BIZKAIAK 68,3 MILIOI EUROKO INBERSINOAK BEREGANATU DITU NEXT GENERATION FUNTSETATIK

  • Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, Aldundiak eta lurraldeko toki erakundeek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik datozan Europako funtsetatik jaso dituen laguntzak zehaztu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietako kontroleko osokoan.


(Gernikan, 2024ko martiaren 20an). Gernikako Batzar Etxean gaur egin dan kontroleko osokoak oposizinoaren bost itaun eta beste horrenbeste ahozko erantzun-eske jaso ditu eguneko gai zerrendan. Bizkaiko Talde Popularrak planteautako ekimen horreetako batek Bizkaiko Next Generation funtsen zenbatekoari eta betearazpenari buruzko itaunak egiten eutsazan Foru Aldundiari. Foru Gobernuko sailetarako zeharkako gaia danez, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako foru diputatua izan da itzuli beharrik barik EBk emoten dituan funts horreei jagokenez bere sailak esku artean dituan azkenengo zifrak zehaztu dituana. Aldundiari “68.389.584,50 euro” emon jakoz, hainbat arlotan “33 proiektu” gauzatzeko. Zenbateko horretatik, “52,5 milioi” foru erakunde publikoakaz lankidetzan ari dira gauzatzen. 

Proiektu horreek batera finantzauta dagoz hainbat arlotan: “personen zainketak, turismoa, energia-eraginkortasuna, nekazaritzea, kulturea, mobikortasuna, digitalizazinoa…”, azaldu dau Berrojalbizek. Zehatzago esanda, “24” proiektu Aldundiarenak berarenak dira, eta 63.361.000 euro jaso ditue. Guztira 5.028.000 eurokoak diran beste 9 proiektu hiru foru erakunde publikok (Garbikerrek zazpi, Birziklatuk bat eta Euskalduna Jauregiak beste bat) aurkeztutako ekimenei jagokez.

Bizkaiko toki erakundeek lortutako funtsei jagokenez, Eusko Jaurlaritzak “132 milioi” emon deutsez, eta onuradunak Bizkaiko “85” udalerri izan dira. Ganera, zenbateko horreei gobernu zentraletik zuzenean jasotako zenbatekoak gehitu behar jakez; izan be, Estaduak funtsen % 65 banatzen ditu, eta beste % 35a autonomia-erkidegoetara transferituta dago.

Bizkaiko Foru Aldundiak diru-laguntza bi bakarrik banatu behar izan ditu zuzenean: 11 onuradun izan dituen nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasunerako inbertsinoak, 123.600 eurokoak; eta urikoak ez diran guneetako kultur eskaintzea dibertsifiketako laguntzak, 348.900 eurokoak, 10 onuradun izan dituenak.

Berrojalbizek azpimarratu dauenez, Aldundiak beharrean jarraitzen dau “ahalik eta proiektu gehien jasoteko”, Bizkaia “berdeagoa, digitalagoa eta solidarioagoa” eregiteko “aukerea” dalako. Erakundeen arteko “lankidetza eta baterako gobernantza handiagoa” eta eskualdeetako PERTEak zabaltzea eskatu dau, baita “eraldaketarako palanka” hori Autonomia Erkidegoakaz adostea be.


BESTE GAI BATZUK

Horrez gain, kontroleko osokoan, EH Bilduk azalpenak eskatu deutsaz Foru Gobernuari, krisian dagozan enpresen, metroaren 5. linearen edo Bizkaiak Zainketen Aldeko Herri-Itunean dauen inplikazinoaren aurrean egin diran jarduketen ganean. Koalizino abertzaleak, Auzitegi Gorenaren 707/2023 Epaiaren eta haregaz erlazionautako urtarrilaren 9ko 20/2024 Epaiaren, UEFAk homologautako entrenatzaile tituluak euskeraz emotearen eta Murueta Ontziola erostearen inguruan be galdetu dau.

Next Generation funtsez gain, behargin autonomoen egoerea izan da Bizkaiko Talde Popularraren sinadurea izan dauen beste gaietako bat. Eguneko gai zerrendea, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren ekimen bigaz osatu da, familiako zainketak erakundeen zainketearen aurrean dauen pisua murrizteko politika publikoen hobekuntzei eta museo inklusiboak sortzeko jarduketei buruzkoak.

