ALDUNDIAK GIZARTE-ZERBITZU ETA -PRESTAZINOEN 43.000 IKUSKAPEN- ETA KONTROL-JARDUKETA BAINO GEHIAGO EGIN EBAZAN 2021EAN
- Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Gizarte Zerbitzuen eta Prestazinoen Ikuskapen eta Kontrolerako Plan Orokorraren 2021eko balantzea aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.
- Ikuskapen-lan honeek izan ziran: “3.133” jarduketa zentroetan eta “34.108” prestazinoren eta “5.883” etxeren barrikuspena. Ganera, prestazinoen, hitzarmenen edo diru-laguntzen “98 milioi eurotan” jarri zan lupea, eta horreen “% 1,87” barrikustea eskatu da.
(Bilbon, 2022ko maiatzaren 24an). Azken urteotan ohikoa danez, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da, Gizarte Zerbitzuen eta Prestazinoen Ikuskapen eta Kontrolerako Plan Orokorraren balantzea egiteko. Foru Aldundiko “zortzi” zerbitzuren lana jaso ostean, Gizarte Ekintza Sailak baieztu dau igaz “43.136” ikuskapen- eta kontrol-jarduketa egin zirala. Txostenak bost taldetan banatzen ditu ekintza horreek: instalazinoei jagokenez zentroetako araudia betetea; instalazinoetan personak kontroletako, artatzeko eta zaintzeko egiten dan lana; etxeetan emoten diran arretea eta zaintzea; gizarte arloko prestazinoak; eta hitzarmenen eta diru-laguntzen kontrola.
Igazko datuek “erakusten” dabenez, Aldundiak kontrol “zorrotza” egiten dau, eta Ikuskaritza eta Kontrol zerbitzua be “ondo” dabil, adierazo dau Murillok. “Lan itzela” egiten dau, gizarte-zerbitzuen finantzaketea “iritsi behar dauenarengana iristen dala” zaintzeko. Lan horrek “zaurgarritasun handieneko” egoeran dagozan personei arretea emotearen inguruko “bermea eta nasaitasuna” emoten deusku. Horretarako, Murillok laburbildu dauenez, ekintza horreen barruan “3.133” kontrol eta ikuskapen jarduketa egin dira zentroetan; “34.108” prestazino barrikusi dira, eta “5.883 etxe” bisitau dira. Ganera, prestazinoen, hitzarmenen edo diru-laguntzen “98 milioi euro” fiskalizau ziran, eta horreen “% 1,87” barrikustea eskatu da.
Murillok txostenaren gora-behera nagusiak zehaztu ditu, zeharka bada be, lurraldeko gizarte-zerbitzuetako zentroetako instalazinoen ikuskapen- eta kontrol-datuei buruzko lehenengo blokeari jagokozanak oso gainetik aitatuz; izan be, datu horreek daborduko emon ziran zezeilaren 22ko batzordean, “aurrerapen” moduan. Halanda be, Murillok gogorarazo dau bere ardurapean dagozan zentro “guztiak” ikuskatu zirala, hau da, “% 10eko igoerea” izan zala, eta Banakako Arreta Planen (BAP-API) “% 5a” aztertu zala.
Zentroetako arretaren eta zaintzaren kontrolari buruzko txostenaren bigarren blokeari jagokonez, foru diputatuak laburbildu dauenez, “2.592 jarraipen” egin ziran, hau da, aurreikusitakoa baino “% 28” gehiago. Adinekoen zentroei jagokenez, “324 esku-hartze” egin ziran, aurreikusitako % 5aren gainetik. Desgaitasuna daukien personakaz behar egiten daben zentroetan, 2020an ez zan ikuskapenik egin, pandemia zala eta, eta horreen “% 10a” ikuskatzeko helburua bete da. Umeen zerbitzuari jagokonez, “1.556” adinbako dagozala egiaztau da; horreetatik 1.186 egoitzetan egozan, eta 370 familiakaz. Emakumeentzako zentroei jagokenez, % 100ekoa izan da ikuskapena, eta bazterkeria-arriskuan dagozan personak artatzen dituen programetan, barriz, “% 91koa” –259 kasu–.
