ERAKUNDE ADIERAZPENA, UKRAINAKO GERREA DALA-ETA

1.- Irmotasun osoz arbuiatzen ditugu Errusiako Federazinoak Ukrainan egindako ekintza militarrak. Nazinoarteko zuzenbidea modu larrian urratzen dabe eta justifikazino barik erasoten ditue Europako segurtasuna eta egonkortasuna.

2.- Indarkeriak berehala etetea eta Errusiako armada Ukrainatik erabat erretiratzea eskatzen dogu. Ukrainaren subiranotasuna eta lurralde osotasuna erabat babesten eta errespetatzen ditugula baieztatzen dogu, eta Minskeko akordioetara itzultzeko deia egiten dogu.

3.- Ukrainari eta bere herriari gure alkartasun eta maitasun guztia erakusten deutsegu. Bizitzen galerea deitoratzen dogu eta helarazo egin gura deutsegu atsekabeturik gagozala biktimakaitik eta herritarren alferreko sufrimenduagaitik. Sentimentu hori gure herrialdean bizi dan ukrainar komunidadera zabaltzen dogu.

4.- Europar Batasunari eskatzen deutsagu, nazinoarteko komunidade osoagaz koordinatuta, beharrezko laguntza finantzarioa eta humanitarioa emon deiela Ukrainari eta ukrainarrei. Larrialdiko erantzun humanitarioan ahaleginak areagotzea eskatzen dogu. Errusiari gogorarazten deutsagu nazinoarteko zuzenbide humanitarioa errespetatu egin behar dauela.

5.- Europar Batasunari eskatzen deutsagu ahalik eta lasterren antolatu daitela, eraso militar horrek eragindako errefuxiatuak ahalik eta baldintzarik onenetan hartzeko.

6.- Errusiako Federazinoari irmoki eskatzen deutsagu nazinoarteko legedia errespetatzeko, armak lagateko eta bide diplomatikoetara itzultzeko.

7.- Europar Batasunari eskatzen deutsagu ahalegin handiagoa egin daiala deseskalatzera eta bakeari eustera bideratutako kudeaketa diplomatikoak bultzatzeko.

8.- Eskatu egiten dogu jarraitu daitela ukrainar errefuxiatuei gure herrialdean harrera egiten, Autonomia Erkidegoakaz eta Toki Erakundeakaz koordinatutako planean.