BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK ERREPIDEETAKO ETA BIZIKLETA-BIDEETAKO OBRENGAITIKO TASEN FORU ARAUA ONARTU DAU

  • Foru gobernuari eusten deutsien taldeek baztertu egin ditue gaur oposizinoak osokorako gorde dituan 8 zuzenketa-eske partzialak.
     
  • Ubide udalerriak 23.000 metro karratu irabazi ditu Zeanurigaz dituan mugak aldatzea onartu ostean.


(Gernikan, 2026ko zemendiaren 18an). Gernikan gaur egindako saioan, Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak behin betiko onartu dau Bizkaiko errepideen eta bizikleta-bideen foru-sareko obrak eta instalazinoak baimentzeagaitiko tasa barriak apliketea erabagi dauen Foru Arau Proiektua. Testuak aurrera urten dau Euzko Abertzaleen eta Euskal Sozialisten aldeko botoakaz, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularra taldeen abstentzinoagaz eta EH Bilduren kontrako botoagaz. Arauaren bozketetan baztertu egin dira oposizinoko taldeek osokorako gorde ebezan 8 zuzenketa-eskeak (bost PPrenak, bat Elkarrekin Bizkaiarena eta bi EH Bildurenak).

Arauzko testu barri horrek 1990eko zerga-esparrua aldatzen dau. Bertan, 12 tarifa mota ezarten ziran, eta horrek jarduera askotarako tasa espezifikoak apliketea zailtzen eban. Testu barriagaz, sailkapena 19 jarduketa-taldera zabaldu da (batzordean bat kendu zan), eta beren beregi sartu dira aurreko araudian jasota ez egozan bizikleta-bideen babes-eremuak.

Kuota barriak jarduketa-motearen, azpiegituragaz dauen hurbiltasunaren eta bolumenaren edo kostuaren araberako garrantzia kontuan izanda finkatu dira, administrazino-izapideak egiteko denporea baldintzatzen daben faktore lez. Carlos Alzaga Sagastasoloa Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak jakinarazo dauenez, Aldundiak “34.000 euro” jaso ditu 2025ean tasa horreek apliketeagaitik.


ESKAERETARAKO ETA HERRITARRAKAZKO HARTU-EMONETARAKO BATZORDEAREN BALANTZEA

Asier López de la Fuente Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordeburuak 2025eko garagarriletik 2026ko garagarrilera bitarteko urteko jarduera-txostena aurkeztu dau, eta azpimarratu dau Bizkaiko herritarrek gero eta gehiago erabilten dabela parte-hartzeko bide hori. Ekitaldi honetan, batzordeak 18 agerraldi-eskaera erregistrau ditu (aurreko urteko 13en aldean), 11 bilera egin ditu (aurreko aldiko 7ak gaindituta) eta 35 personaren agerraldia izan dau (aurreko ekitaldiko 24ren aldean); hiru saio ateak itxita egin dira, aztertutako gaien sentikortasuna dala-eta. Txostenak erakusten dauenez, eskaeren erdia baino gehiago partikularrek egin ebezan, eta gainerakoak alkarte edo kolektibo antolatuek, eta bertaratutako emakumeen parte-hartzea nabarmena izan zan (guztizkoaren % 57 baino gehiago), eta aniztasun geografikoa be handia izan zan, lurraldeko hainbat udalerritatik egindako eskaerakaz.


UBIDEREN ETA ZEANURIREN ARTEKO MUGEN ALDAKETAK

Osokoak Aldundiak Zeanuriren eta Ubideren udal-mugak aldatzeko egindako proposamena onartu dau. Udalerri biek bultzatu daben ekimenak lurralde-berregokitzea aurreikusten dau M-11 eta M-12 mugarrien arteko tartean. Aldaketeak Batzar Nagusietako talde guztien babesa jaso dau, abstenidu egin dan PPrena izan ezik; halanda be, talde horrek bere adostasuna agertu dau.

