ALDUNDIAK ZIURTATU DAUENEZ, RUGULOPTERYX OKAMURAE ALGEA GUZTIZ DESAGERRARAZOTEA EZ DA “BIDERAGARRIA EPE LABURREAN”

  • Arantza Atutxa Lejarreta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak, espezie inbaditzaile hori Bizkaiko kostaldean “oraintsu samar” zabaldu izana dala-eta egiten ari diran garbiketa lanen eta erakundeen koordinazinoaren barri emon dau Batzar Nagusietan.

 

(Bilbon, 2026ko martiaren 23an). Arantza Atutxa Lejarreta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da rugulopteryx okamurae alga inbaditzaileak Bizkaiko kostaldean eragin dauen egoerearen barri emoteko. Diputatuak bere esku-hartzean adierazo dauenez, beste erkidego batzuen esperientzian oinarrituta, espezie hori guztiz desagerrarazotea ez da “bideragarria epe laburrean” daborduko inbaditu dituan eremuetan.

Batzordera etorteak Richar Vaquero Moreno Talde Mistoa-Elkarrekin Bizkaiako batzordekideak erregistrautako eskariari erantzun deutso. Adierazo dauenez, bere taldea arduratuta dago, gitxienez 2023tik lurraldean egon dan alga horren hedapenak ingurumenean, ekonomian eta gizartean dituan ondorioak dirala eta.

Diputatu andreak argitu dauenez, Foru Aldundiak ez dauka itsas ingurunearen ganeko eskumen zuzenik, erantzukizun hori Eusko Jaurlaritzarena eta Estaduarena da-eta. Halanda be, foru erakundea bere eskumenen barruan beharrean dabil, hondartzak garbitzeko zerbitzuaren bitartez eta ikerketa zentroakaz koordinauta, Plentziako Itsas Estazinoagaz, adibidez.

Diputatu andreak zehaztu dauenez, 2025ean alga hori lurraldeko hondartza batzuetan hauteman zan, Muskizen, Areetan eta Sopelan, hain zuzen be, eta baita Bilboko Portuan be, eta berehala kendu zan, “ohiko” baliabideak erabilita. Alga ez zan Kantabriako hondartza batzuetan besteko ugaria izan, abuztuan Nojako Trengandin hondartzan jazo zan lez.

Jatorria Ozeano Barean dauen espezie hori 2015ean hauteman zan Espainian. Sakabanatzeko gaitasun handia dau eta Europan ez dauka harrapari naturalik. Gaur egun, administrazino eskudunak diagnostikoan eta erantzunen diseinuan dabilz beharrean, Kantauri itsasoan eta Atlantikoan kolonizazinoak dauen eragina arintzeko, urte batzuetatik hona Mediterraneotik jauzi egin eta gero.

Bukatzeko, diputatuak baieztu dauenez, Foru Aldundiak ez dau oraindino 2026ko hondartzen denporaldirako aurreikuspenen inguruko Eusko Jaurlaritzaren ezelango abisurik jaso.

 

BENTZENO IGESAK PETRONORREN

Saio berean, eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek eskatuta, diputatu andreak joan dan zezeilaren 23an Muskizko Petronorren instalazinoetan hauteman zan bentzeno igesaren ostean sortutako egoerea azaltzeko agerraldia egin dau. Talde biek azalpenak eskatu ditue, metro kubikoko 100 eta 200 mikrogramo arteko kontzentrazinoak izan eta biztanleentzako konfinamendu gomendioak eragin ebazan bentzenoaren larritasunaren aurrean. Kantzerigeno lez sailkatutako substantzia da.

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatu andreak azpimarratu dauenez, agerraldiko gaien ganean bere sailak ez dauka legezko eskumenik ezta kontrolerako gaitasunik be. Atutxa Lejarretak Aidearen Kalidadeari buruzko 34/2007 Legean eta 102/2011 Errege Dekretuan oinarritu dau Foru Aldundiaren eskumenik eza. Araudiok Estaduari, autonomia-erkidegoei eta udalei esleitzen deutsee atmosferari buruzko kudeaketea, neurketea eta informazino publikoa. Diputatu andreak zehaztu dauenez, Aldundiak ez dauka neurketarako estazinorik, eta ez eban Petronorren edo Eusko Jaurlaritzaren informazino ofizialik jaso, ez zalako aktibau Aldundiaren esku-hartzea eskatzen eban ezelango alerta instituzionalik.

Richar Vaquero Morenok instalazinoen narriadurea salatu dau eta findegian igesek jarraitzen dabela eta horrek osasunerako egon daitekezan arriskuen aurrean herritarren “babesbakotasun” sentsazinoa sortzen dauela esan dau. Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak zalantzan jarri dau Petronorren jarraipenerako mahaiaren jarduerea. Izan be, 2016an Batzar Nagusietan ikuskapenerako eta kontrolerako organu hori aho batez onetsi zan arren, ez dago jasota 2019tik batzartu danik.

Raúl Méndez Urigoitia EH Bilduko batzordeko bozeroaleak kritikau egin dau Aldundiak “ikusle” rolari eustea eta gertakari horreen barri prentsaren bidez izatea, eta “lurraldeko kudeatzaile” lez jarduteko eta segurtasun arloko inbertsino gehiagoren eta detekzino goiztiarreko sistemen truke erakundeek Petronorri emoten deutsien laguntzea baldintzatzeko eskatu deutso Aldundiari. Ganera, foru erakundeak ingurune naturalean daukan eskumena bere gain hartu daiala proponidu dau, lurzoruen, uren eta landarediaren laginketak eginez, bentzenoak ekosisteman dauen eragin metatzailea eta kronikoa ebaluetako, Eusko Jaurlaritzak egiten dituan aidearen neurketa puntualak osatuz.

Bere bigarren esku-hartzean foru diputatuak ez ditu onartu asertibidade falteari buruzko kritikak, eta Aldundiak eskumenen esparrua zorrotz errespetau behar dauela defendidu dau, erakundeen “nahasketea” saihesteko, erantzukizun zuzena enpresarena eta Eusko Jaurlaritzarena dalako. Aldundiko ordezkariak adierazo dauenez, bere saileko zerbitzu teknikoek modu egokian jarduten dabe ingurune naturala babesten, eta bere eskumeneko eremuetan egindako ikuskapenetan ez da ezbeharraren ondoriozko ezelango eraginik hauteman.

Modu berean, ingurumen-inpaktuaren ebaluazinoak eta aidearen eta uraren kalidadearen zainketea Eusko Jaurlaritzari jagokozala azpimarratu dau, eta gogorarazo dau gaia zehatz-mehatz landu dabela Eusko Legebiltzarrean Lehendakariak eta Osasun eta Ingurumen sailek, eta daborduko bere protokoloak barrikusteko eta gorabehera horreen jatorriari buruzko azterlana egiteko eskatu jakola Petronorri.