BIZKAIKO EROSKETEN EUP! ATARIAK 3.435 SALMENTA LORTU DITU LEHENENGO URTEAN, % 37 LURRALDETIK KANPOKOAK
- Elkarrekin Bizkaia taldearen galderei erantzunez, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak BBK Fundazinoak sustatu dauen tokiko merkataritzari laguntzeko plataforma horren balantze “positiboa” egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.
- Foru parlamentuko Ekonomi Sustapenerako Batzordeak ez ditu onartu autonomoei eta ekintzaileei laguntzeko hainbat neurri jasoten dituen Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bi.
(Bilbon, 2022ko maiatzaren 20an). Igazko bagilaren 6an aurkeztu zan Bizkaiko erosketen Eup! Ataria, BBK Fundazinoaren Marketplace plataformea. Plataformak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Merkataritza Ganberaren eta lurraldeko merkataritza-alkarte garrantzitsuen (Cecobi, Bizkaidenda eta Bilbodenda) babesa dau. Abian jarri zanetik ia urtebete igaro danean, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak jarduerearen balantze laburra eskaini dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, Elkarrekin Bizkaia taldearen galderei erantzunez. Aktibau zanetik, erosketa-atari horrek Bizkaiko saltokietan “3.435” eskari egitea lortu dau; horreetatik, produktuen % 37a lurraldetik kanpora bialdu da.
Bizkaiko tokiko saltoki txikiei laguntzeko asmau zan plataformak lurraldeko 423 saltokiri emon deutse altea, sinatu diran “536” kontraturen bidez. Saldutako produktuen ia erdia (% 48) elikagaiak eta edariak izan dira; % 20, moda eta osagarriak; % 9, edertasuna eta higienea; % 6, etxeko produktuak, etxetresna elektrikoak eta drogeria; eta % 3, liburu-dendako eta paper-dendako salmentak. Erosketen % 63 Bizkaira joan dira, eta ganerakoak (% 37) beste leku batzuetara bialdu dira: % 8 Madrilera, % 3 Arabara, % 3 Gipuzkoara eta % 2 Bartzelonara.
Bilboko, Barakaldoko, Basauriko eta Bermeoko saltokiak dira gehien saldu dabenak. Eta, azkenaldi honetan, udalerri txikiagoek egindako salmentak azpimarratu behar dira, “Abadiñok edo Urdulizek”, adibidez. Eup! bitartez euren merkataritza-eskaintza “mobiduten” hasi dira. Guztien artetik, “65” saltokik “10 eskaera baino gehiago” jaso ditue, eta batez besteko erosketea “38,74 eurokoa” izan da.
Trafikoari jagokonez, webguneak 1,5 milioi bisita izan ditu, 249.900 saiotan, eta bakotxak batez beste 4 minutuko iraupena izan dau. “173.200” erabiltzaile, eta erregistrautako “1.579” bezero dagoz.
Datu horreek emon ostean, Eup! esperientziaren lehenengo urtea “positiboa” izan dala adierazo dau Basurkok, horren ikuspegia “epe ertain eta luzekoa” dan arren. Ekimena abian jarteak indartu egiten dau Bizkaiko tokiko merkataritzak “eukan behar bat”: “kudeaketa profesionalizauaren” bidezko digitalizazinoa. “Garrantzitsuena”, orain, saltoki gehiago sartzea da, “zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto”, eta saltoki horreek produktu-sortea zabaltzea.
Israel Escalante Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekidea bat etorri da diputatuagaz eta esan dau “beharrezkoa” dala Bizkaiko merkataritza digitalizetearen aldeko apustua egitea. Hori oso positiboa izan da pandemian zehar, baina zalantzan jarri dau Eup! sortu behar izana, lurraldean antzeko beste plataforma batzuk baegozalako, horreen artean Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako DENDAgo proiektua, edo geroago sortutako “Barakaldo Store”. “Bikoiztasun” horregaz jarraitzearen eta banku-fundazinoaren plataformea sustatzeko gastua handitzen jarraitzearen kontra agertu da. Basurkok emondako zifrei jagokenez, Escalantek zehaztu dau azkenengo balantzea emon zanetik “datuek gora egin dabela, baina ez asko”.
ZUZENEKO LAGUNTZA GEHIAGO EKINTZAILETZARAKO
Ekonomi Sustapenerako Batzordean, enpresei eta autonomoei laguntzeko hainbat neurri ekonomiko ezarteko Talde Berezia-PP Bizkaiaren arauz besteko proposamen bi eztabaidau dira. Bizkaiko parlamentuak atzera bota ditu ekimen biak.
