FUTBOL AMATEURRAK ETA BIZKAIKO FORU BARRIAREN 500. URTEURRENAK BAT EGIN DABE ERREFUXIATUEN MUNDUKO EGUNEAN

  • Gaur Bilboko Batzar Nagusien eraikina urdinez argituko da, Errefuxiatuen Munduko Eguna gogora ekarteko

 

(Getxon, 2026ko bagilaren 20an). Errefuxiatuen Munduko Eguna dala eta, Gobelako zelaian kirola, historia eta alkartasuna alkartu dira gaur. 2005ean UEFAko Eskualdeen Kopea irabazi eben Euskadiko Selekzioko jokalariek eta CEAR Euskadiko errefuxiatu talde batek lagunarteko partidua jokatu dabe, eta horren aurretik argazkia atara dabe Bizkaiko Foru Barriaren (1526-2026) 500. urteurrenaren oroitzapenezko kartelaren aurrean.

Kinu horren bidez, mugarri historiko horren garrantzia gizarte-eremu eta kausa humanitario barrietara bideratu gura da. Foru Barriak, iraganeko dokumentua izan baino gehiago, autogobernuaren hazia eta Bizkaiaren nortasun-ikur argia irudikatzen dau. XVI. mendean daborduko printzipio aurreratuak ezarten ebazan, horreen artean legearen aurreko bardintasuna, torturaren debekua eta askatasunaren bermea (habeas corpus). “Izan zirelako gara” lelopean, egungo sistema politikoaren eta bizikidetzaren oinarria dan ondarea aldarrikatu dabe parte-hartzaileek.

Gobelako kinu horregaz, futbolaren munduak bat egiten dau beste klub eta diziplina batzuek, horreen artean Bilbao Basketek, arraun munduak, Getxo Rugby taldeak edo Bidaideak saskibaloi egokituko klubak, izan daben atxikimendu-kateagaz. Kirol-sarearen lankidetza bateratu horrek lurraldeak orain dala bost mende herritarren askatasunak eta salbuespenak bermatu ebazan arauagaz daukan konpromisoa azpimarratzen dau.

Kirol topaketaz gan, zabalkunderako ekimenak dagozala ekarri da gogora, 1526ko jatorrizko alea gordeten dauen Foru Liburutegiko erakusketa zientifikoa edo Gurutzetako metro geltokian eta Portugaleteko La Canilla pasealekuan dagozan erakusketa ibiltariak, besteak beste. Ekitaldi horregaz, Bizkaiak bere iragan juridikoa ospatu dau, harreragazko eta giza eskubideakazko gaur egungo konpromisoa berretsi dauen bitartean. Gaur, Bilboko Batzar Nagusien eraikina urdinez argituko da, Errefuxiatuen Munduko Eguna gogora ekarteko.