ALDUNDIAK TOKIKO ERAKUNDEEN "169" EKARPEN JASO DITU BIZKAIKO HONDAKINEN PLAN INTEGRALAREN “PARTE-HARTZE PROZESUAN”

  • Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko foru diputatuak, Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030eko Plan lntegrala (BHPKPI) garatzeko udalakaz eta mankomunidadeakaz gauzatutako partaidetza prozesuaren garapenari buruzko balantze kuantitatiboa egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan
  • Aldundiak tokiko erakundeen 169 ekarpen jaso ebazan zezeilean egindako eskualdeko 11 bileratan. Horreetatik 119 planaren zirriborro barrian sartu dira.

(Bilbon, 2022ko bagilaren 10ean). Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko foru diputatuak BHPKPI 2030 Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan lntegrala garatzeko udalakaz eta mankomunidadeakaz gauzatutako “partaidetza prozesuaren” garapena azaldu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan. Aldundiak zezeilean antolatutako topaketetara lurraldeko udalen “% 87a” bertaratu da. Udal horreek guztira 492 ekarpen bidali ditue. Aztertu eta behin eta barriro errepikatu diran ekarpenak multzokatu ostean, “169 ekarpen desbardin” geratu dira, eta horreetatik “119” plan barrian sartu dira.

Foru-arduradunak zehaztu dauenez, bilerak ordu bikoak izan dira, eta “entzute aktiboa” egiteko eta tokiko erakundeek euren iradokizunakaz eta ideakaz BHPKPI egiteko prozesuan parte hartzeko balio izan dabe. Orain, aurtengo bigarren seihilekoan, prozesu hori fase barrian sartuko da. Aldundiak herritarren partaidetzarako prozesua zabaldu, eta, horren ostean, Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen hasiko da, Batzar Nagusietako taldeek euren ekarpenakaz behin betiko formea emon deioen.

Toki-erakundeakaz –udalakaz eta mankomunidadeakaz– izandako “11” bilerei jagokenez, “maila gorenean” egin dira. Hitzordu horreetan, diputatua bera eta Ingurumen arloko eta Garbikerreko zuzendariak izan dira. Mahaiaren beste aldean, Bizkaiko biztanleen “% 89” ordeztuz Aldundiaren deialdian parte hartu daben “94 udaletako eta 9 mankomunidadetako” alkateak edo zinegotziak.

Topaketetan, tokiko arduradunek ekarpenak egin ahal izan deutsiez planaren lehenengo zirriborroari, “formulario” baten bitartez. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak kritikau egin dabe prozedura hori. Halanda be, Etxanobek adierazo dauenez “parte-hartze handiak erakusten dau udalek interes handia daukiela” hondakinen kudeaketan. Tokiko erakundeek egindako bileren balorazino “ona” egin dabe, eta, batez beste, “3,5 puntuko” nota emon dabe, 1etik 4ra bitarteko eskalan. “Gaikako bilketea, barriro erabilteari balioa emotea eta erakundeen arteko koordinazinoa nabarmentzea” izan dira interesik handiena sortu daben programak, Etxanobek azpimarratu dauenez.

Batzar Nagusietako taldeen txandan, Eduardo Andradek (Talde Berezia-PP Bizkaia taldea) 119 ekarpenen xehetasunen “barri izatea” eskatu dau. Hector Fernandezek (Elkarrekin Bizkaia) parte hartzeko prozedurea kritikau dau, eta adierazo dau Aldundiaren ekimenak “kontsultaren antza gehiago daukala, parte-hartze prozesuarena baino”. Raul Mendezek (EH Bildu) faltan bota dau topaketen balorazino “kualitatiboagoa” egitea eta “etorkizunean egingo danaren barri emotea”. Beste alde batetik, Jesús Lekerikabeaskoa eta Jesús María Ortiz Euzko Abertzaleen eta Euskal Sozialisten ordezkariek txalotu egin dabe ekimen parte-hartzailea, alkatetzen ekarpenak ez ezik, alderdi politiko guztienak be batzen ditualako.

