BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK BANANDUTAKO GURASOENTZAKO ZERGA-ORDAINKETA BATERATUA ALDATZEA ERABAGI DAU, ERRENTEAREN AZKENENGO KANPAINAN ANTZEMANDAKO BIDEBAKOKERIAK EZABATZEKO
- Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek baiezkoa emon deutsie igaz onetsi zan zerga-barrikuspenaren ostean banandutako familiei eragindako kalte ekonomikoak zuzenduko dituan eta 2025eko urtarrilaren 1etik atzeraeraginezko izaereagaz indarrean sartuko dan PFEZaren aldaketeari. Boto partikularra aurkeztu dauen Bizkaiko Talde Popularrak erespenaren kontra bozkatu dau, eta EH Bildu abstenidu egin da.
- Osokoaren eguneko gai zerrendan, errentearen ganeko zergakaz, etxebizitzarako zerga-neurriakaz eta zerga-aldaketakaz erlazionautako hainbat arau proposamen eta dekretu be sartu dira. Horrez gain, Batzar Nagusietako taldeek Bizkaiko foru parlamentuan onartutako ekimenak Foru Aldundiak zenbateraino bete dituan aztertzen dauen txostena eta interes publikoko gaiei buruzko hainbat mozino eztabaidatu ditue, adibidez Eta meatze-ondarearen eta fundazinoen kudeaketeari, garraioari eta persona nagusien babesari buruzkoak.
(Gernikan, 2026ko urriaren 21ean). Gaur Gernikan egin dan eta gai zerrendean bederatzi ekimen parlamentario eukazan Bizkaiko Batzar Nagusien osokoak behin betiko onartu dau Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) buruzko gabonilaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 98. artikuluaren aldaketea. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek batera sinatutako erdibideko zuzenketa-eskean oinarritutako Ogasun eta Finantza Batzordearen erespenak hiru talde horreen aldeko botoa, Bizkaiko Talde Popularraren kontrakoa eta EH Bilduren abstenzinoa jaso ditu. Onartutako aldaketak banandutako edo dibortziautako familiei 2025eko zerga-barrikuspenaren ostean sortutako eta azkenengo Errentearen kanpainearen ondorioz ezagutzera emondako kalte ekonomikoak eta gorabeherak konpontzea bilatzen dau.
Osokoaren gai zerrendeak hasieran foru arau proposamen independente biren eztabaidea eta bozketea ezarten ebazan: Bizkaiko Talde Popularrak erregistrautako ekimen bat eta EH Bilduk planteautako beste bat. Proposamen bien aurrean, 2025eko zerga-barrikuspena adostu eben Batzar Nagusietako beste hiru taldeek (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) erdibideko zuzenketa-eskea aurkeztu eben batzordean, eta gaur amaitu da osokoan Batzar Nagusietan egin dauen ibilbidea. Testuak tributazino bateratuan sartzeko erespideak malgutzen ditu ekidade fiskaleko premisetan oinarrituta, zerga-onurak seme-alaben mantenua benetan bere gain hartzen dauenak jaso daizan, eta beren beregi ezarten dau 2025eko urtarrilaren 1etik atzeraeraginez aplikauko dala, ekitaldi honetan egin diran zerga-likidazinoak babesteko.
Lehenengo, aldaketeak seme-alaba bakotxeko hilean 235 euroko elikagai-pentsinoaren muga objektiboa ezarten dau; muga horren azpitik —edo ordainketea guztiz egin ezean— ulertuko da seme-alabak zaintzen dituan gurasoak hartzen dauela bakarrik bere gain mantenu ekonomikoa. Horrez gain, proba-bideak sinplifikau egiten dira, iruzurraren kontrako babesa daben erreklamazino-demanda judizialak edo zinpeko deklarazinoak onartuz. Zaintza partekatuko kasuetan, aldeetako batek bizikidetzako gastu arruntak beteten ez baditu, onura fiskalari heldu ahal izango jako, aldez aurretik egiaztapen judiziala badago. Azkenik, indarkeria matxistearen edo etxeko indarkeriaren biktima diran emakumeak soilik manteniduten dirala probau beharra salbuesten da, babesbakotasun-egoerak saihesteko. Arau-aldaketak erregelamendu bidez proba-bide gehigarriak sartzeko aukerea barne hartzen dau.
