BATZARKIDEEK ETA FORU PARLAMENTUKO BEHARGINEK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO BARDINTASUNEKO II. PLANAREN BALANTZEA EGIN DABE

  • Bizkaiko parlamentuko bardintasunerako taldea agintaldi honetan Batzar Nagusiak desegin aurretik azkenengoz batzartu da.
     
  • Jardunaldia, 2025era arte urtean hobetzeko 65 ekintza jasoten dituan Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planaren barruan dago.

 

(Bilbon, 2023ko martiaren 23an) Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Planak etapak erretzen jarraitzen dau. Batzarkideek eta Parlamentuko beharginek agintaldiko azkenengo batzarra egin dabe gaur Bilboko egoitzan, eta, bertan, ondorioak atera eta gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren aldeko ibilbide orrian gauzatutako ekintzen balantzea egin ahal izan dabe. 

Bardintasunean oinarritutako parlamentuaren eta gizartearen aldeko jarduerak ez dira hauteskunde garaian geldituko, baina maiatzetik aurrera, hauteskundeen ostean, Batzar Nagusietan bardintasunaren arloan lan egingo daben protagonistak aldatu ahal izango dira. Batzar Nagusietako bardintasun taldeak talde politiko guztietako ordezkariak eta Parlamentuko beharginak ditu.

2022-2025 aldirako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana aho batez onartu zan igazko urtarrilean. Dokumentuan, lehen plana indarrean egoala erakundean egiten ziran bardintasunaren arloko jardunbide egokiakaz jarraitzera eta ekintza barriak sartzera bideratutako estrategiak jasoten dira. Bizkaiko Batzar Nagusietako II. Bardintasun Plan horrek hobetzeko 22 helburu eta 65 ekintza jasoten ditu, hiru jarduketa eremutan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Gizarte Eragina) eta zortzi ildo estrategikotan banatuta. Ildo horreen artean, besteak beste, genero-ikuspegiaren integrazinoa, bardintasun ikutua izango dauen beharginen kudeaketea, komunikazinoa, emakumeen ahalduntzea, indarkeria matxistaren kontrako burrukea eta zainketen aintzatespena sartzen dira.