GUGGENHEIM MUSEOA HANDITZEKO PROZESUA BAZTERTU ETA GERO, ALDUNDIAK GOBERNU ZENTRALAGAZ SINATUTAKO HITZARMENAGAZ BAT DATOZAN BUSTURIALDERAKO PROIEKTUEN ZERRENDA BAT ZEHAZTUKO DAU

  • Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoan EH Bildu taldeak egin dauen Itaunean, Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusiak iragarri dauenez, 2023an Trantsizino Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioagaz sinatutako hitzarmenean erreserbautako 40 milioi euroak aprobetxau ahal izateko ingurumen eta garapen jasangarriko ekimenen zerrenda bat sortuko da 


(Gernikan, 2026ko urtarrilaren 28an). Gaur Gernikako Batzar Etxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien urteko lehenengo Kontroleko Osokoak Foru gobernuaren kontrolerako zortzi gai landu ditu. Gai horreetako batean Busturialdeko eskualdearen etorkizunak hartu dau erdiunea. Guggenheim Museoaren handitze eteneko proiektua bertan behera itxi ostean zonaldearen egoerearen ganean galdetu dauen Iker Casanova Alonso EH Bilduko bozeroaleak berba egin ostean, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Foru Aldundiak epe laburrean izango dauen ibilbide orria azaldu dau. Bere erantzunean, Foru gobernuko arduradun nagusiak azpimarratu dau gaur egungo lehentasuna eskualdearen garapen jasangarria bermatzea dala, dagozan finantza aukerak aprobetxauz, batez be Gobernu zentralagaz sinatutako hitzarmenetik eratorritako funtsak. 

Horri jagokonez, Etxanobek iragarri dau Aldundia daborduko aztertzen ari dala Urdaibairen inguruko ingurumen eta garapen jarduketetarako hasieran erreserbautako 40 milioi euroak erabilteko Estaduko Exekutiboagaz sinautako hitzarmenagaz bat egiten daben proiektuen zerrendea. Ahaldun Nagusiak jakinarazo dauenez, foru erakundeko sailei “agindu zuzenak” emon deutsez, jasangarritasunari eta ingurumen izaerari jagokezan baldintzak beteten dituen ekimenen zerrenda hori lantzeko, Trantsizino Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioagaz lankidetza esparrua eguneratzeko aldebiko akordioa lortzen danean denporarik ez galtzeko. 

Bere agerraldian, Ahaldun Nagusiak hitzarmenaren egungo testuaren interpretazino “juridikoa” defendidu dau, eta adierazo dau indarrean dagoan lege esparruak jarduketa bereziak bultzatzeko “joko zelai nahikoa” eskaintzen dauela, museo proiektuaren bilakaerea edozein izanda be. Etxanobek azaldu dauenez, akordioaren idazketak inbertsinoak estuarioko garapen jasangarriko proiektuetara bideratzeko aukerea emoten dau, eta proiektu horreek ez dabe zertan museoa handitzeagaz lotuta egon behar. Horrek ateak edegiten deutsaz eskualdeko herritarrek eskatzen dituen azpiegitura berde barriak eta ingurumen arloko hobekuntzak finantzetako aukereari. EH Bilduk behin eta barriro ekin dauen arren, diputatu andreak “diskrezinoa” eta zuhurtzia instituzionala eskatu ditu, sinatu behar dauen beste aldeagaz egiten ari diran negoziazinoak arriskuan ez jarteko, alde biko egoerea argitu ostean proiektu zehatzen barri emongo dala ziurtatuz. 

Horrez gan, Aldundiko arduradunak, ingurumenaren babesa bultzada sozioekonomikoagaz orekatzeko beharrari buruz gizartearen adostasun zabala erakutsi dauen Urdaibain egin barri dan entzute aktiboko prozesuaren emaitzakaz lotu ditu etorkizuneko inbertsino horreek. Etxanobek gogora ekarri dauenez, Aldundia buru-belarri dabil beharrean Eskualdeko Plan Estrategikoaren ezarpenean. Plan horrek Busturialdeko biztanleentzako kritikoak diran esparruetan jardun behar dau, hau da, “etxebizitzan, turismoan, garraioan eta azpiegituretan”, 13 proiekturen eta 300 milioi euro baino gehiagoko inbertsinoaren bidez. Parte-hartze prozesu horren ondorioek, herritarren kezkak biziberritze estrategian txertatu eta gero, eragindako udalerrien errealidadetik hur egongo dan kudeaketa gardenaren bidez zonaldearen “gainbehera gainditzea” bilatzen daben Foru gobernuaren jarduketak indartzeko balioko dabe.


BESTE GAI BATZUK

Beste alde batetik, jardunaldian Bizkaiko fiskalidadearen ganeko eztabaida sakona be egin da. Bertan, Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako diputatuak Soziedadeen Zergearen eraginkortasuna defendidu dau. Berrojalbizek argitu dauenez, zerga hori ez jako kontabilidadeko irabazi gordinari apliketan, egokitutako errentari baino, nazinoarteko zergapetze bikotxa saihesteko. Holan ELGAren estandarrak beteten dira. Diputatu andreak datuak emon ditu EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak diru-bilketearen jatsierearen inguruan egindako kritikei kontra egiteko, eta adierazo dau 2023an benetako tasa efektiboa % 19,36koa izan zala enpresa orokorrentzat eta % 15,61ekoa ETEentzat, eta kopuru horreek legeak ezarritako gitxienekoen ganetik dagozala esan dau.

