BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK ETA BATZAR NAGUSIEK ‘FORU BIZIA’ ANTZERKI-IKUSKIZUN IBILTARIA AURKEZTU DABE FORU BARRIAREN 500. URTEURRENA OSPATZEKO

(Bilbon, 2026ko urriaren 20ean). Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek batera antolatu dabe ‘Foru Bizia’ kale-antzerkiko proposamen ibiltaria, parte-hartzailea eta komunitarioa, Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrena (1526-2026) ezagutzera emoteko eta modu ludikoan ospatzeko. Hortzmuga Teatroa konpainiak sortutako ikuskizuna erakunde biek bultzatutako oroitzapeneko ekintzen egitarauaren parte da, eta iraganerako bidaia kolektibo handiaren agertoki bihurtuko dau Getxoko, Santurtziko, Ermuko eta Arrigorriagako espazio publikoa.

Foru Barria jatorriz ohituratik eta partekatutako berbatik sortu zan, baita herritarrek euren bizimodua eta antolatzeko modua personen bizitzatik bertatik abiauta eregiten joan eben modutik be. Idatzi zanetik bostehun urtera, memoria bizi hori liburuetatik urtengo da eta kaleetara itzuliko da, herritarrakaz batera modu kolektiboan kontetako eta ospatzeko. Horretarako, ‘Foru Bizia’ lanak iragana eta oraina lotzen dituan jai partekatua proponiduten dau, antzerki-emonaldiak, euskal dantzak, abesbatzak, zuzeneko musikea eta egitura mobikorrak uztartuta. Bertaratutako publikoak emonaldia ikusi ez ezik, ibilbidean lagun egingo dau eta udalerri bakotxean modu komunitarioan eregiten dan ospakizunean modu aktiboan parte hartuko dau.

Álex Antúnez, Mar García Serrano, Gabriel Ocina eta Maite Fombellida aktoreek osatuko dabe eszenatokiko talde profesionala. Talde artistikoa Nerea Vesga eta Ibon Huarte dantzariakaz osotuko da, baita Ander Blascoren zuzeneko musikeagaz eta Píxeles Muertos DJagaz (Beñat de la Ripa) be.

Jai-ibilbidea lau egunetan egingo da urriaren eta zemendiaren artean, bertako kultura-alkarte desbardinen zuzeneko inplikazinoagaz. Oroitzapen-ibilbidea Getxon hasiko da urriaren 24an eta Arrigorriagan amaituko da zemendiaren 14an, urriaren 30ean Santurtzitik eta zemendiaren 7an Ermutik igaro ostean. Emonaldi guztiak 19:30ean hasiko dira eta ordu erdi inguru iraungo dabe.

  • Getxo (2026ko urriak 24): Ibilbidea Bizkaia Zubiaren inguruetan hasiko da eta Kale Nagusitik, Geltokiaren Plazatik eta Ibaiondotik igaroko da, Santa Eugenia Plazan amaitu arte. Jardunaldi horretan, bertako Zozoak Abesbatzak, Zasi Eskola Dantza Taldeak eta Berantzagi Dantza Taldeak hartuko dabe parte.
  • Santurtzi (2026ko urriak 30): Ibilbide ibiltaria Portuan hasi eta Parke Nagusiko eremuan amaituko da. Maitia Abesbatza eta Santurtzi Kantari, Bihotz Gaztea Dantza Taldea, Zugaitza Dantza Taldea eta Mendi Alde Dantza Taldea alkarteen lankidetzea izango dau.
  • Ermua (2026ko zemendiak 7): Emonaldia Orbe Kardinala Plazan hasi eta amaituko da. Herriko Txindurri eta Pispillu Dantza Taldeek hartuko dabe parte.
  • Arrigorriaga (2026ko zemendiak 14): Bidaiaren azken geltokiak Arrigorriagako Pergola eta Argalaren Enparantza edo Udaletxeko Plaza zeharkatuko ditu. Aritz Berri Dantza Taldeak eta Eki Eder Abesbatzak hartuko dabe parte.

Oroimen kolektiboan zeharreko ibilbide horregaz, Bizkaiak Forua jaio zan lekura konbidatu gura ditu herritar guztiak, kaleak eta bertako jentearen bizitzea gure egunetara ekarriko dituan ospakizun herrikoiagaz bat egitera.

Foru Barriaren V. mendeurrena urte osoan zehar dabil ospatzen hainbat ekitaldi akademiko, instituzional, kultural eta hezitzailegaz. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatzen dituen jarduera horreen helburua 1526an onartutako Foru Erreformauaren garrantzi historikoa eta garaikidea herritarrei hurreratzea da.