BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK HAMARGARREN URTEURRENA BETETEN DAUEN EHU-KO ZERAMIKA MASTERREKO IKASLEEN “LOHIA” ESKULTURA-ERAKUSKETEA HARTU DABE
- EHUko Arte Ederretako Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterreko 15 ikaslek materia primitiboenaren (buztina) adierazpen-oztopoak apurtzen dituan talde-erakusketea aurkeztu dabe.
- Garagarrilaren 18ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzarretako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.
(Bilbon, 2022eko garagarrilaren 5an). Garagarrilaren 18ra arte, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arte Ederren Fakultadeko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterra egiten ari diran 14 ikaslek euren azkenengo lanak erakutsiko ditue Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa-aretoan, LOHIA izenburupean. Artistetako batek dinoen lez, kontzeptu horrek gure paisajeak beteten ditu eta giza ingurunearen eta ingurune naturalaren aniztasunagaz hartu-emonetan jarten gaitu.
Buztinen eta prozedura zeramikoen aukera mugabakoak aztertzen dituan proposamen pertsonal sorta bat batzen dau erakusketak, alkarrizketa iradokitzailean oinarrituta. Leioako campusean emoten dan graduau osteko ikastaro espezializau honetako hamargarren promozinoko (2021-2022) kideak dira protagonistak: Mariana Vecchiola, Alicia Tenorio Jiménez, Lora de Tormes, Amaia Saenz de Magarola, Joey Ordóñez, Naia Mira Palacios, Sergio Daneri M- Guzmán, Daniel Lozano, June Larzabal Sanz, Violeta Infante Inzunza, Ikerne Ilarregi Martiarena, Estel Falgás Camps, Jesús Castillo Ballesteros, Jone Blasco Gromaz eta Eba Barrio.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak inaugurau dau gaur erakusketea, artista gehienakaz eta José Mari Herrera masterraren arduradun eta erakusketaren komisarioagaz batera, Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilboko erdigunean daukien erakusketa-aretoan. Ikusgai dagozan lanek urtero harritzen gaitue “sormen handiagaz eta guztiz desbardinak diran lanakaz, material zeramiko horren aberastasun handia erakutsiz”, goraipatu dau materialak emoten dauen aldakortasun handiagaz harrituta geratu dan Otaduik. “Harrigarria da materia beragaz hainbeste gauza desbardin egin ahal izatea.”
Ikasturte akademikoari amaierea emoteko antolatuta, LOHIA “eskultura eta zeramikazko diseinu kontzeptu barrienaren barruan dagoan proposamena da”. Erakusgai dagozan dozenaka piezak azken urtean egindako prozesu “sortzaile, esploratzaile eta esperimentalen” parte dira. Prozesu horreei esker, egileek “prestakuntza-esperientzia integralak lortu ahal izan ditue, eta zeramika garaikidearen arloan askoz aukera zabalagoetara zabaldu dira”, laburbildu dau Carmen Marín irakasleak katalogoaren koadernuan bertan. Artista bakotxa, bere nortasunaren arabera, “materian, forman, espazioan edo kontzeptuan zentrau da, ordena figuratiboko edo abstraktuko lengoaiak hainbat formatutan erabiliz”, gehitu dau.
Erakusketea Bizkaiko Batzarrek EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz orain hamarkada batetik daukan akordioaren parte da, Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko. Batzar Nagusiek uriaren erdigunean daukien erakusketa aretoa lagatzen dabe, lana Bizkaiko ikusleengana errazago gerturatzeko. LOHIA erakusketea garagarrilaren 18ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera librea izango da.