BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK SUIZIDIOA PREBENIDUTEKO BALIOKO DAUEN BURU-OSASUNARI BURUZKO AZTERLANA ESKATU DAU
- Batzar Nagusietako taldeek, gizarte-zaurgarritasun faktoreak identifikauko dituan eta erakundeen arteko koordinazinoa indartuko dauen ikerketea bultzatzea adostu dabe.
- Gaur be, Gernikan egindako osokoan, Bizkaiak gehiengoaren babesa emon deutso migratzaileen ezohiko erregularizazino prozesuari.
(Gernikan, 2026ko martiaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak Foru Aldundiari gizarte-ikuspegitik buru-osasunari eta suizidioaren prebentzinoari buruzko azterlan sakona egin daiala eskatzeko erdibideko zuzenketa-eskea onartu dau gaur. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeek sinatu daben ekimenaren helburua lurraldeari talde zaurgarrietan detekzino goiztarra eta esku-hartzea hobetzeko tresna zehatzak emotea da. Zuzenketa-eskeak aldeko 34 boto (aitatutako hiru taldeenak eta Bizkaiko Talde Popularrarenak) eta EH Bilduren 13 abstentzino jaso ditu.
Akordioa, Foru Aldundiari zuzenduta dagozan lau puntutan dago egituratuta. Lehenik eta behin, ekitaldi honetan azterlan sozial eta prebentibo bat egitea eskatzen da, arrisku-faktoreak identifiketako, sektoreko profesionalen eta erakundeen parte-hartzeagaz. Bigarren puntu lez, suizidioa prebeniduteko ildo espezifiko bat ezartea jasoten da, Suizidioa Prebeniduteko Euskadiko Estrategiagaz lerrokatuta. Horrez gain, Foru parlamentuak, hirugarren puntuan, egoera zaurgarrian dagozan kolektiboentzako etorkizuneko jarduketa ildoak aztertzea bilatzen dau gazteentzat, iraupen luzeko lanbakoentzat edo indarkeria matxistearen biktima diran emakumeentzat, prebentzinora zuzendutako Foru Planaren sorrerea bideratu ahal izateko. Azkenik, foru-eskumenen barruan koordinazino soziosanitarioa indartzea eskatzen da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz lankidetzan.
Eztabaidan, jatorrizko mozinoa proponidu dauen Richar Vaquero Morenok (Elkarrekin Bizkaia) azpimarratu dau ongizate emozionala oso lotuta dagoala enpleoa edo desbardintasuna lako faktore sozialakaz, eta azterlan horri esker erakundeek erabagi hobeak hartu ahal izango dituela defendidu dau, arlo horretan zuzenean behar egiten daben eragileen ezagutzea kontuan hartuta.
Begoña Gil Llanosek (Euskal Sozialistak), bere aldetik, gazteen eta emakumeen arteko patologien gorakadea ikusita buru-osasuna “lehentasun instituzionala eta betebehar morala” dala adierazo dau, eta azpimarratu dau garrantzitsua dala komunidadeko bizitzan oinarritutako arreta pertsonalizau eredurantz aurrera egitea.
Bukatzeko, Yolanda Fika Lópezek, zuzenketa-eskea sinatu dauen Euzko Abertzaleak hirugarren taldearen izenean, gaur egungo ezegonkortasun ekonomiko eta sozialak, zeharkako erantzun koordinaua eskatzen daben antsiedade egoerak sortzen dituala azpimarratu dau. Fikak azpimarratu dauenez, beharrezkoa da umezarora eta nerabezarora modu berezian zuzentzea, osasun publikoaren kontrako faktoreak garaiz detektetako.
Sinatu ez daben taldeen txandan, Urtzi Ostolozaga Urrienek (EH Bildu) estigma sozialari aurre egiteko eskatu dau, batez be adinbakoei jagokenez, eta zeharkako genero ikuspegia be eskatu dau, OMEren arabera emakume izatea arrisku faktorea dala gogora ekarri eta gero. Bere taldea bozketan abstenidu aurretik, bere buruaz beste egitea gazteen artean heriotzen kausa nagusietakoa dala esan dau, eta eskola kirola lako determinatzaileetan eragina izango dauen eredu komunitarioa defendidu dau.
Bukatzeko, Bizkaiko Talde Popularrak babesa emon deutso ekimenari. Raquel González Díez-Andino bozeroaleak egiturazko erronkatzat jo dau buru-osasuna, konpromiso iraunkorra eskatzen dauelako, eta ez unean uneko erantzunak. Bizkaian urtero dagozan 75 suizidioen “dramaz” ohartarazo dau, eta ondoizate emozionala gizarte faktoreek baldintzatzen dabela azpimarratu dau, laneko prekariedadeak edo bakardadeak, besteak beste.
