ATHLETIC CLUBEK, GERNIKAKO ARBOLEAREN ENBAXADOREAK, OINORDEKO BAT LANDATU DAU BERGAMON

  • Champions-eko partiduagaz bat etorrita, Bilboko klubeko ordezkaritza batek Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatu dau Italiako urian, Atalanta klubeko ordezkariakaz batera, herrien arteko bategitea, adiskidetasuna eta errespetua sinbolizetako.

 

(Bergamon, 2026ko urtarrilaren 21ean). Athletic Clubek Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatu dau gaur Bergamon (Italia), zuri-gorriek Europa Champions Leaguen jokatuko daben partiduagaz bat etorrita. Landaketa hori Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Athleticek sinatutako akordioaren barruan dago. Akordio horren arabera, Ibaiganeko kluba izan zan igaz Bizkaiko lehenengo erakundea “Gernikako Arbolearen Enbaxadore” lana hartzen.

Haretx gaztea Athleticeko eta Atalantako zuzendaritzetako kideek, eta klub bietako zaleek parte hartu daben ekitaldian landatu da. Karga sinboliko handia dauen ekintza horrek herrien arteko bategitea, adiskidetasuna eta errespetua gauzatzeko balio izan dau.

Daborduko bere persona enbaxadoreak dituan Athletic, igazko zemendiaren 21ean Gernikako Arbolearen lehen ordezkari bihurtu zan munduan zehar, bere birtuteak haretx sagraduak mendez mende gorpuzten dituan balioakaz lotuz. Izentapen haretan ezarri zan Gernikako Arbolearen oinordeko batek Europan zehar bidaiatuko ebala espedizino zuri-gorriagaz, haretxaren sustraiei lotutako balioak zabaltzeko. Praga izan zan lehen helmugea, eta gaur gauza bera egin da Italiako urian.

Gernikako Arboleak “askatasuna, bizikidetzea, autogobernua, errespetua eta bakeagazko konpromisoa sinbolizetan ditu”, azpimarratu dau Otaduik, eta Athleticek be hainbat balio gorpuzten ditu, besteak beste, “inklusinoa, nortasun kulturala eta kide izatearen harrotasuna”. Printzipio horreekaz, “Gernikako Arbolearen Enbaxadore” figura berezia, balio horreek “jaso eta haziarazoteko borondatea dagoan lekuetan” partekatu gura dituan proiektua da. Gaur egun, beraz, Athleticen eta haretxaren bideek, ehun urtetik gorakoak biak, barriro egiten dabe bat. “Gogorarazoten deuskue hemengoa izateak ez dauela esan gura munduari itxita egotea, munduari garan onena emotea baino”.