BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK ADOSTASUN HANDIZ ONETSI DAU TURISMO EGOTALDIEN GANEKO ZERGEA ARAUTZEN DAUEN FORU ARAUA
- Bizkaiko udalek eguneko 0,50 eta 7 euro arteko tasak aplikau ahal izango ditue 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera.
- Batzar Nagusietako talde guztiek, PPk izan ezik, oneretxia emon deutsie batzordearen erespenari, eta Bizkaiko Talde Popularrak, azkenean artikuluen kontrako botoa emon dauen talde bakarrak, osokorako erreserbauta eukazan zuzenketa-eskeak (17 guztira) atzera bota ditue.
- Osokoak onetsi dau PFEZren 98. artikulua aldatzeko Arauz Besteko Proposamen bi (bata PPrena eta bestea EH Bildurena) kontuan hartzea, seme-alabak eta zaintza partekatua daukien gurasoen baterako tributazinoari jagokonez.
(Gernikan, 2026ko bagilaren 17an). Bizkaiko Batzar Nagusiek behin betiko onetsi dabe gaur Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietan Egotaldi Turistikoen ganeko Zerga barria arautzen dauen Foru Arauaren proiektua. Bizkaiko udalerrientzat derrigorrezkoa dan tokiko zerga barri hori 2027ko urtarrilaren batetik aurrera ezarriko da. Ordenantza fiskalak onartu ostean, Bizkaiko udalek eguneko 0,50 euro eta 7 euro arteko tasak aplikau ahal izango ditue, aldaera bi kontuan izanda: udalerri motea eta establezimentu motea, hotelak, pentsinoak, apartamentu turistikoak, kanpinak, nekazalturismoak, landetxeak, aterpetxeak, erabilera turistikoko etxebizitzak edo kurutze-ontziak izan.
Foru araua 16 artikuluk eta hainbat xedapenek osotzen dabe, eta ia aho batez onetsi dabe Bizkaiko Batzar Nagusiek, artikulu guztietan, zuzenketa-eskea jaso dabenetan zein jaso ez dabenetan, kontrako botoa emon dauen PPk izan ezik. Talde horrek 17 zuzenketa-eske parzial erreserbau ebazan, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ganerako taldeek atzera bota ditue barriro. Foru araua, beraz, adostasun handiagaz sortu da, 45 batzarkidek aldeko botoa emon dabelako eta 3 baino ez diralako kontra agertu.
Testuaren alde agertu diran lau taldeek (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia) hainbat aldaketa onetsi ditue, Foru gobernuari eusten deutsien talde biek eta Elkarrekin Bizkaiak akordioa lortu ostean EH Bilduk be bat egin eban batzordeko eztabaidan. Adostasun horri esker, “intensidade turistikoa” (ostatu-plazen ratioa biztanleko) kontzeptua sartu da, udalerriek euren tarifak, hobariak eta errekarguak modu objektiboan doitu daiezan jasaten daben benetako presinoaren arabera.
Onartutako testuak Bizkaiko Foru Aldundiak Batzar Nagusietan erregistrautako jatorrizko testua aldatu daben beste gai batzuk be jasoten ditu. Halan, intensidade txikiko eremuetan % 100eko hobariak apliketako eta turismo-presio handiko udalerrietan % 50erainoko errekarguak indartzeko balizkoak zabaltzen ditu arauak, batez be 750 ostatu-plaza edo gehiago dagozan, edo 5.000 biztanle baino gehiago eta % 10eko intensidadea edo handiagoa daben, udalerrietan.
Modu berean, zergeari lotutako gehieneko egunen kopurua 5etik 6ra igon da, eta desgaitasuna edo mendekotasuna daben personen laguntzaileak be salbuetsi ditu ordainketatik. Bi urtean behin barrikusteko mekanismo bat be sartu da, zerga turismo ereduaren bilakaerara egokitzeko.
