BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU GARRAIO PUBLIKOKO ZENBAIT TXARTELEN PREZIOA % 15 BAJATZEA

  • EH Bilduren ekimenak Euzko Abertzaleen eta Euskal Sozialisten kontrako botoa jaso dau; Elkarrekin Bizkaia, barriz, hileko, urteko eta Barik bidezko bidaietan Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP) deskontuak eskatzeko neurriaren alde agertu da.
  • Modu berean, Bizkaiko parlamentuak ezetsi egin dau Bilboko itsasadarrean ibaiko garraio-linea bat aztertzeko Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena.

(Bilbon, 2022ko maiatzaren 16an). Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Batzordean EH Bildu taldeak garraio publikoaren prezioa % 15 bajatzeko aurkeztu dauen arauz besteko proposamena atzera bota dabe gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek. Zehatzago, koalizino abertzaleak beherapen hori hileko eta urteko abonuen tarifetan eta Barik txartelagaz egindako joan-etorrietan apliketea eskatu dau. Ekimenean beste puntu bat gehitu da, Aldundiak hurrengo urte bietan bonu multimodalen eta Bariken tarifak izozteko aukerea aztertu daian. Ekimena bertan behera geratu da kontrako 9 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 4gaz (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta abstentzino bategaz (Talde Berezia-PP Bizkaia).

Raul Mendez EH Bilduko batzordekidearen berbetan, garraio publikoa merketzeko asmoa Ukrainako inbasinoak eta erregaien prezioen igoerak eragindako ziurbakotasun ekonomikoko garaian garraio publikoaren erabilerea bultzatzea zan. Abagune horri “trantsizino ekologikoan aurrera egiteko” beharra gehitu behar jako. Haren eretxiz, “beharrezkoa da” ibilgailu pribaduaren erabiltzaileei eskainitako laguntzak, horreen artean erregai litro bakotxeko 20 zentimoko deskontua, parekatzeko “maila bereko” neurriren bat emotea garraio publikoaren erabiltzaileei, “hobarietarako lerroen” bidez. Garraio publikoa merketzeko aldi baterako neurriak ezarri diran Alemaniako eta Errioxako kasuak jarri ditu adibide moduan Mendezek.

EH Bilduk planteautako neurriari buruzko eretxia emon dauen lehenengo alderdia Talde Berezia-PP Bizkaia taldea izan da. Eduardo Andrade bozeroaleari “ilusino berezia” egin deutso koalizino abertzaleak bere alderdiagaz bat egitea “zergen beherapenen” defentsan, “herritarren esku diru gehiago jarteko helburuagaz”. Batzordekide popularrak Gobernu zentralak ezarritako gasolinaren tarifen bajatzea kritiketako aprobetxau dau aukerea, ez dalako gura besteko eragina izaten ari; izan be, Euskadin erregaiak “6,9 zentimo” egin dau gora.

Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia taldea arrazoi birengaitik agertu da garraio publikoaren prezioa bajatzearen alde: “familiak nasaitzeko modu bat” dalako, bizitzak gora egin dauelako, eta ibilgailu pribadua erabilten daben personak garraio publikora bideratzeko “pizgarria” dalako. Eva María Caborneroren eretxiz, familien gastuak murrizteko Aldundiak bere lehentasunen artean sartu behar dau neurri hori. Modu grafikoan ohartarazo dau 4 kideko familia batek “187 euroko” kostua dauela hilean garraio publikoan.

Beste alde batetik, Euskal Sozialistak taldeak zifrak jarri ditu mahai gainean, Bizkaian garraio-sarea mantentzeko administrazino publikoak egiten ari diran ahalegina erakusteko. Lurraldeak urtean garraio publikoari eusteko “gastetan dituan 300 milioietatik”, “% 69a” finantzaketa publikoaren bidez ordaintzen da. “Heren bat” baino ez da txartelen salmenten diru-sarrerakaz ordaintzen. Gaur egun, Bizkaiko biztanle bakotxak “160 euroko diru-laguntzea dauka urtean”, “garraio publikoa erabili edo ez”, José Alberto Álvarez Castrejón sozialistaren berbetan.

Holan, Foru Gobernua babesten dauen beste taldeak –Euzko Abertzaleak– EH Bilduren idearen atzean “tranpea” ezkutetan dala azpimarratu dau, hau da, garraio pribaduaren kostuaren igoerearen egoerea garraio publikoaren agertokiagaz parekatzen saiatzen dala. Erregaia bajatzeko hobaria “ohiz kanpoko” neurria da, eta garraio publiko zerbitzua emoten daben administrazinoek be jasaten daben erregaien prezioaren igoera handia dala-eta planteau da; garraio publikoaren erabiltzaileei, barriz, ez jake bidaiaren prezioa igon.

IBAI-GARRAIOA ITSASADARRETIK

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaia taldeak Ibaizabalgo itsasadarrean ibai-garraio publikoko linea bat aztertzea planteetako arauz besteko ekimena defendidu dau batzorde berean. Ekimena bertan behera geratu da barriro, Foru Gobernua babesten daben taldeen ezezkoa dala-eta. EH Bildu eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldea azterlan horren alde agertu dira.

Emilio Lobato talde moreko batzordekideak “Itsasadarraren ertz biak hainbat puntutan lotzeko” ibai-garraioa egokitzeko aukereari buruzko azterlana egitea defendidu dau, Erandio eta Barakaldo artean edo Portugalete eta Areeta artean gaur egun dagozan “gasolino” zerbitzuak erreferentziatzat hartuta, eta itsasadarraren ertz bietan dagozan amarralekuak zerbitzuaren balizko geraleku lez balorauta. Itsasadarraren ertzetara bizigarritasun handiagoa ekarriko daben urigintza-garapen “garrantzitsuak” dagoz, eta aitatutako zerbitzua egungo sarean integretako kontuan hartu beharko dira. Ganera, ondare-elementu bat –gasolinoak– “salbau” egingo litzateke.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek idea baztertu ostean, Bizkaiko parlamentuak ez deutse Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzan (BMA) azterlan hori egiteko eskatuko Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, Elkarrekin Bizkaiak eskatzen eban moduan. Ingartek enpresak Bilboko Udalarentzat egin eban eta 2021eko abenduan argitaratu zan azterlana ekarri dabe mahai ganera talde biek. Azterlan horretan, Bilboko tartean itsasadarrean garraio-zerbitzurik ez egiteko gomendioa emoten zan. Azterlanaren ondorioen artean “ez zala alternatiba bideragarritzat joten” esaten zan, ez ebalako hobetzen garraio-sarearen gaur egungo eskaintzea. Izan be, maiztasunari eta geltokien arteko tarteari jagokenez gaur egungo garraio-sarea “askoz be egokiagoa da” adierazo dau Unai Lerma batzordekide jeltzaleak.