Etxanobek hondakinen plan barriaren definizinoan parte hartzera animau ditu Batzar Nagusietako taldeak. Batzar Nagusiek onartu ostean, “pausuz-pausuko egokitzapenak” egingo dira, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko Sailak berak “urtero” egingo dituan ebaluazinoetan oinarrituta. Epe laburrean, hilebete honetan, Batzar Nagusietako taldeak Iraunkortasun Kontsejuan alkartuko dira xehetasun gehiago jakiteko.

HORMIGOIA ARRIGUNAGAKO HONDARTZAN

Bestalde, Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordearen erantzun-eskeen txandan, Elkarrekin Bizkaiak, Getxoko Arrigunaga hondartzako txiringitoan hormigoia bota izanaren inguruan galdetu deutso Bizkaiko hondartzetako ingurumenaren babesaz arduratzen dan saileko arduradunari.

Antxustegik gogorarazo dauenez, Bilboko Portuko Agintaritzaren eskumenekoa dan eta maiatzean egin zan obrak, ez dau Aldundiaren aldez aurreko “ezelango” kontsultarik igaro. Edozelan be, diputatuak ziurtatu dau txosnaren eremua barritzeko lanek ez deutsiela “ezelango kalterik eragin natur ondareari”, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko Sailaren eskumenei jagokenez.

ITSAS PINUAREN OSASUN-EGOEREA

Ahozko beste erantzun-eske baten bidez, Bizkaiko itsas pinuaren gaur egungo egoereari buruzko informazinoa eskatu dau EH Bilduk. Talde horren eretxiz, zuhaitz-espezie horren osasun-egoerea “kezkagarrian” da, banda gorriaren, banda marroiaren, nematodoen eta lepideoen eragina jasoten dauelako. Azkenaldian, foru-administrazinoak itsas pinua landatzeko “gomendatu deutse” partikularrei, mintegizainek kontrakoa dinoen arren.

Etxanobek ukatu egin dau “pinus pinaster” espezieak gaiztasunak dituanik Bizkaian. “Ez dago kezkatzeko seinalerik, ezta haren osasunari buruzko ezelango larritasunik be”, Aldundia Gueñesen, Abanto eta Zierbenan eta Bermeon egiten ari dan prebentzinozko lanetan oinarrituta. Eremu horreetan ez da aurkitu nematodorik, pinazeoen familiako zugatz-espezie hori gehien kaltetu daiken patogenorik.

Mintegien jabeen gomendioei jagokenez, foru-arduradunak adierazo dau itsas pinua bigarren espeziea dala izakinetan. Landetan edo Mediterraneoan gehien agertzen dan espezie horren hedadurea “hazten ari da” gaur egun Bizkaian. 2021eko datuek erakusten dabenez, “4.648 hektarea” hartzen ditu, hau da, koniferoen azaleraren “% 6,5a”. Aldundiak ez dau espezie hori landatzea gomendatzen, baina Aldundiaren laguntzak jasoten dituen espezieen artean dago, Etxanobek onartu dauenez.

BARBADUNGO FAUNEA

Beste alde batetik, Muskizko findegiaren inguruan etxeko katu baten desagerpenaren ondorioz, Elkarrekin Bizkaia taldeak jakin badaki “Petronorrek” tranpak jarri dituala. Talde moreak, Barbadun ibaiaren ingurune naturalean enpresak jarduteko dauen modu horri buruzko azalpenak eskatu ditu.

Jarduera hori bere sailaren eskumen-eremutik kanpo geratzen dala adierazo dau Etxanobek, baina Petronorrek jarritako “9 kaiolen” bidez egindako azkenengo animalia-harrapaketei buruzko datuak emon ditu. Azkenengo kanpainan, guztira harrapautako 30 animalien artean “bi triku arrunt” baino ez ziran aurkitu. Gainerakoak katuak ziran. “Txipa” eukienak euren jaubeei itzuli jakezan.

GARBIKERREN BALANTZEA

Azkenik, batzordeak, EH Bilduk eskatuta, Garbikerreko zuzendari kudeatzailearen agerraldia onartu dau, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko Sailaren esku dagoan erakunde horren proiektuen bilakaerea ezagutzeko. Jon Sáenz de Viguera Erkiaga Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko Sailaren arduradunagaz joango da hurrengo saio batera, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek holan eskatuta. Bertaratzeko eskaera biak aho batez adostu dira.