EMAKUMEEN LIDERGOARI BURUZKO “EDA” KONGRESUA GERNIKAKO BATZARRETXERA EGINGO DAN BISITEAGAZ AMAITUKO DA

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak harrerea egin deutse gaur goizean Adimen Artifizialari eta emakumeen lidergoari buruz Bilbon egin dan III. EDA Kongresuko antolatzaileei eta parte-hartzaileei.

 

(Gernikan, 2024ko zemendiaren 16an). Atzo Deustuko Unibersidadean egin zan EDA (Atlantikoko emakume Enpresariak eta Zuzendariak) kongresuan parte hartu eben hainbat persona batu ditu gaur goizean Gernikako Batzarretxeak. Mujer Siglo XXI alkarteak antolatu dauen ekitaldi horretako emakume parte-hartzaileek eta antolatzaileek Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariaren harrerea jaso dabe, Mahaiko kideak lagun izan dituala. 

Zientzia, osasuna, zuzenbidea eta jasangarritasuna lako sektoreetako emakume liderrak alkartu ziran atzo Bilbon, ideak partekatzeko, aliantzak sortzeko eta etorkizun inklusiboagoa, adimentsuagoa eta bidezkoagoa eregiteko. Aurtengo topaketea Adimen Artifizialaren garaian emakumeek izan behar daben lidergoan oinarritu da.

Gernikako Batzarretxera egindako bisiteak, AAren integrazinoa genero ikuspegiagaz zuzentzen ari diran emakume aitzindarien eskutik etorri diran mahai-inguru, ponentzia eta networking saioz betetako ekitaldiari amaierea emoteko balio izan dau.

Segizinoak foru eremuaren zati handia bisitau dau, Arbola Zaharraren eta gaur egungo Gernikako Arbolearen historia ezagutzetik hasita. Bizkaiko parlamentu barruan, bisitariek bertako egoitza nagusiak ezagutu ditue: hemizikloa, Beiratearen Aretoa, liburutegia eta lehendakariaren bulegoa. Bisitea amaitzeko, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ohorezko Liburuan sinatu dabe, haretx sagraduaren ondoan egindako aurreskuaren eta familia argazkiaren ostean