobek iragarri dau urrian bialduko dirala Batzar Nagusietara bankuen ganeko zergearen eta multinazionalen gitxieneko zergearen ganeko foru arau proiektuak, enpresa handiek gitxienez % 15eko zergak ordaindu daiezan.

Eta lurralde arloan, Eskualdeko Plan Estrategikoek hedatzen jarraituko dabe, 13 proiektu bultzatzailetan 303 milioi euro mobilizauko dituan Busturialdea-Urdaibaikoa nabarmenduz.


MOBIKORTASUN JASANGARRIA, INGURUMENA ETA KULTUREA

Aldundiak Bilboko Metroagaz dauen konpromisoari eusten deutso: 5. linea amaitzea, Enkarterri hartuko dauen 4. linea eregiteko akordioa lortzea eta 1. eta 2. lineetako unidadeak barritzea, segurtasuna bermatzeko. Aldi berean, partekatutako bizikleten BizkaiBizi sistemea zabaldu egingo da, eta bizikleta-lotura barriak eta errepide jasangarriagoak aurreratu egin dira, itsasadarraren azpiko tunela barne, Errontegi arintzeko. Legegintzaldiaren bigarren zati honetan hasiko dira Erromo eta A-8 autobidea lotzeko obrak.

Horrez gain, Bizkaia Mendiei buruzko Foru Arau barria ari da prestetan, baso erresilienteak eta biodibersidadea bermatzeko, suteen prebentzinoa areagotzeaz gain. Hondakinen kudeaketan, Metaberri biometanizazino plantea, birziklatze zentroen handitzeak eta konponketarako eta berrerabilpenerako kanpaina barriak jarriko dira martxan.

Aldundiak kulturearen eta euskerearen aldeko apustua egiten jarraituko dau, kohesinorako ardatz lez. Guggenheim Urdaibai proiektuari jagokonez, erakundeak entzuteko prozesuaren eta bideragarritasunaren ganeko analisiaren ondorioak kaleratu arte itxoingo dau, eta, bitartean, daborduko adostuta dagozan jarduketakaz jarraituko dau: lurzoruen eta akuiferoen deskontaminazinoa, paduren berreskuratzea edo mobikortasun jasangarriaren bultzadea. 

Azkenik, Aldundiak, administrazinoagaz izapideak sinplifiketea eta automatizetea lako gaiak arautuko dituan gobernantza digitalari buruzko arau-proiektua aurkeztuko dau Batzar Nagusietan. Herritarrentzako zerbitzuak hobetzeko asmoz, aurretik iragarrita egoan foru-egoitza barria eregiko da La Casilla alboan. 

Neurri horreen bitartez, Foru Aldundiak norabide argia finkatu dau: personak hobeto zainduko dituan, ekonomia barritzailea indartuko dauen, etxebizitza eta garraio irisgarria bermatuko dituan eta jasangarritasunean eta kulturan aurrera egingo dauen Bizkaia. Baina Aldundiaren proiektu nagusia, proiektu isolatuen ganetik, “Bizkaian bizi garan guztion bizitza hobetzea da”, esan dau Etxanobek. 


BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Ordubeteko etenaren ostean barriro ekin jako osokoari, Batzar Nagusietako taldeen erantzunakaz. Erantzunen txandea Eneritz de Madariaga Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak zabaldu dau, eta “arduratuago dagoala lurraldearen nazinoarteko irudiaz, justizia sozialaz eta giza eskubideez baino” aurpegiratu deutso ahaldun nagusiari. Bere eretxiz, adibidez, Foru gobernuak “ez dau mailea emon” migratzaileen eta inoren kargura ez dagozan adinbakoen eskubideak bermatzeko orduan. “Migrazinoa arazo logistikotzat hartzen da”, esan dau. Eta zaintza ereduan be personak aurretik jarteko eskatu dau, emakumeek jasaten dabelako, gehienbat migratzaileek. Modu berean, “energiaren pribatizazino prozesuaren buru izateko” eta energia enpresa handien proiektuei milioiak ez sartzeko eskatu deutso Etxanoberi. Bukatzeko, metroaren 4. linearen trazauaren arazoa bideratzeko eta Urdaibaiko Guggenheimen eta ibai azpikoaren proiektuak bertan behera ixteko be eskatu dau.

Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, bere aldetik, Bizkaiak erakargarritasuna galdu dauela azpimarratu dau. “Geldirik gagoz eta Foru gobernuak ez dau onartu gura”, esan dau. Fiskalidadea ekintzailetzea eta enpresei laguntzea bultzatzeko erabiltea eskatu dau. Horrez gain, “oso atzeratuta” dagozan azpiegiturei konponbidea emotea eskatu dau, metroaren 4. eta 5. lineei, Errekaldeko saihesbideari, Ermuko saihesbideari, All Iron zubiari eta Arte Eder eta Euskal Museoa museoetako lanei, besteak beste. Bien bitartean, bidesariek jarraitzen dabe AP-68an, eta Lamiakoko ibaipekoaren proiektuak ez dau herritarrek modu positiboan baloretan dabena gauzatzea aurreikusten, hau da, itsasadarraren alde biak garraio publiko bidez lotzea. Eta gizarte politiketan egiten diran gero eta inbertsino handiagoetan (Gizarte Ekintza Sailak dauka aurrekonturik handiena), ahalegin horren “emaitzak ikustea kostau egiten da”, egoitzetako plazetan, adibidez. 