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak “turismo eredu jasangarri eta progresiborantz” egindako aurrerapausutzat jo dau araua. Batzordean onartutako funtsezko ekarpenek “intensidade turistikoa” kontzeptua jaso dabe, eta horri esker, udalek errekarguak edo hobariak aplikau ahal izango ditue jasaten daben presinoaren arabera, eta aldian behingo barrikuspen mekanismoa sortu ahal izango dabe, zergea etorkizuneko aldaketetara egokitzeko. Eneritz de Madariaga Martín talde horretako bozeroaleak, desgaitasuna daukien personen laguntzaileentzako salbuespenak be azpimarratu ditu.
Bizkaiko Talde Popularra arauaren kontra agertu da, “presino fiskala” ez handitzearen argudioagaz, eta zergeak gaua ez pasetea zergapetzea kritikau dau. Diego Pagadigorria Wicke batzordekideak “landa sektorea guztiz kanpo ixtea” eskatu dau (kanpinak, nekazalturismoak eta landetxeak), eragin txikia dauelako, eta salbuespen sozialak 25 urtera arte zabaltzea, behar dan desgaitasun mailea murriztea eta osasun, ikasketa edo ikertzaile izateagatiko egotaldiak blindetea proponidu dau.
Euskal Sozialistak taldeko bozeroalea, Goyo Zurro Tobajas, arauaren alde agertu da, turistak kontsumiduten dituan zerbitzu publikoak (garbitasuna, segurtasuna, mantentze-lanak) ordaintzen laguntzeko estrategia etiko eta arduratsuaren barruan. Sozialisten eretxiz, eragin ekonomikoa oso txikia da bisitariarentzat –% 1,7 gastu gehiago ohiko turista batentzat–, eta ez dau lehiakortasunean eraginik izango, eta “udalek tokiko jarduerea hobeto kudeatzeko daben finantza autonomia indartzen dau”.
EH Bildu, bere aldetik, arauaren alde agertu da, baina “hamar urteko atzerapenagaz” heldu dala kritikau dau. Arantza Sarasola Lartategi batzordekideak gogora ekarri dauenez, iraganean “turistofobotzat” jo ebezan antzeko neurriak proponiduteagaitik. Turismoa industriaren mailako “funtsezko” sektoretzat joten ez daben arren, bere balioa autortzen dabe, beti be, honezkero “etxebizitzaren garestitzea” eta pisu turistikoen presinoa jasaten daben bizilagunen bizitzea degradetan ez badau. Sarasolak positibotzat jo dau udal zergea progresiboa izatea, eragin handiagoa sortzen dabenek –itsas bidaiariek, esaterako– kanpinetako erabiltzaileek baino gehiago ordaintzea bermatuz, eta bildutako diru horrek udalek zerbitzuetako kostu gehigarriak estaltzeko balio izatea, garbiketakoak edo hondakinak biltzekoak, besteak beste.
Bukatzeko, Euzko Abertzaleak taldeak, turismoaren hazkundearen (eskualdeko BPGaren % 5,8) aurrean beharrezkoa dan tresna lez defendidu dau araua, eta, Bizkaian saturazino orokorrik ez dagoan arren, udalerri askok “kanpokotasun negatiboak” jasaten dituela adierazo dau. Unai Lerma Mentxaka batzordekideak esan dauenez, udalek zerbitzu publikoak euren erroldea baino askoz be handiagoa dan “biztanleria flotatzailearentzat” dimentsinonau behar ditue, eta horrek defizita sortzen dau, eta zerga honek hori ordaintzen lagunduko dau. EAJ-PNV taldeak udalen autonomian jarri dau arretea, eta azpimarratu dau araua ez dala homogeneoa, udal bakotxari bere motak erabagiteko eta hobariak edo errekarguak apliketako aukerea emoten deutsolako, bakotxaren “intensidade turistikoaren” arabera.
PFEZ-AREN DOIKUNTZAK ZAINTZA PARTEKATURAKO
Turismo Tasen Zergeari buruzko Foru Araua onetsi eta gero, Gernikako Batzar Etxean egin dan ikasturte politiko honetako azkenengo osokoak beste zortzi gai landu ditu: Foru Arau Proposamen bi, bost Mozino eta Arauz Besteko Proposamen bat.