Mugarri bi horreen arteko lehengo mugak lurraldeko ezelango elementu naturalagaz bat ez etorren marra zuzena egiten eban, Zubisabala ibaiaren ertzaren eta Esatxipeta inguruaren arteko eremuan. Muga horrek partzela pribaduak eta baso-ustiategiak jurisdikzino bitan banatzen ebazan, eta jabeek izapideak administrazino biren aurrean egitera behartzen eta galera ekonomikoak eragiten ebazan, Ager Izagirre Loroño Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak azaldu dauenez.

Planteautako zuzenketa kartografikoaren ondorioz, Ubide udalerriak 22.999 m² handitzen dau bere azalerea, eta Zeanuriren udal-eremuak guztiz baliokidea dan murrizketea jasaten dau. Aldaketa horrek ez dau udalerri bietako biztanle kopurua aldatzen, ezta oinarrizko zerbitzuak emoteko tokiko baliabiderik ikutzen be. Ondasun, eskubide, karga eta herri-aprobetxamenduen araubidean be ez dauka eraginik.


KARRANTZAKO BIOMETANO PLANTEARI, BURDIN HESIARI, ETXEBIZITZA PUBLIKOARI ETA GARRAIO PUBLIKOKO HOBARIEI BURUZKO MOZINOAK

Oposizinoak etxebizitzeari, Karrantzako biometano planteari, Burdin Hesiari eta garraio publikoko hobariei buruzko mozinoak aurkeztu ditu eztabaidatzeko; urriko kontroleko osokoan itaun bidez aztertu ziran gaiak dira. Lau mozinoetatik batek be ez dau aurrera urten, Euzko Abertzaleek eta Euskal Sozialistek kontra bozkatu dabelako.

Karrantzako biometano plantearen inguruan, Elkarrekin Bizkaiaren izenean Richar Vaquero Morenok defendidu dauen mozinoak trafikoan, usainetan, uretan eta hondakinen kudeaketean izan daitekezan eraginen aurrean herritarrek eta abeltzaintza-sektoreak daben “kezkaren” aurreko erantzuna bilatzen eban. Horretarako, mozinoak Verdalia enpresak Eusko Jaurlaritzagaz, Karrantzako Udalagaz, Uraren Euskal Agentziagaz (URA), sindikatuakaz, ekologistakaz eta sektoreko ordezkariakaz batera garatu dauen proiektuaren jarraipenerako erakunde arteko eta gizarteko mahaia bultzatzeko eskatzen eutsan Bizkaiko Foru Aldundiari. Espazio horren helburua proiektuaren “kalteak eta eraginak” aztertzea eta behar izan daitekezan prebentzino- edo zuzenketa-neurriak adostea izango litzateke. Mozinoak EH Bilduren babesa, PPren abstentzinoa eta jeltzaleen eta sozialisten kontrako botoa jaso ditu. Azken horreek mozinoak Aldundiak mahai hori zuzendu behar izatea eskatzen ebalako justifikau dabe euren ezetza. Eskumenen errespetu kontua da.

Bestalde, Burdin Hesiaren kontserbazinoari eta berreskurapenari jagokonez, Beatriz Ilardia Olangua batzarkideak defendidu dauen EH Bilduren ekimenak ondare historiko horren eta Bilboren defentsen babes integrala proponiduten eban, egungo hondatze-egoeraren aurrean. Mozinoak, besteak beste, hondar horreek kontserbau eta zaharbarritzeko jarduketa-plana martxan jartea eskatzen eban, egoera txarrenean dagozan elementuak eta lur publikoko esku-hartzeak lehenetsita; ganera, lur pribaduei buruzko ikerketak egitea be proponiduten eban. Modu berean, udalakaz, Gogora Institutuagaz, alkarte memorialistakaz eta ikertzaileakaz lankidetzan Aldundia lurralde-mailako zabalkunde-proiektu bateratuaren buru izatea proponiduten eban.