Euskal Sozialistak Taldetik, Goyo Zurro bozeroaleak Gazan egunero ikusten doguzan irudiak ekarri ditu gogora, eta “genozidio” baten aurrean gagozala eta “isiltasuna beti konplizea” dala errepikau dau. Zurrok etxebizitzaren arazoetan jarri dau arretea, eta lurra estrategia horretarako erreserbetako Aldundiaren ondarea aztertzeko idea txalotu dau. Euskal sozialisten beste kezka bat enpleoa da. Hori dala eta, 20.000 laneratze lortzeko ahaleginak txalotu ditu, enpleoko lehenengo lurralde planean 70 milioi euro baino gehiago inbertidu ostean. Sozialistek, bere berbetan, bardintasuna jarri dabe “aurrekontuaren erdian”, 2025ean 27 milioi euroko zuzeneko gastuagaz. Txalotu egin dau onartutako erreforma fiskala daborduko frutuak emoten dabilela, abuztura arte diru-sarrera kontzertauengaitik % 7,4 gehiago jaso zan eta. Zurroren eretxiz migrazinoa gai estrategikoa izan daiteke, gazterik barik “gure gizartea pobretu egiten dalako eta gure ondoizate sistemea apurtu egiten dalako”. 

Iker Casanova Batzar Nagusietako EH Bildu taldeko bozeroaleak, talde gehienek egin daben lez, Gazak bizi dauen egoerea gogora ekarriz hasi dau bere berbaldia. Lehenengo eta behin, joan dan Espainiako Itzulian herritarrek egindako protesten aurrean Foru gobernuak izan dauen jarrerea kritikau dau, eta ondoren, Israelgo Estadu “genozideagaz” hartu-emon guztiak apurtzeko eskatu. Horrez gain, mundu mailan gertatzen ari diran aldaketek gugan zelango eragina izan leikien hausnartzeko eskatu dau, izan be, “faxismoa nagusitzen ari da” AEBetan, Argentinan edo Italian, besteak beste. Etorkizuneko eredua “eztabaidan dago”, “ezinegon handia dagoalako aberastasunaren banaketearen eta zerbitzu publikoen narriadura bortitzak dirala eta”. Eta Bizkaian “proposamen izarra eredu neoliberal bat txertatzea da”. Eredu horrek, bere eretxiz, hiru mugarri ditu: kontraerreforma fiskala, Lamiakoko ibaipekoa eta Urdaibaiko Guggenheim. Erreforma fiskal horren ardatza “aberatsen boltsikoa ez ikutzea” izan da, kritikau dau Casanovak. Beste alde batetik, “anakronikoak” dira “turistifikazino” proiektua eta Aldundia Urdaibain museoa handitzeko planteetan ari dan multinazionalen aldeko apustua. Laugarren elementu lez, Casanovak Gobernantza eredua kritikau dau, eta gardentasunaren arloan pausuak eskatu ditu. Bukatzeko, udal finantzaketarako eredu barria osatzeko, lurraldeko industria modernizetako edo deskarbonizazino prozesuetan be aurrerapausuak emoteko eskatu dau.

Bukatzeko, Euzko Abertzaleak Taldeko Jesus Lekerikabeaskoak Foru gobernuaren zeregina Bizkaiko arazoei benetako konponbideak emotea dala azpimarratu dau, eta oposizinoari, barriz, “demagogian eta populismoan jaustea” leporatu deutso. Azpimarratu dauenez, eraldaketa proiektuek beti sortzen dabe zaratea, baina EAJ-PNVk urteetan erakutsi dau “kudeatzeko, entzuteko eta konpromisoa hartzeko gaitasuna” dauela, lurraldearen garapena markau daben obrak eta ekimenak bultzatuz, Metroaren lineetatik hasi eta Guggenheimeraino, zaintza sistemearen erreformea ahaztu barik, besteak beste. Horrez gain, Aldundiko Gobernuak, Etxanobe Ahaldun Nagusia buru dala, “epe laburrean zein luzean egiten dauela behar” azpimarratu dau, bizkaitar guztien bizi kalidadea hobetzeari begira. Foru gobernuaren nortasun ikur lez akordiorako gertutasuna eta prestutasuna aldarrikatu ditu, eta gogora ekarri dau Batzar Nagusien % 90ak baino gehiagok babestu ebazala 2025eko aurrekontuak, eta horrek martxan dagozan politikak eta proiektuak legitimetan dituala. EAJren eretxiz, gakoa herritarren konfiantzari eustea, adostasunak indartzea eta hartutako konpromisoak beteten jarraitzea da. 


EBAZPEN PROPOSAMENEN OSOKOA 

Eztabaidea amaituta, Batzar Nagusietako bost taldeek 48 orduko epea izango dabe datorren eguenean, urriaren 2an, egingo dan hurrengo Osokoan eztabaidatuko diran ebazpen proposamenak aurkezteko. Batzar Nagusietako Mahaia bilera horren aurretik alkartu beharko da, Ahaldun Nagusiak gaur mahai gainean jarri dituan gaiakaz erlazionauta dagozan Ebazpen proposamenak onartzeko. Igaz, osokoak Batzar Nagusietako taldeek aurkeztutako 10 ekimen onetsi ebazan, erregistrautako proposamenen erdia, hain zuzen be.