BATZAR NAGUSIEN AGINDUEN BETETEA
Jarraian, Ager Izagirre Loroño Administrazino Publikoko eta Erakunde Harremanetako foru diputatuak 2023ko irailaren 1etik 2026ko irailaren 1era bitartean onartutako ekimen parlamentarioak zenbateraino bete diran jasoten dauen txostena aurkeztu dau. Bere esku-hartzean zehaztu dau barritasun lez Bizkaiko Foru Aldundiak guztira 33 ekimenen —15 arauz besteko proposamen eta 18 mozino— jarraipena egin dauela, aurreko txostenean baino 11 ekimen gehiagorena. Aldundiko arduradunak azpimarratu dau onartutako aginduen % 100 martxan jarri dala; oraingo balantzean 14 ekimen guztiz amaituta, 15 gauzatze-fasean eta 4 prestaketa-fasean dagoz.
Oposizinoko taldeak, euren aldetik, bat etorri dira txostenaren zorroztasun faltea kritiketako orduan, oraindino egiteko dagozan lanak edo atzerapen esanguratsuak metatzen dituen ekimenak “bukatutzat” jo ditualako. Elkarrekin Bizkaiak zalantzan jarri dau azterlanak edo diagnostikoak egitea bakarrik betete formaltzat hartu izana, neurrien ondorengo jarraipen politikorik barik; Alderdi Popularrak, barriz, iraupen luzeko zainketak edo garraioak lako funtsezko arloetan aurreikusitako egutegietan etenbako atzerapena egon dala salatu dau, benetako gauzatzea ekintza eta data zehatzakaz egiaztetako eskatuz. Beste aldetik, EH Bilduk agintaldiaren azkenengo tartean onartutako ekimenen beteteari buruzko hutsunea saihesteko txosten osoa legegintzaldia amaitu baino lehen bialdutea eskatu dau, eta Politika Orokorreko Osokoaren ostean hartutako akordioak txertatzea aldarrikatu dau, euren garrantzi politikoa mozinoen eta arauz besteko proposamenen garrantziaren parekoa edo are handiagoa dala eretxita.
DAC 8 ETA KRIPTOAKTIBOAK
Euzko Abertzaleen, Euskal Sozialisten eta EH Bilduren aldeko botoakaz eta Elkarrekin Bizkaiaren eta Bizkaiko Talde Popularraren abstenzinoagaz, osokoak kriptoaktiboei buruzko informazino-trukeari jagokonez fiskalidadearen arloko administrazino-lankidetzeari buruzko aurreko zuzentarau bat aldatzen dauen Kontsejuaren 2023/2226 Europako Zuzentarauaren transposizinoa dan 3/2026 Foru Dekretu Arauemoilea be onartu dau.
Dekretuak, lehenengo eta behin, Bizkaiko Zergei buruzko Foru Arau Orokorra aldatzen dau, atzerriko ondasunei buruzko informazinoa emoteko betebeharra zabaltzeko —“kriptoaktibo” terminoa erabiliko da “txanpon birtualen” ordez—, finantza-kontuetan zor dan arreteari buruzko arauak Erkidegoko DAC 8 zuzentaraura egokitzeko eta eginbide hori ez betetearen ondoriozko zerga-arloko arau-hausteak tipifiketako. Horrez gain, Itxaso Berrojalbiz Zabala Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu dauenez, zerga-aldaketeak aktibo digital horreen erregistro- eta informazino-betebeharrak modu formalean arautzen ditu, zehapen-araubidea finkatzen dau, dokumentazinoa gordetzera derrigortzen dau eta norbanakoei euren datuak zerga-administrazinoari lagatearen barri emotea eskatzen dau.
ENERGIA ELEKTRIKOARI BURUZKO FORU DEKRETU ARAUEMOILEA
Horrez gain, osokoak Ekialde Hurbileko Krisialdirako Erantzun Plan Integralaren esparruan Balio Erantsiaren ganeko Zergan eta energia elektrikoaren ekoizpen-balioaren ganeko Zergan neurri jakin batzuk egokitzen dituan irailaren 24ko 4/2026 Foru Dekretu Arauemoilea berretsi dau. Dekretuak aurrera egin dau Euzko Abertzaleen, Euskal Sozialisten eta Bizkaiko Talde Popularraren aldeko botoakaz eta EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren abstenzinoagaz.
