BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIAK 1937KO BONBARDAKETATIK BIZIRIK URTEN EBAN GERNIKAKO ARBOLEAREN XILOGRAFIA EMON DEUTSO GARAIKOETXEA LEHENDAKARIAREN FAMILIARI

(Gernikan, 2026ko garagarrilaren 29an). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak 1937ko bonbardaketatik bizirik urten eban Gernikako Arbolearen xilografia entregau deutse gaur demokrazia garaiko lehenengo Lehendakaria izan zan Carlos Garaikoetxea Urrizaren senideei. Ekitaldia gaur egungo Gernikako Arbolearen ondoan egin da, eta, horren ondorioz, behin betiko itxi da Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaritzak azkenengo mende erdian Eusko Jaurlaritzaren ardurarik handiena izan daben personei egindako oparien zikloa.

Lan honen entregak garrantzi instituzional handia izan dau, Garaikoetxearen ibilbidea balio historiko eta emozional handiarengaitik nabarmentzen dan pieza baten bidez aintzatestea bilatu izan dauelako. Xilografiak, orain 89 urte foru uribilduak jasan eban bonbardaketa suntsitzaileari aurre egin eutsan haretx "zaharraren" enborraren profila erakusten dau. Lehendakariaren alarguna, Sagrario Mina, eta Carlos bere semea, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza ofizialera joan dira, 2004. urtean bere bizi-zikloa amaitu eban haretxaren profila erakusten dauen irudia jasoteko.

Euskal herriarentzat, Gernikako Arbolearen ale honek funtsezko garrantzia izan dau, historikoki euskal askatasunen sinbolo garbitzat hartu izan dalako. 1937an Foru Uribilduak jasan eban erabateko suntsipenetik bizirik irauteko izan eban gaitasunak erresilientziaren ikono eta herrialdeko erakunde demokratikoen jarraitutasun izaerea indartu eban.

Keinu horregaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek, aurton Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzetan izan diran entregen seriea osotu dabe. Lehenengo xilografia Imanol Pradales Gil Lehendakariak jaso eban joan dan apirilaren 26an, Gernikan, bonbardaketearen urteurrenean. Ondoren, gauza bera egin eben Iñigo Urkullu Renteria Lehendakariak Gerediagako Batzar Etxean eta Patxi López Álvarez Lehendakariak Abellanedako Batzar Etxean. Zirkulua amaitzeko, Juan Jose Ibarretxe Markuartu Lehendakariari gorazarre egin jakon eta, oraintsuago, xilografia bera emon jakon Jose A ntonio Ardanza Garro zanaren familiari joan dan garagarrilaren 15ean egindako ekitaldian.