Zezeilean onartu zanetik lehenengoz, Aldundiak balioan jarri dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, gizarte zerbitzuetan gastu arrunta handitzeko eta zaintzaileen Estatutua onartzeko konpromisoa hartzen dauen eta ganerako aldundiakaz eta Eusko Jaurlaritzagaz lortu dan Zainketen Aldeko Herri-Ituna. Dokumentuak 14 konpromiso jasoten ditu; horreen artean, gizonak lan guztiz feminizau horretan inpliketako neurriak dagoz. “Begiradea genero-ikuspegiagaz aldatzeko beste pausu bat da”, esan dau Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatuak, EH Bilduk egindako itaunari erantzunez.

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak, familiako zainketak erakundeen zainketearen aurrean dauen pisua murrizteari buruzko itaunak egin deutsaz Aldundiari. Eneritz de Madariaga talde horretako bozeroaleak Bizkaiko Foru Aldundia arlo horretan “noraino” helduko dan galdetu dau, eta zer pausu zehatz emongo diran etorkizunean zainketea ez daiten horrenbeste familiaren eta emakumeen esku egon.

Bere erantzunean, Gizarte Ekintzako diputatuak, adinekoek eta senideek zainketen arloan daukien eretxia aztertzeko bere sailak egin dauen azterlana erabili dau. Azterlan horren ondorioen artean adinekoek etxean geratzea “gurago izatea” eta zainketen arlo horretan familiak dauen pisuaren prebalentzia azpimarratu ditu Aldundiko arduradunak.


Antxustegik azpimarratu dauenez, bere sailak “apurka-apurka eta bere borondatez” gauzatzen jarraituko dau Itunagaz bat datorren eta 2021ean aurkeztu zan iraupen luzeko zainketen trantsizino plana. Plan hori “funtsezko” lau proiektutan oinarritzen da: Etxetik eredua, bizikidetza unidadeak, eskualdeetako erreferentziazko zentroak eta zaintzaileentzako prestakuntzearen hobekuntzea. Ezarpen horrek irauten dauen bitartean, ereduari buruzko gogoetea egin beharko da, eta eredua etorkizuneko hausnarketetan oinarrituta joango da “moduletan”.


KRISIAN DAGOZAN ENPRESAK

Beste alde batetik, Iker Casanova EH Bilduko bozeroaleak, gure gizarte ongizatearen elementu “errazional” lez defendidu dau industria osokoan. Zehatzago esanda, batzarkide abertzaleak, 150 behargini eragiten deutsen itxierea planteau dauen Mecaner lako enpresen egoerea aitatu dau (behargin batzuk osokoen aretoan egon dira). Urdulizko matrizeria “18.625 milioi” irabazi ebazan Stellantis multinazionalarena da, eta taldearen buruek euren jarduerea “deslokalizetea” erabagi dabe, etekin handiagoak bilatzeko. Horrez gain, Ugao-Miravalleseko Envases Universales Ibérica enpresako jarduera eta enpleo galerea be aitatu dau. Kasu bietan, Casanovak enpresen igesa saihesteko “funtzionetan ez daben eta aplikau ez dan” foru protokolo “eskasa” aitatu dau.

Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatu andreak esan dauenez, tamalgarria da koalizino abertzaleak bere esku-hartzeetan Bizkaiko produkzino sarea apurka-apurka murrizten ari dala esatea, azken hamarkadetan euskal erakundeek gauzatu daben industria politika sendoa kontuan hartu barik; ahalegin horreek indarkeria garaian be egin ziran. Bere defentsan, diputatu andreak Aldundiak “industriaren eta zerbitzu aurreratuen alde” egindako apustua aitatu dau. Horri esker, gaur egungo industria moltsoaren pisuak “2019. urtekoak baino balio handiagoak” ditu. Etorkizunean, “digitalizazinoari esker”, industriaren eta zerbitzu aurreratuen arteko erlazino hori “areagotu egingo da”, iragarri dau. Casanovaren eretxiz, barriz, manufaktura-ahalmena “gainbeheran” dago, eta industriak BPGaren bost puntu galdu ditu, % 23ra heldu arte.

Basurkok sektore industrial “indartsuari” eusteko beharra be defendidu dau, “kalidadeko enpleoaren” sinonimoa dalako, baina horrek ez dau esan gura lurraldean dagozan enpresen edo produkzino-zentroen jarraipena arriskuan jarriko daben egoera “zehatzak” ez diranik egongo. Aitatutako enpresei jagokenez, Basurkok baieztu dauenez, bietako batek be ez dau Aldundiaren laguntzarik jaso, eta, beraz, ezin jake aplikau 2007an onetsi zan eta enpresen deslokalizazinoak saihestea helburu dauen foru araua.