EH Bilduk eta Bizkaiko Talde Popularrak bakotxak bere aldetik aurkeztu dituen Foru Arau Proposamen biek PFEZren 98. artikulua aldatzea eskatu dabe, seme-alabak eta zaintza partekatua daukien gurasoen baterako tributazinoari jagokonez. Bizkaiko Batzar Nagusiek arauz besteko proposamen biak kontuan hartzearen aldeko botoa emon dabe.
Arlo fiskal horretan, Arantza Sarasola Lartategik, EH Bildu taldearen izenean, PFEZ aldatzeko eztabaidea defendidu dau, familia guztiek aitorpen bateratua aurkezteko daukien eskubidea bermatzeko, gurasoen legezko egoerea edozein izanda be. Bere ekimenaren helburua familia-unidadearen osaketea seme-alaben zaintzeagaz lotzea da, eta ez bakarrik mendekotasun ekonomikoagaz, holan banandutako familiei edo indarkeria matxistearen biktimei kalte ekonomikoak saihestuz.
Bizkaiko Talde Popularreko Diego Pagadigorria Wickek, bere aldetik, PFEZ aldatzeko “preminazko” proposamena aurkeztu dau, zaintza partekatuko erregimenean dagozan milaka familiaren segurtasun juridikoa eta zerga-arintzea berreskuratzeko. Gaur egungo erregulazinoak, igaz onartutakoak, gogortu egiten ditu baterako tributazinorako baldintzak, eta tratu “bidebakoa eta diskriminatzailea” sortzen dau, praktikan kontra egitea oso gatxak diran jasangarritasun ekonomiko partekatuko presuntzinoak ezarten ditualako.
Foru gobernuari eusten deutsien talde biek “doikuntzak” babestu ditue, egoera personalen aurrean arauak “bestelango ondorioak” izan dituala ikusi eta gero. Jeltzaleek eta sozialistek, beraz, PFEZren 98. artikulua aldatzea proponiduko dabe, familia unidadeen tratamentua hobetzera zuzendutako doikuntza nagusi biren bitartez. Lehenengoa, guraso batek seme-alabei bakarrik eusten deutsela autortzeko behar diran probabideak zehaztea eta zabaltzea da. Bigarren doikuntzea atalase ekonomiko espezifiko bat ezartean oinarrituko da. Atalase horretatik aurrera zehaztuko da modu ofizialean mantenidute esklusibo hori dagoala, eta, holan, zerga-ordainketan segurtasun juridiko eta ekidade handiagoa bilatuko da.
ONARTUTAKO ERDIBIDEKO ZUZENKETA-ESKEAK
Osokoan, Foru gobernuari eusten deutsien taldeek akordio bi lortu ditue EH Bildugaz, erdibideko zuzenketa-eske bi aurrera eroateko. Lehenengoan, kirol-teknikarientzat desgaitasun-motei buruzko beren beregiko prestakuntza-plan bat diseinau behar dala planteetan da, eta udalakaz beharrean jarraitu behar dala kirol-eskaintzaren diagnostikoak egiteko, gizarteratzeko aukera barriak identifiketako. Talde guztiek, abstenidu egin dan PPk izan ezik, babestu daben zuzenketa-eskeak herritarrakazko zuzeneko komunikazinorako bideak ezartea be eskatzen deutso Aldundiari.
Hasikera baten, koalizino abertzaleak “Desgaitasunaren eta jarduera fisikoaren eta kirolaren Bizkaiko Plan Estrategikoa” egitea proponidu dau, politika publikoak koordinetako eta desgaitasunen bat daukien personek kirola egiteko daukien eskubidea erabili ahal izango dabela ziurtatzeko, “asmo handiagoko” proposamena, Rakel Goñi Lacar batzordekide proposatzailearen berbetan. Lortutako akordioak asmo handi hori murrizten dauen arren, gaia “hondartzan ez hiltea” bilatzen dau. Goñik azpimarratu dauenez, beharrezkoa da “bide orri komun bat egitea, ikuspegi partekatutik ahaleginak batzeko”.
