BIZKAIAK ETA LONBARDIAK HEZKUNTZA ARLOKO HARTU-EMONAK ESTUTU DITUE GERNIKAKO BATZAR ETXERA EGINDAKO BISITEAGAZ

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Euskal Lanbide Heziketaren eredua ezagutzeko Bizkaian dagozan Vareseko Prestakuntza Agentziako hezkuntza adituak hartu ditu.
     
  • Hezkuntza-topaketearen anfitrioia Nuestra Señora de la Antigua ikastetxea (Urduña) da.


(Gernikan, 2025eko abenduaren 2an). Bere arrakasta-ereduarengaitik aintzatetsitako Euskal Lanbide Heziketa (LH), erreferente bihurtu da nazinoartean. Aste honetan, Vareseko (Lonbardia, Italia) Prestakuntza Agentziako zuzendaritza taldearen ordezkaritza batek bisita instituzionala eta hezitzailea egin dau Bizkaira, eta ekitaldi nagusia Gernikako Batzar Etxe historikora egindako bisitea izan da. 

Batez be jarduketei eta ezagutza trukeei buruzko planei jagokenez Euskadiko Lanbide Heziketaren eredua zuzenean ezagutu gura dauen Italiako taldea Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak jaso dabe, Europako lurralde bien arteko lotura instituzionala sinbolizetan dauen topaketan.

Zuzendaritza taldeetako Italiako kideei, hezkuntza-truke horren sustatzaileak izan diran Bizkaiko anfitrioiek, Urduñako Nuestra Señora de la Antigua ikastetxeak hain zuzen be, lagundu deutsee. Bisitearen helburu nagusia Lanbide Heziketaren Bizkaiko arrakastaren oinarri diran zutabeen azterketa sakona egitea da. Ezagutza hori lankidetza-hitzarmen baten bidez sendotuko da. Horri esker, 2026ko urtarriletik aurrera Varese probintziako hainbat ikaslek praktikak hasi ahal izango ditue Urduñako eta probintziako ikastetxeetan.

Gernikako Batzar Etxea alkargune lez aukeratu izanak, erakundeek eta Bizkaiko foru historiak garapen sozial eta ekonomikorako esparru lez daben garrantzia azpimarratzen dau. Harrera instituzionalari esker, Italiako ordezkaritzak Bizkaiko autogobernuaren bihotza eta Gernikako Arbolatik datorren tradizino demokratikoa ezagutu ahal izan ditu.

Foru parlamentutik egindako ibilbidean, Italiako hezkuntza komunidadeko kideek Batzar Etxeko areto nagusiak bisitau ahal izan ditue. Agurren ostean, taldeak Gernikako Arbolan argazkia atera ahal izan dau eta, ondoren, Batzar Nagusietako egoitzearen barrualdea ezagutu ahal izan dau, eta geldialdiak egin ditu Osokoen Aretoan, Beiratearen Aretoan eta Liburutegian.