Lehenengoan, “euren ibilbide profesionalean arrakastarik izan ez daben autonomoentzat eta ekintzaileentzat” zuzeneko laguntzak abian jartea proponidu dau Esther Martinez batzordekide popularrak. Helburua “bigarren aukerea” emotea da, jarduerea ixteagaitik prestazinoa agortu osteko 6 hilebeteetan pizgarri ekonomikoa barru hartuko leuken programearen bitartez, prestakuntzarako eta aholkularitzarako, bai eta autonomoaren kuotea jaisteko 12 hilebeteko laguntza ekonomikoa be. Proposamenak ez dau inoren babesik jaso parlamentuan; izan be, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabe, eta EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia abstenidu egin dira.
Euzko Abertzaleen aldetik, Mikel Bagan batzordekideak esan dau Aldundia “daborduko beharrean ari dala” ekintzailetzari laguntzeko, “laguntza-sare zabala” osatuz. Laguntza hori 2020-2023 aldirako enpleo-planean zehazten da. Plan horrek laguntza “pertsonalizauko” programa espezifiko bi ditu, enpresak sustatzera eta sortzera eta negozioak sendotzera bideratutako zuzeneko laguntzakaz.
Victor Trimiño sozialistak esan dauenez, Aldundiaren inplikazinoa “ezin da zalantzan jarri”, eta PPk erakusten dauen errealidadea “ez dala ikusarazo gura dan” bezain atsekabegarria ganeratu dau. Bizkaian pandemiaren aurretik baino “744 autonomo gehiago eta 7.000 lanbako gitxiago” dagoz, eta gogorarazo dau lurraldea 6. postuan dagoala Espainiako inpaktu-ekosisteman. Aldundiak abian jarritako ekimenak oso lagungarriak izan dira datu horreek lortzeko. Horreen artean dagoz mikrokredituetan inbertitutako 15 milioi euroak, Enpleo Plan Berezian inbertitutako 5 milioiak, ekonomia suspertzeko zuzeneko laguntza-programetara bideratutako 4 milioiak, edo Bizkaia Aurrera Digitalizazino Planeko 10 milioi euroak. Proposamena egin dauen taldea kritikau dau Trimiñok. Izan be, ez da zentzuzkoa enpresei laguntzeko eta, aldi berean, zergak bajetako eskatzea, proposamen horreek finantzazinoa behar dabelako.
Elkarrekin Bizkaia taldeak, “proposamenaren xedeagaz bat etorri arren egiteko moduagaz bat ez datorrela” esanez justifikau dau abstentzioa. Israel Escalantek “arlo publikotik enpleoa bultzatzea eta jentea kontrol eta berme barik zulora ez botatea” planteau dau, Aldundiak egiten dauen moduan. “Ez da administrazinoen eginkizuna, baina ez da baztertu behar negozioa hasi eta arrakastarik lortzen ez dauen jentea”.
Beste alde batetik, EH Bilduko Iker Rahonak autonomoei eta enpresa txikiei bideratutako zuzeneko laguntzen proposamenetan jarri dau arretea. Bizkaiko lurraldeari jagokonez, Aldundiak 2020-2023 enpleo planean, eta, zehatzago esanda, 5. Erronkan, “balio erantsi handiko sektoreetara bideratutako ekintzailetzea” bultzatzea gurako leuke bere taldeak.
ELKARGIREN ETA K.O.I.-I.C.O.- REN MAILEGUAK
Arlo horretan, Talde Berezia-PP Bizkaiak, arauz besteko beste proposamen batean, eskaria egin deutse Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Covid-19a zala-eta Elkargik eta KOI-ICOk, enpresentzat eta autonomoentzat, hurrenez hurren, abalau ebezan maileguen itzultzeak “malgutzeko” eskatu deutse “gitxienez gabealdiak eta mailegu horreek itzultzeko epeak luzatzea” hain zuzen be. Ekimen hori be baztertu egin da, baina oraingoan Elkarrekin Bizkaia taldearen babesa jaso dau.
BEAZEN BALANTZEA
Beste alde batetik, Batzordeak aho batez onartu dau Olatz Goitia BEAZ erakundeko arduradunaren eta Ainara Basurko foru diputatuaren agerraldia, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak eskatuta, hurrengo saio batean alkarteak legegintzaldi honetan gauzatu eta aurreikusi dituan proiektuen barri emon daien. EH Bilduk erretirau egin dau BEAZeko zuzendaria bakarrik egotea eskatzen eban bere ekimena.
+