GEHIENGOAREN BABESA MIGRATZAILEEN EZOHIKO ERREGULARIZAZINO PROZESUARI
Bizkaiko Batzar Nagusiek, aldeko 42 botogaz eta Bizkaiko Talde Popularraren kontrako bigaz, migratzaileen ezohiko erregularizazino prozesua babesten dauen mozinoa onartu dabe. Ekimenak oinarrizko eskubideak, giza duintasuna eta lurralde-kohesinoa bermatzeko ezinbesteko aurrerapen demokratikotzat hartzen dau neurri hori.
Hartutako erabagiak hainbat arlo estrategikotan jarduteko eskatzen deutso Bizkaiko Foru Aldundiari. Lehenik eta behin, erakundeen laguntzea eskatzen da, prozesua eraginkortasunagaz, koordinazinoagaz eta segurtasun juridikoagaz gauzatuko dala ziurtatzeko. Modu berean, Batzar Nagusiek lan-orientazinoko eta -aktibazinoko zerbitzuak indartzea eskatzen dau, Eusko Jaurlaritzagaz lankidetzan, erregularizautako personak lan-merkau formalean benetan sartu daitezan lagunduz.
Mozinoan, gizarte erakundeakaz lankidetza aktiboa izatea be aurreikusten da, sustraitzea egiaztetako eta migratzaileen gizarteratzea, ekonomia eta kulturea bultzatzeko neurriak sustatzeko. Azkenik, berretsi egiten da Parlamentuak errazakeriaren eta xenofobiaren kontra daukan konpromisoa, migrazinoa modu kolektiboan kriminalizetako edozein modu baztertuz.
Richar Vaquero Moreno Elkarrekin Bizkaia taldeko ordezkariak, ekimenaren egileak, defendidu dauenez, erregularizazinoa ez da arazoa, lurraldean daborduko egiturazkoa dan errealidadearen aurrean “konponbidearen parte” baino. Azpimarratu dauenez, administrazino arloko eskubiderik ez egoteak zaurgarritasuna kronifiketan dau eta plangintza publikoa zailtzen dau. Horregaitik, Vaquero erakundeen babesaren aldekoa da, funtsezkoa dalako “besteen hauskortasunaz balietan diranei espazioak ixteko”, abusuak eta ezkutuko ekonomia murriztuz. Bozeroaleak adierazo dauenez, prozesua Bizkaiak bardintasunean oinarritutako bizikidetzea defendiduteko eta herritar barriak eskubideen titular lez autortzeko aukerea da.
ONARTU EZ DIRAN EKIMENAK
Beste alde batetik, osokoak ez ditu onartu Batzar Nagusietako saioan landu diran beste lau ekimen. Mobikortasunari jagokonez, ez da onartu Foru Aldundiari 2026. urtea bukatu baino lehen Bizkaiko garraio publikoaren tarifa sistemearen aldaketea ezarteko eskatzen eutsan EH Bilduren mozinoa. Onartu ez dan ekimenak, lurraldeko eskualde guztietan eztabaida pedagogikorako eta informazinorako espazio edegiak sortzea be proponiduten eban.
Ekonomiaren arloan, Osokoak ez dau onartu kolektibo autonomoaren aintzatespen estrategikoa eta erakunde arteko lan mahai iraunkorra sortzea planteetan eban Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako mozinoa. Onartu ez diran neurrien artean honeek nabarmendu dira: lehenengo urtean proiektu barrietarako “0 kuotea” ezartea, Gobernu zentralari BEZean frankizia erregimena apliketako eskatzea eta betebehar fiskaletan “akatserako eskubidea” autortzea, zehapen espedienteak edegi aurretik zuzenketak egin ahal izateko.
Etxebizitza-politikari jagokonez, ez dau aurrera egin Foru Aldundiari gehienez be sei hilebeteko epean Etxebizitzaren Foru Plana egitea eskatzen eutsan talde horrek berak bultzatutako ekimenak. Onartu ez dan testuak ezohiko neurri fiskal sorta bat jasoten eban, horreen artean errentatzaileen errenten % 100eko hobaria hiru ekitalditarako, 35 urtetik beherakoen alokairuarengaitiko kenkariak handitzea eta ohiko etxebizitzea erosteari lotutako zergak % 50eko murriztea.
Azkenean, eztabaidatutako arauz besteko proposamen bakarra, kanpoko enpresa independente bati Bizkaiko Umeen Zerbitzuaren ebaluazino integrala egitea agindutea eskatzen eban Bizkaiko Talde Popularrarena, be ez da onartu. Proposamenaren bidez, beharginen, antolamenduaren, baliabideen eta zerbitzuko espazioen egungo beharren inguruko diagnostiko tekniko eta objektiboa egin gura zan.