ERREKALDEKO SAIHESBIDEAREN ERAIKUNTZAK “ITZELEZKO” ARAZO TEKNIKOAK EKARRIKO DITU
- Carlos Alzaga Sagastasoloa diputatuak EH Bilduk eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian adierazo dauenez, Fango eta Basurtu inguruek jasango dituen eraginak “garrantzitsuak” izango dira lanek iraungo daben 6 urteetan, eta zuhur jokatu beharko da tunelak eregiteko orduan, zorupearen propiedadeak eta Elguera errekea eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen trazaua dirala eta.
- Oposizinoaren eretxiz tamalgarria da Aldundiak aurkeztutako kronograma barriak “laster jota” 2034. urtean amaituta egongo dan saihesbidearen amaierea bizpahiru urtez luzatzea ekartea.
(Bilbon, 2026ko urtarrilaren 27an) Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak “itzelezko” erronka teknikotzat jo dau Errekaldeko saihesbidearen etorkizuneko eraikuntzea. EH Bilduk eskatu dauen agerraldian Carlos Alzaga Sagastasoloa Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan emon dituan datuen arabera, zoruaren eraketak eta bizitegi guneen gertutasunak, “laster jota” 2034. urtera arte amaituko ez dan luzaroko betearazpen egoerea aurreikusten dabe.
Proiektuaren egutegian aldaketak izan dira, informazino zehatza eta hirugarrenen baimenak batu behar izan diralako. Idazketa-kontratua bederatzi hilebetez luzatu eta gero, eraikuntza-proiektua 2027ko irailaren 1ean amaituko dala uste da. Ondoren, ingurumen-izapidetzerako eta jente-aurrean jarteko faseari ekingo jako, 2028ko zezeilera edo martxora arte. Diputatuak adierazo dauenez, eraikuntza proiektua eskuan izanda (2028ko bagila) lanak lizitau eta esleitu ostean eraikuntza epea sei urtekoa izango da, eta lanen amaierea 2034an helduko da. Horren ostean bakarrik ekin ahal izango jako egungo zubibideak erasteari.
Esku-hartzeak sentsibilidade tekniko handiko hainbat puntu zeharkatuko ditu. Diputatuak azpimarratu dauenez, obrak “itzelezko arazo teknikoak” izango ditu. Horreen artean, Uretamendi eta Betolaza inguruak nabarmentzen dira, bertan 50eko eta 60ko hamarkadetan eregitako eraikinak kalidade txikiko meatze-betelanen gainean dagoz-eta. Tunelak egitura horreen azpitik igaroteko azterlan zehatza egin behar da, lurrean segurtasun-mugak gaindituko dituen mobimentuak saihesteko.
Bestalde, Elguera errekaren presentziak (Iturrigorri kalearen azpitik) bai oinplanoan, bai altueran desbideratze bat egitera behartuko dau; ganera, lurpeko uraren mailea (maila freatikoa) kudeatuko da, eremuko zimenduetan eta bertako biztanleen aparkalekuetan eraginik ez sortzeko. Puntu horretan, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen trazadureari be erreparau beharko jako, proiektautako tunel bien paraleloan egingo da-eta.
Beste gune “kritiko” bat Gaztelondoko alondegiaren inguruan egongo da. Bertan, Santanderrerako bidean dagoan tunel faltsua etxebizitza eta eraikin berezietatik gertu egoteak lehergaien erabilerea baldintzatuko dau, eta zarataren eta harrien proiekzinoen kontrako pantaila babesleak instaletea eskatuko dau.
ERAGINAK HERRITARRENGAN
Basurtu eta Fango inguruetako biztanleek jasango ditue ondoriorik handienak egikaritze-aldian. Masustegi inguruan kale nagusia itxita egongo da lanek irauten daben sei urteetan, eta egoiliarrak eta erabiltzaileak trafikoko “oso itzulinguru handiak” egin beharko ditue.
Ganera, Fangoko kirol-instalazinoak eraginak jasango ditue. Tuneletako sarrera-puntuetako obrek (ahokadurak) kirol-zelaien zati bat okupetea ekarriko dabe. Horreek itxita edo eraginen menpe egongo dira eraikuntza-fase osoan.
Aldundiak azpimarratu dauenez, soluzino teknikoak bilatzen ari dira herritarren ganeko eraginak ahalik eta txikienak izan daitezan, baina onartu dau mobikortasunean eta ingurunean izango dauen eragina saihestezina izango dala, obren tamainea dala eta.
Raul Mendez Urigoitia EH Bilduko ordezkariak, bere aldetik, Errekaldeko herritarrentzat “zaplasteko” lez kalifikau ditu aurkeztutako epe barriak. Koalizinoak obraren konplexutasun tekniko itzela onartzen dauen arren, Mendezek salatu dau 2034an bukatzeko datak “bi eta hiru urte arteko” atzerapena dakarrela, 2022an emondako aurreikuspenakaz alderatuta.
Batzordekideak gogora ekarri dauenez, proiektua “lehentasunezko jarduketa” izentau zan aurreko legealdian, eta, hori dala eta, Aldundiari eskaria egin deutso, eraikuntza proiektuaren amaierea 2027ko irailera arte atzeratzen dauen eta, ondorioz, zubibidearen behin betiko eraispena bere atzeratzen dauen “urterokoen lerradura” hori justifikau daian.
FORU DEKRETUAK
Aldundiak berak abenduan onartu ebazan foru dekretu bien barri emon deutso Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako batzordeari. Dekretu horreek, alde batetik, Bizkaiko lurralde historikoko errepide jakin batzuk erabilteagaitik merkantziak garraiatzeko ibilgailu astunek ordaindu behar daben kanonaren zenbatekoa ezarten dabe, Europako Batzordeak baimentzen dauena baino “txikiagoa”, hain zuzen be; eta, bestetik, 2026rako AP-8aren, Artxandako Tunelen eta Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren ganeko bidesariaren zenbatekoak be ezarten ditue.
EGUZKI PLAKAK AVANZADAN
Beste alde batetik, batzorde berak ez dau onartu EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Bizkaiko Foru Aldundiari eskaria egiteko, Leioako Udalak Avanzadan hasiera baten instalau behar ebazan eguzki plakek sortzen daben energia soberakina erabili daian. Ekimena ez da onartu, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek kontrako botoa emon dabelako. Hiru talde horreek baieztu dabenez, udalerriak eskari formala egin deutso Aldundiari, behar dan berme “teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa” eukiko dauen soluzinoan laguntzeko. Bizkaiko Talde Popularra, bere aldetik, abstenidu egin da.