BIZKAIKO FORU BARRIAREN 500. URTEURRENARI BURUZKO 'FORU BIZIA' KALE ANTZERKIAREN AZKEN EMONALDIA DATORREN ZAPATUAN IZANGO DA ARRIGORRIAGAN
- Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek, lau udalerritako kaleetan antzerkia, euskal dantzak, abesbatzak eta zuzeneko musikea uztartuko dituan Hortzmuga Teatroa konpainiaren kale-proposamen ibiltaria bultzau dabe.
(Bilbon, 2026ko zemendiaren 10an). Arrigorriagako kaleak 'Foru Bizia' ren azken emonaldiaren agertoki izango dira zapatu honetan, Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrena modu ludikoan gogora ekarteko Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek batera antolautako ‘Foru Bizia’ antzerki-ikuskizun ibiltariaren abiapuntua. Hortzmuga Teatroa konpainiaren eskutik sortutako ekimen komunitario eta parte-hartzaileak jai-agertoki bihurtuko dau espazio publikoa, herritarrei historia eta memoria bizia gerturatzeko.
Azken emonaldia 19:30ean hasiko da eta Arrigorriagako Pergola eta Udaletxeko plaza zehartuko dauz. Jardunaldi honetan, Aritz Berri Dantza Taldeak modu aktiboan parte hartuko dau.
Iragana eta oraina lotzen dituan jai partekatua da ‘Foru Bizia’, eta Foru Barria orain dala bostehun urte herriko ohituretatik, berba partekatutik eta bizitzeko eta antolatzeko modutik sortu izanaren premisatik abiatzen da. Memoria hori kaleetara itzultzeko, emonaldiak antzezpen-lana, euskal dantzak, abesbatzak, zuzeneko musikea eta egitura mobikorrak uztartzen ditu, eta ibilbidean lagun egiteko eta ospakizunaren parte aktibo izateko gonbitea luzatzen deutse bertaratutako guztiei.
Álex Antúnez, Mar García Serrano, Gabriel Ocina eta Maite Fombellida aktoreek osatuko dabe eszenatokiko talde profesionala. Talde artistikoa Nerea Vesga eta Ibon Huarte dantzariakaz osotuko da, baita Ander Blascoren zuzeneko musikeagaz eta Píxeles Muertos DJagaz (Beñat de la Ripa) be.
Jai-ibilbidea lau egunetan egingo da urriaren eta zemendiaren artean, bertako kultura-alkarte desbardinen zuzeneko inplikazinoagaz. Oroitzapen-ibilbidea Getxon hasi zan urriaren 24an eta Arrigorriagan amaituko da zemendiaren 14an, urriaren 30ean Santurtzitik eta zemendiaren 7an Ermutik igaro ostean.
Oroimen kolektiboan zeharreko ibilbide horregaz, Bizkaiak Forua jaio zan lekura konbidatu gura ditu herritar guztiak, kaleak eta bertako jentearen bizitzea gure egunetara ekarriko dituan ospakizun herrikoiagaz bat egitera.
Foru Barriaren V. mendeurrena urte osoan zehar dabil ospatzen hainbat ekitaldi akademiko, instituzional, kultural eta hezitzailegaz. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatzen dituen jarduera horreen helburua 1526an onartutako Foru Erreformauaren garrantzi historikoa eta garaikidea herritarrei hurreratzea da.