Ondare naturalaren babesak be lekua izan dau foru eztabaidan, Aitor López Vázquez EH Bildu taldeko batzarkideak bisoi europarraren, 2021etik Bizkaian antzematen ez dan espeziearen, egoera kritikoaren inguruan aurkeztu dauen mozinoagaz. Jatorrizko ekimenak eskaria egiten eutsan Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari kudeaketa-plan barria eskatzeko, birpopulaketetarako egon daitekezan kokaleku egokienak identifiketako eta bertako espezie horren zabalkunderako eta kontserbazinorako aurrekontu-partidak esleitzeko.
Azkenean aho batez onetsi dan eta Batzar Nagusietako hiru taldeek adostu daben erdibideko zuzenketa-eskean, foru parlamentuak eskaria egiten deutso Aldundiari, barriro sartzearen eraginkortasunaren eta hori gauzatzeko kokaleku egokienen azterlana egin daian, eta Batzar Nagusiei eta Eusko Jaurlaritzari azterketa tekniko horren ondorioen eta jarduketa proposamenen barri emon deien.
BAZTERTUTAKO EKIMENAK
Jasangarritasunaren arloan, Richar Vaquero Moreno Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako batzordekideak, mozino baten bitartez, eskaria egin deutso Foru Aldundiari, tunelak, estalgiak eta aparkalekuak moduko azpiegitura publikoetan energia barriztagarria sortzea bultzatzeko. Beste babes parlamentariorik izan ez dauen proposamenak, azterketa teknikoak egitea eskatzen eban, energia-aprobetxamendua maximizatzeko eta autokontsumo partekatuko formulak eta tokiko energia-komunidadeak bultzatzeko.
Horrez gain, EH Bilduko Arantza Sarasola Lartategik, energia enpresen ezohiko irabazien ganeko zergea berreskuratzea eskatzen eban mozinoa aurkeztu dau. Ekimenak kasuan kasuko erakundeek zerga hori modu iraunkorrean nazinoarteko foroetan eta Espainiako Gobernuaren aurrean defendidutea proponiduten eban, zerga sistema "bidezkoagoa" bermatzeko eta herritarren ondoizatea babesteko krisi energetikoaren ondorioen aurrean. Mozinoak Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa eta PP, PSE eta EAJ-PNV taldeen kontrakoa jaso dau.
Gizarte arreteari jagokonez, Raquel González Díez-Andino Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, lurraldeko mendekotasun eta ezintasun sistemearen narriadurea salatzen eban mozinoa defendidu dau. Bere proposamena Bidaideak zerbitzua lako baliabideen kudeaketea hobetzera eta III. mendekotasun maila edo mobikortasun urri larria daukien personentzako “bidaideak plus” izeneko lehentasunezko arreta sistemea sortzera bideratuta egoan, itxaronaldiei buruzko kontsulta publikoak ezartzeaz gan. Proposamenak ez dau aurrera egin Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabelako eta EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia abstenidu egin diralako.
Bukatzeko, Pablo Gómez-Guadalupe García-Tejedorrek, Bizkaiko Talde Popularraren izenean, azken hiru urteetan mila establezimendu baino gehiago itxi dirala eta, merkataritza tradizionala sustatzeko Arauz besteko proposamena aurkeztu dau. Proposamenak iradokitzen eban bonuen eredu tradizionala hobaridun erosketa-sistemeagaz ordeztea, deskontu metagarriak sortzen dituen aplikazino digitalen bidez, holan, hurbileko kontsumo-kulturea eta sektorearen etorkizuneko bideragarritasuna sustatzeko. Gertuko merkataritzak une txarra bizi dauela erakusten dauen diagnostikoagaz bat etorrita, Batzar Nagusietako ganerako taldeek bere jarrerea aurpegiratu deutsie PPri, hau da, sektore horren hobekuntzea tresna bakar baten esku jartea, estrategia “globala eta merkataritza sektoreagaz beragaz koordinaua eta babestua” planteau beharrean.