ZERGADUN BATEK ERRENTA-AITORPENEAN ALDAKETA FISKALA ESKATU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN GURASO BAKARREKO FAMILIAK EZ “DISKRIMINETAKO”
- Marta González Millánek foru arauaren 98. artikuluaren idazkerak berari eta banandutako, dibortziautako edo guraso bakarreko beste familia askori ekarri deutsen kalte ekonomikoaren barri emon deutse Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeko kideei.
(Bilbon, 2026ko irailaren 24an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean, guraso bakarreko familiek errenta-kanpainan aurton jasandako “diskriminazino fiskala” dala-eta foru araua aldatzeko eskatu dauen zergadun baten agerraldia hartu dabe.
Bere parte-hartzean, familia unidadearen definizinoari buruzko Pertsona Fisikoen Errentaren ganeko Zergearen (PFEZ) Foru Arauan 2025ean onartu zan aldaketak, bere alaba bien zaintza esklusiboari eutsi eta hazkuntza modu jarraituan bere gain hartu arren baterako aitorpena egitea galarazoten deutsola azaldu dau Marta González Millánek. 98. artikuluan jasoten dan Araudiaren aldaketa horrek 1.800 euro inguruko kalte ekonomikoa ekarri dau etxera, aurreko ekitaldiakaz alderatuta, eta, bertaratutakoak aitatu dituan foru-datuen arabera, egoera horrek 16.046 zergadunengan dau eragina lurraldean.
Zergadunak Bizkaian 2025ean lortu dan 10.442 milioi euroko diru-bilketa errekorragaz eta 2026rako aurreikusten dan 10.950 milioiko diru-bilketeagaz kontrajarri dau murrizketa hori. Horrez gain, González Millánek kritikau egin dau 2026rako tributuen arloko neurriei buruzko foru arauaren proiektuak osasun arloko aseguru pribatuengaitik edo gimnasioengaitik kenkari barriak aurreikustea adinbakoen oinarrizko beharrizanei erantzun barik, Umeei eta Nerabeei buruzko 2/2024 Legean jasoten dan lehentasunezko babesaren printzipioa aitatuz. 2025eko ekitaldiko eragina konpontzeko, legezko epearen barruan barrikuspen telematiko eskaera bat gaitzea planteau dau, funtzionarioen lana ez gainkargetako.
Hori guztia dala eta, bertaratutako zergadunak funtsezko lau eskari aurkeztu deutsez Batzar Nagusietako taldeetako ordezkariei. Lehenengo eta behin, González Millánek PFEZren foru arauaren 98. artikuluaren barrikuspen formala eskatu dau, zaintza esklusiboko egoeretarako eta guraso bietako batek seme-alaben hazkuntzaren gastu gehienak modu eraginkorrean bere gain hartzen dituan familietarako erespide argiak eta objektiboak ezartea eskatuz. Horrez gain, atzeraeragina apliketea eskatu dau, 2025eko errentearen kanpainan kaltetuak izan diran personak eta familiak alde ekonomikotik konpentsetako, eta, azkenean, tributuen erregulazino barria behin betiko itxi aurretik eragina jasan daben familiei entzuteko izapidea eskatu dau.
ARAUDIA BARRIKUSTEN ARI DA, ATZERAERAGINAREN ZAIN
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldearen aldetik, Eneritz de Madariaga Martínek argi eta garbi autortu dau 98. artikuluaren aldaketak kalteak eragin eutsezala familia jakin batzuei, ez diralako modu egokian aurreikusten elikagaien pentsinodun zaintza esklusiboa euki arren pentsino horreek ordaintzen ez diran kasuak. Horrez gain, baieztu dauenez, Foru parlamentua zuzenketa-eskeen tramitazino betean dago araua barrikusteko, eta planteautako eskaerei epe laburrean erantzun positiboa emotea espero dau.
Jarraian, Bizkaiko Talde Popularreko Diego Pagadigorria Wickek bere taldearen erabateko babesa adierazo dau lau eskaeretarako, Foru Ogasunaren “jarrera murriztailea” kritikauz eta eragin ekonomikoa konpontzeko beharra defendiduz, 2025era arteko atzeraeraginezko ondorioakaz. Horrez gain, adierazo dauenez, aurretiazko aldaketea bere ondorioak aurreikusi barik onartu zan, eta erantzukizunak hartzeko deia egin deutse Foru gobernuko taldeei.
PSE-EE taldearen izenean, Berta Campo Prietok onartu dau arau batek gura ez diran, aurreikusi ez diran edo bidebakotzat joten diran ondorioak sortzen dituanean, erakundeen betebeharra “barrikustea, aztertzea eta zuzentzea” dala. Ildo horretan, ondorio horreek konpontzeko barrikuspen prozesua edegita dagoala be baieztu dau.
EH Bilduko Arantza Sarasolak, bere aldetik, “guztiz” egin dau bat bertaratutakoaren berbakaz, eta gogora ekarri dau bere taldeak zerga-eztabaidan be ohartarazo ebazala 98. artikuluaren aldaketearen eta irismenaren inguruko zalantzak. Sarasolak azaldu dau bere taldeak aurreko idazkerara bueltetako proposamena erregistrau dauela, 2025etik aurrera atzeraeraginezko izaereagaz, baina gobernuko indarren jarreraren aurrean eszeptiko agertu da atzeraeraginak aurrera egingo ete dauen.
Bukatzeko, Euzko Abertzaleak taldeko Ainhoa Pielo Muguruzak azaldu dauenez, familia-unidadearen kontzeptuaren konfigurazino barriak bizikidetza eredu barrietara egokitzea bilatzen eban, baina kasu batzuk gura zan babesetik kanpo geratu zirala onartu dau. Batzordekide jeltzaleak adierazo dauenez, bertaratutakoaren jarrerea eta ikuspegia kontuan hartuko dira Ogasuneko Batzordean zuzenketa-eskeak negozietako orduan, eta Foru Ogasuneko Sailera eroango dira zuzenean.