Ogasun eta Finantzetako diputatuak azaldu dauenez, dekretuan, 2026ko abuztuan eta irailean zehar 10 kW arteko kontratu elektrikoei, kolektibo kalteberei, gas naturalari, biomasari eta egurrari aldi baterako % 10eko tasa murriztua apliketea ahalbidetzen dauen babes mekanismoa ezartea lako neurriak sartzen dira, energiaren inflazinoak % 15 gainditzen badau. Horrez gain, Energia Elektrikoaren Ekoizpen-Balioaren ganeko Zergan 2026ko hirugarren eta laugarren hiruhilekoko ordainketa zatituetan zerga-oinarria kalkuletako gitxiagotzeak zabaltzen dira –% 30eko eta % 40ko murrizketakaz hurrenez hurren–, eta ganera zerga horren tasea 2027rako % 3,5ean eta 2028ko urtarriletik aurrera behin betiko eta mugarik barik % 0an finkatzen da.
ETXEBIZITZEARI BURUZKO ARAU PROPOSAMENA
Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu etxebizitza eskubidea bermatzeko tributuen arloko neurriei buruzko Foru Arau Proposamena aintzat hartzea. EH Bilduren ekimenak proposamena aurkeztu dauen taldearen eta Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoak baino ez ditu jaso, eta EAJ-PNVren, PSE-EEren eta Alderdi Popularraren kontrako botoek Batzar Nagusietan izapidetzeko onartzea eten dabe. Ekimenak lurzoruaren eta higiezinen erabilera espekulatiboari indarra kentzeko helburua eukan, soziedade alokatzaileei zerga-onurak kenduz eta jaube handiei, turismoko alokairuei eta eremu tentsionauetan indizeak gainditzen dituen errentei zerga-gainkarguak ezarriz.
ONARTU EZ DIRAN MOZINOAK
Osokoaren azkenengo zatian, lau itaunetatik eratorritako oposizinoko lau mozino eztabaidatu dira, eta guztiak baztertu egin dira foru gobernuari eusten deutsien taldeen kontrako botoakaz.
Lehenengoan, oposizinoko ganerako taldeen aldeko botoa jaso dauen Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztutako mozinoan hau eskatzen jakon Aldundiari: mendekotasuna daukien personei bero-boladen aurrean arretea emoteko zerbitzuen prestakuntzea eta giza baliabideak eta baliabide materialak ebaluetako; akatsak konpontzeko kronograma zehatza izango dauen jarduketa plana egiteko; eta zentroetako urteko ikuskapenetan Bero Planaren egiaztapena sartzeko.
EH Bilduk, bere aldetik, beste mozino baten, katalogauta dagozan burdin karbonatoak kiskaltzeko labeen ganeko kontserbazino politikea hasteko; ondare industriala babesteko espedienteak zabaltzea bultzatzeko, holangorik ez daukien labeetarako; eta Bizkaiko meatzaritzaren historiari buruzko dibulgazino ekintzak egiteko eskatu deutso Foru Aldundiari. Foru gobernuari eusten deutsien talde biek Aldundiari Sopuertako Udalagaz lankidetzan Catalina meategia berreskuratzeko beren beregi eskatzen eutsan osoko zuzenketa-eske bat aurkeztu dabe. Proposamenetako bat be ez da Foru Gobernuarentzako agindu bihurtu.
Horren ostean, Bizkaiko Talde Popularrak defendidu dauen mozino baten, eskaria egin jake Foru Aldundiari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari, hilebete biko epean, helburuak eta aurrerapenak lortzeko egutegi zehatza finkatuko dituan garraio publikoa modernizetako eta digitalizetako estrategia integrala aurkeztu daien. Helburu eta aurrerapen horreen artean dagoz Barik birtuala, zuzeneko banku-ordainketea edo denpora errealean batutako informazinoa, besteak beste.
Eta azkenik, osokoa itxi dauen puntuan, EH Bilduk, orain dala egun batzuk XX. urteurrena ospatu dauen AIC Fundazinoaren Patronatutik, 2027tik aurrera V. Fasearen kudeaketarako lizitazino publiko lehiakor baten deialdia sustatzea eskatu deutso Aldundiari, bai eta ebaluazino-adierazle objektiboak sartzea eta kontratazinoen gainbegiraketa prozedura publikoen antzekoak diran formulen bidez egitea be.