BIZKAIAN ALDUNDIAREN LAGUNTZA EKONOMIKOAGAZ ZABALDUTAKO NEGOZIOEN "% 70" AKTIBO DAGOZ ORAINDINO, MARTXAN JARRI ETA HIRU URTERA
- Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak DEMA foru agentziaren eta ekimen ekintzaileetarako laguntzen dekretuaren balantzea egin dau.
(Bilbon, 2022ko bagilaren 16an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako Batzordeak Maria Victoria Riol Rojo DEMAko zuzendariagaz batera etorri dan Teresa Laespada foru diputatuaren agerraldia hartu dau gaur. Bien artean, Aldundiak azken urteotan enpleo-politika aktiboen eta ekimen ekintzaileei laguntzearen arloan martxan jarri dituan programak eta laguntzak azaldu ditue.
Ekintzailetzarako laguntzen barruan, 2015etik hona bere departamentuak “7.036 enpresa eta 7.858 lanpostu” sortzen lagundu dauela nabarmendu dau Laespadak. Horreetatik, “% 52” emakumeak ziran, “% 24” 30 urtetik beherakoak eta “% 28” 45 urtetik gorakoak. Barne-ebaluazinoaren emaitzetan oinarrituta negozio horreen “% 70” martxan jarri eta hiru urtera oraindino aktibo dagozala jakin ostean, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko arduradunak “oso emaitza onak” dirala esan dau. Laespadak bere enpresa-proiektua sendotzerik izan ez dauen beste % 30 horri ahalegintzen jarraitzeko konbitea egin deutso, “urte bi geroago”, barriro be laguntzak eskatu daikiezalako.
Emaitza hori ekimen ekintzaileei buruzko foru dekretuaren ondorioetako bat da; izan be, aurton negozio barriak zabaltzen laguntzeko “5.590.000 euro bideratuko dira, igaz baino 200.000 euro gehiago”. Ekintzailetzaren aldeko apustu horren emaitzak aurrerago ikusiko dira; izan be, “5.000 eta 15.000 euro bitarteko” laguntza ekonomiko hori jasoteko epea bagilaren 30en amaituko da. 2021eko deialdian bakarrik, “1.171 enpresa” zabaldu eta “1.259 lanpostu” sortu ziran. Zenbaki horreek erakusten dabe ekintzailetza-gaitasunak “bizitasun handiagaz jarraitzen dauela, pandemia eta egoera ekonomikoa gorabehera”, esan dau Laespadak.
Diputatuak, Batzar Nagusietako taldeek eskatuta (EH Bilduk DEMAko arduradunaren agerraldia eskatu eban, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek diputatua bertaratzea), beste foru programa batzuek laneratzearen eta enpleoari eustearen inguruan izan daben emaitzaren errepasoa egin dau. Programa horreen arrakasta-mailea, Laespadak ohartarazo dauenez, parte hartzen dabenen trebezien eta lan-munduaren arteko distantziaren araberakoa da. Holan, gaiztasuna daukien biztanleei aukera bat emotera bideratutako “Laborlan” programeak “% 56ko” laneratzea lortu dau. Modu berean, 3R programearen arrakastea “% 36koa” izan da, eta biztanleria migratzaile gazteari laguntzeko Gazteonek “% 60ko” arrakastea lortu dau.
Foru dekretuari lotutako jarduketa horreetan, diputatuak zehaztu dau ekimen ekintzaileen barruan beste hiru lan-ildo dagozala. Lehenengoak negozio-planak egiteko “1,1 milioi euroko” partidea dauka, enpresa barriak eta transmitidu daikezan negozioakaz jarraitzeko bideragarritasun-planak sortzeko, “27 erakunderen” laguntzeagaz, gehienak “behargintzak”.
Proiektu ekintzaileentzako laguntza-sorta horren azkenengo ildo bien helburua daborduko zabalik dagozan negozioen enpresa-transmisinoa erraztea da, bai eta lehendik dagozan enpresak sendotzea be. Azken ekimen hori 2021ean sortu zan, eta “2.000 euro arteko” eskaintza egiten dau negozioak digitalizetan eta ikusarazoten laguntzeko, batez be. Eta barriena joan dan barikuan aurkeztu zan. Negozio bat eskualdatzeko edo martxan dagoan bat erosteko bitartekari, laguntzaile eta diru-laguntza emoile izan gura dauen “Negozion” programea. Laespadak baieztu dauenez, gaur egun 130 negozio dagoz eskualdatzeko izena emonda.
DEMA-REN BALANTZEA
Foru diputatuak DEMA zer dan labur azaldu ostean, bere departamentuaren menpekoa dan foru erakunde horretako María Victoria Riol Rojo zuzendariak laneko ildoak aztertu ditu, enpleo-politika aktiboen arloan 33 urteko jarduera daukan soziedade horrek zabaldutako programen datuak emonez.
Holan, ekintzailetzari jagokonez, dozena erdi bat laguntza-programari buruzko datuak emon ditu: Enpresari, Abian, Taldeka, Eskutik, Hegan eta Sarekin sarea. Abianen bidez, “327 enpresa” eta “341 lanpostu” sortu dira. Taldekak “37 proiektu” gauzatu ditu 2019tik 2021era bitartean. Eskutik programak, bestalde, “62” enpresaren sorreran hartu dau parte, eta beste “48” Hegan programeari esker finkatu dira. Ganera, DEMAk “105” erakunde erakarri ditu bere Sarekin sarearen bitartez. Bigarren edizinoan (2021), laguntza-eragileen sare horrek “2.900 izen-emote baino gehiago” lortu ditu, eta “28 jarduera gauzatu ditu, 64 hizlarigaz”.
Enpleoa sortzen laguntzeari jagokonez, igaz martxan jarritako Anezka izenekoaren barruan dagozan 8 anezkek “% 66ko” laneratzea lortu eben bertako “123 partaideen” artean. 2016az geroztik, “43 anezka” aktibau dira, eta “809” lanbakok hartu dabe parte bertan. Halaber, 45 urtetik gora dituen eta zuzendaritza taldeetan aritu diranei laguntzeko “Zubilan Plus” programeak “28” personako parte-hartzea lortu dau. Apiriletik, “Emalan Plus” programeak 50 urtetik gorako “30” emakumeri laguntzen deutse enpleoa lortzen. Eta “Entrena Empleo” programeak iraupen luzeko beste “16” emakume lanbakogaz behar egiten dau gaur egun, laneratzeko; “EmpleArte” programeak, barriz, gauza bera egiten dau beste “13” personagaz.
Beste alde batetik, Riol-ek amaitu dau esanez Bizkaiko Enpleoaren Ataria “argia ikustear dagoala”. Atari horrek webgunea eta app-a ditu, eta Aldundiaren enpleo eta ekintzailetza arloko programa-eskaintza guztia barne hartuko dau.