Elkarrekin Bizkaiak babestu dau mozinoa, eta Batzar Nagusietako ganerako taldeek baztertu egin dabe. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Bizkaiko Talde Popularra taldeek gogora ekarri dabe jarduketa horreek daborduko Gogora institutuaren bitartez gai horretan eskumena dauen Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dagozala. Begoña Gil Llanos sozialistak 2017an Eusko Jaurlaritzaren mendeko Institutu horren, Bizkaiko eta Arabako aldundien eta 1936ko Gerra Zibilean Bilbo eta inguruak frankisten tropen kontra babesteko defentsa-lerroak zeharkatzen dituen 33 udalen artean lortutako “gobernantza-eredua” defendidu dau.

Etxebizitzearen arloan, Iker Casanova Alonso bozeroaleak defendidu dauen EH Bilduren proposamenak lurraldean etxebizitza izateko krisiaren aurrean inplikazino handiagoa hartzeko eskatzen eutsan Aldundiari, erakunde horrek “gehiago egin daitekela” uste dauelako. Horretarako, oposizinoko talde nagusiak Azpiegiturak foru soziedadea aldatzea proponiduten eban, alokairu sozialeko etxebizitzak, zuzkidura-apartamentuak eta larrialdi-egoeretarako erreserbak eregitean kudeaketa proaktiboa bere gain hartzeko. Proposamena aurkeztu dauen taldeak onartutako Elkarrekin Bizkaiaren zuzenketa-eskeak zabaldu egiten ebazan esku-hartze publikorako tresnak, higituezinak erostea eta birgaitzea barne hartuta. 

Azkenean, EAJ-PNVk, PSE-EEk eta PPk atzera bota dabe proposamena. Etxebizitzea lurraldeko arazo nagusietako bat dala esatean bat etorrita, talde horreek ez ditue planteautako soluzinoak partekatu. PPren eretxiz, proposamenak ez ditu “egiturazko” arrazoiak jorratzen, horreen artean eskaintza-faltea, eta, ganera, egitura publikoak “bikoiztera” bideratuta dago. Sozialistek lankidetzearen aldeko apustua egin dabe, eta gogora ekarri dabe daborduko badagozala Etxebizitzaren Legea eta Etxebizitzako Plan Zuzentzailea, eta azken horrek aldundien parte-hartzea jasoten dauala zenbait arlotan: zerga-politikan, gazteen emantzipazinoa errezteko laguntza-politiketan eta lur publikoa mobilizetako akordioetan. Euren aldetik, jeltzaleek “beste Alokabide bat muntatzea” proponiduten dabilela leporatu deutse koalizino abertzaleari, eta gogora ekarri dabe ez ebela etxebizitzearen arloko zerga-kenkarien bidez Bizkaiko zergadunei 340 milioi euroko itzulera ekarri eutsen zerga-erreformaren alde bozkatu. 

Bukatzeko, Raúl Méndez Urigoitiak EH Bilduren izenean garraio publikoari buruz aurkeztu dauen mozinoak 2027ko ekitaldi osoan indarrean dagozan deskontuen jarraipena bermatzea eskatzen eban, baita Administrazino Zentralak hobari horreen finantzazinoa kentzea erabagi ezkero be. Mozino horrek Elkarrekin Bizkaiaren babesa eta PPren abstentzinoa jaso ditu. Ganera, mozinoak 2027ko bagilaren 30a baino lehen egutegia eta finantzazinoa jasoko dituan proposamen zehatza eskatzen eban errentearen eta erabilerearen maiztasunaren araberako hobari-sistema progresiboa behin betiko ezarteko. Foru gobernuari eusten deutsien taldeek zalantzan jarri dabe ekimena. Euren eretxiz, gai horreek “daborduko gauzatzen ari dira”, eta ukatu egin dabe gaiaren inguruan “ziurbakotasunik” sortu danik. Bizkaiko Garraio Partzuergoak zemendiaren 4an % 20ko hobaria onartu eban ohiko erabiltzaileentzat, eta bitartean errentea eta erabilerea kontuan hartuko dituan tarifa-esparru barria ezarteko aurretiazko lan teknikoak ari da gauzatzen.