Berrojalbizek berretsi egin dau Soziedadeen ganeko Zergan kenkarien eraginkortasunari buruzko azterlan sakona egiteko erakundeak dauen konpromisoa, lurraldeko azken barrikuspen fiskalean adostutakoa betez. Ogasun eta Finantzetako diputatuak defendidu dauenez, aurretiazko erreformen balorazino orokorra “ona” dan arren, lehiakortasuna eta kalidadeko enpleoa bultzatzen dabelako, beharrezkoa da pizgarri horreen eragin ekonomikoa eta soziala aztertzen jarraitzea.

Beste gai batzuetan, koalizino abertzaleak, beharginen lan baldintzen eta etxebizitza komunitarioetako erabiltzaileek jasoten daben arretearen ganean be itaundu deutso Bizkaiko Gobernuari. Ahozko erantzun-eskeen bitartez EH Bilduk Unai Rementeria Maiz BBK Fundazinoaren buru izendatzearen, Karrantzan hondakin uren tratamentu ekologikorako sistemea garatzearen eta Udalerri Euskaldunen Mankomunidadearen (UEMA) finantziazinoa erdira murriztearen inguruan Foru gobernuak dauen eretxia ezagutu gura izan dau. Bizkaiko Talde Popularrak, bere aldetik, adinekoentzako plaza eta eguneko zentro gehiago zabaltzeko planik dagoan ala ez jakin gura izan dau.

Rementeria BBK Fundazinoaren patronatuko presidente izendatzeari jagokonez, Ahaldun Nagusiak erakundeen sendotasunaren eta ezarritako prozedurak zorrotz betetearen garrantzia azpimarratu gura izan dau. Etxanobek azpimarratu dauenez, kargu hori ez da izendapen politiko librekoa, erakundearen estatutuetan aurreikusitako “zintzotasun, prestakuntza eta finantza esperientziako” legezko baldintzak bete behar dira. Aldundiko arduradun nagusiaren berbetan, prozesuak “berme osoa” izan dau, izendapenen batzordeak balioztatu ostean eta patronatuaren aldeko botoa birritan jaso eta gero, mekanismo instituzionalak “modu ezin hobean” funtzionau dauela ziurtatuz.

Karrantzako uraren zikloaren kudeaketeari jagokonez, Arantza Atutxa Lejarreta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatu andreak araztegi ekologikoak instaletako Udalaren proposamena aztertu dau, eta sistemea sakabanatuta dagozan biztanle-guneetarako erabilgarria izan daiteken arren, udalerriaren erdialderako “zailtasun tekniko handiak” dituala adierazo dau. Atutxak adierazo dauenez, eredu hori ez da egokia nekazaritza eta abeltzaintza jardueretako isurketak tratetako, karga kutsatzaile handia daukalako, eta zalantzan jarri dau planta nagusia uriola-arriskuko eremu batean egotea. Halanda be, diputatu andreak adierazo dauenez, Aldundia prest dago alkarlanean jarduteko, herri osoan hornidura eta saneamendu jasangarria bermatzeko beharrezkoak diran inbertsinoak zehaztuko dituan eta “laster sinatuko dan hitzarmena” iragarriz.

Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako diputatuak, bere aldetik, mendekotasun egoeran dagozan personei arretea emoteko estrategia zehaztu dau, 2023tik eguneko zentroetako plazak % 5 igon dirala jakinarazoz. Aldundiko arduradunak EtxeTIC ereduaren arrakastea azpimarratu dau, daborduko Bizkaiko 3.700 etxe baino gehiagori emoten deutselako arretea, herritarrei laguntza teknologiko eta pertsonalizauakaz euren familia ingurunean geratzeko aukerea emonez. Aldundiko arduradunak iragarri dauenez, ganera, laguntza indibidualetarako aurrekontua milioi bat euro handitu egingo da 2026an, eta zentro barri bat sortuko da Markinan, etorkizuneko gizarte zerbitzuen mapea auzo eta udalerri guztietan giza arretea eta arreta komunitarioa indartzen jarraitzeko gidea izango dala azpimarratuz. 

Bukatzeko, Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadearen (UEMA) finantzaketearen egoerea azaldu dau, aurrekontu konpromisoa 2024-2026 epealdirako ezarri zala eta ez dagoala murrizketa arbitrariorik argituz. Arrizabalagak adierazo dauenez, 2025eko proiektuen justifikazino teknikorik ezak eta erakundeak egindako komunikazino eskasak zaildu egin dabe laguntzak izapidetzea. Diputatu andreak errepikau dauenez, sailak ez ditu kanpoko erakundeen egiturazko gastuak finantzau behar, euskerearen erabilerea sustatuko daben proiektu zehatzak baino, lankidetzarako borondateari eutsiz, beti be diru publikoa behar dan moduan erabilteko administrazinoek izan behar daben zorroztasunagaz jardunez.