Basurkok adierazo dauenez, Foru Aldundiak Mecanerreko arduradunakaz izan dituan komunikazinoetan, adibidez, zuzendariek “ez ditue planteautako itxierearen aurrean egon daitekezan alternatibak balorau gura izan”. Envases Universales Ibérica-ren egoereari jagokonez, egoera ez da hain larria, ez dalako itxierea planteetan, 50 behargini eragiten deutsen enpleo-erregulazinoko espedientea baino. Kasu bietan, Aldundiak “laguntzeko jarduketak aztertuko ditu”, baina “enpresariaren rola” hartu barik, esan dau.


METROAREN 5. LINEAREN BEHIN BETIKO DISEINUA

EH Bilduk, bere aldetik, Usansoloko ospitalea eta Euskotrenen linea lotuko dituan metroaren 5. linearen proiektuaren laugarren tarteari buruzko itaunak egin deutsaz Foru Gobernuari. Raúl Méndez batzarkideak azkenengo diseinuak inguruko bizilagunek adierazotako mobikortasun beharrei “erantzutea” eskatu dau, eta esan dau tamalgarria dala Eusko Jaurlaritzak trazauari buruz hartu dauen behin betiko erabagia Usansoloko auzotarren asmoakaz bat ez etortea. Hori dala eta, aurkeztutako “hiru” alternatibei buruzko balorazinoa eskatu deutso Aldundiari.

Sonia Pérez, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatuak adierazo dauenez, proiektautako ibilbideak “biztanleen mobikortasun beharrei erantzuten deutse” eta Aldundiak 6,2 kilometroko trazaua eta 5 geltoki barri eregiteko inbertiduko dituan 180 milioi euroak –beste 180 Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu– “justifikau” ditu. Diputatu andreak gogora ekarri dauenez, Gasteizko Jaurlaritzak, ETSren bitartez, azterlan gehigarrian –gaur zabalduko da jente aurrean erakusteko epea– urigunera sartzeko kanoia 100 metro luzatzea eta Usansolotik urrun dagozan auzoak metroagaz lotuko dituan anezkea ezartea sartu dau. Pérezen eretxiz, “egungo egoerearen eta urigunean geltoki bat edo sarbide bat planteetan eben beste aukera bien aurrean Usansoloko mobikortasuna hobetuko dauen urtenbidea da”. Urtenbide hori “ekitate handiagokoa” dala esan dau.

Beste alde batetik, Aldundiak bete egingo dau –Ogasun eta Finantzetako diputatuak baieztu dauenez– zerga agentziak errenta aitorpenean pentsinodunek mutualidadeei egindako ekarpenak/kotizazinoak kontuan izatera behartzen dituan Auzitegi Gorenaren epaia. Berrojalbizek iragarri dauenez, Bizkaiko Ogasunak “Auzitegi Gorenaren epai guztiak” kontuan hartuko dituan zirriborroa sartuko dau eragindako persona bakotxaren hurrengo errenta aitorpenean, baina saileko teknikariak itzulketa horreek kalkuletako modua aztertzen ari dira gaur egun.

Hasiera baten, EH Bildu “harrituta” agertu zan, epaia “irmoa” dalako. Geroago, aurtengo urtarrilaren 9an, emondako epaian, auzitegiak inoan pentsinoaren zati hori zehazteko % 75eko integrazinoa kalkulau behar dala “35 urteko gehieneko kotizazino-aldian oinarrituta”, hau da, pentsinoaren % 100 jasoteko beharrezkoa dan kotizazino-aldia, Arantza Sarasola batzordekideak adierazo dauenez. Beraz, “ez litzateke zuzena izango” pentsinoaren zati hori laneko bizitzako urte guztietan oinarrituta kalkuletea, Aldundiak hasieran proponidu eban lez.

Osokoa, Aldundiak Muruetako Ontziolaren lurrak erosteko Gobernu zentralagaz negozietan ete dauen argitzeko EH Bilduk egindako erantzun-eskeagaz bukatu da. Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu barriak azaldu dauenez, Aldundiak eta enpresak jaubetza pribadukoak diran eta Urdaibaiko Guggenheimen parte bat altzetako erabili gura diran lurrak erosteko “lehenengo hurbilketak” egin ditue. Erosketa horrek ez deutse eragingo Estaduaren jaubetzako ur-laminaren eta itsasoko-lehorreko linea publikoaren artean dagozan lursailei. Horreen ganeko asmoa “jatorrizko egoerara lehengoratzea” da.