Etxeko zainketei jagokenez (txostenaren hirugarren atala), Gizarte Ekintza Sailak “5.883 ikuskapen” egin ditu, hau da, laguntzaren bat jasoten dabenen “% 27”, urtearen hasieran ezarritako helburuaren gainetik, hau da, lau egoitzatatik bat aztertu da. Azterlan horretan, “241 gorabehera” aurkitu dira. Egindako ikuskapenen “% 4a” osatzen dabe, eta ehuneko hori aurreko urtekoa baino puntu bi txikiagoa da.
Murillok geldialdia egin dau taldeen aurrean egin dauen agerraldian, gorabehera horreen tipologia zehazteko. Horreen “erdiak” izaera “administratiboa” izan eben, batez be zaintzaileen titulartasun-aldaketek eragindakoak. “38” kasutan, preminazko jarduketea egin zan, eta “10” kasutan, tratu txarrak egoteko arriskuagaitik jardun zan. Azkenean, kasu bakar batean baieztu zan tratu txarrak izan zirala etxean. Ganera, “50” bisitatan (ikuskapenen % 0,85), zaintzaileen “gainkargea” detektau eben. Aurreko urteakaz alderatuta, murrizketa “nabarmena” izan da: 2019an, “76 kasu", eta 2022an, “91”. Murillok adierazo dau igaz “ez zala kasurik bialdu Fiskaltzara”.
Laugarren eta bosgarren ataletan, alde batetik, gizarte arloko prestazinoak kontroletan dira, eta, bestetik, hirugarren sektorera hitzarmenen eta diru-laguntzen bidez iristen dan finantzaketea. Sailak hainbat partida eskatu ditu, baliabideen amaieran egon diran arazoak dirala-eta itzultzeko. Halan, “69 milioitik gora” aztertzea ekarri eben (2020an baino hiru gehiago) “34.108” gizarte-prestazinoen azterketetan, hartzaileei “1.605.515 euro” itzultzea eskatu jaken. Horreek aztertutakoen % 2,41 izan ziran, eta aurreko urtean % 3,12. Ganera, hitzarmenetan eta diru-laguntzetan emondako “ia 29 milioi” –28.950.508– be aztertu ziran. Itzultzeko eskaerea “% 0,81era” heldu zan, hau da, 233.646 euro.
Batzar Nagusietako talde batzuen eskariz, Murillok azkenengo ikuskapen planak interneten argitaratzeko konpromisoa hartu dau. Tipologiaren araberako ikuskapenen ehunekoen arteko aldeaz galdetuta, diputatuak zehaztu dau zentro txikien % 100 aztertzen dirala, eta ganerakoen kasuan “zentzuzko” ehunekoa ikuskatzen dala, eta horrek “gertatzen danera behar beste gerturatzeko” aukerea emoten dauela, jardun ahal izateko. Pandemiak eragindako plan bereziei jagokenez, Murillok esan dau “batzuk daborduko ez daukiela zentzurik” kutsatzeen bilakaerarengaitik eta ondorioengaitik, egoitzak ikuskatzeaz arduratzen diran lau PCI teknikarik euren lanetan jarraitzen daben arren.
GUFE-REN ETA BIZKAIKO TUTORETZA ERAKUNDEAREN BALANTZEA
Beste alde batetik, batzordeak aho batez onartu dau, EH Bilduk eskatuta, Aldundiaren esku dagozan GUFEko eta Bizkaiko Tutoretza Erakundeko arduradunen agerraldia, legegintzaldi honetan gauzatu eta aurreikusi dituen proiektuen barri emon daien. Arduradun horreek Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuagaz batera etorriko dira, parlamentuko talde guztiek diputatua be bertan egotea erabagi dabelako, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek eskatuta.