DURANGOKO TABIRA BERRI EGOITZAKO ERABILTZAILE BATEN SENIDE BATEK ARRETAN DAGOZAN GABEZIA LARRIAK KONTAU DITU
- Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean jakinarazo dauenez, erabiltzaile batek ekintza judizialak hasi ditu zuhurtziabakokeriazko ustezko lesinoak dirala eta.
(Bilbon, 2026ko martiaren 23an). Virginia Merino Beitiak, urte bitan Durangoko Tabira Berri zentroan bizi izan dan persona baten senideak, egoitza horren erabiltzaileen prekariedade egoerea eta bertan dagozan gabezia larriak salatu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan eta agintari judizialen aurrean. Egoerea “amesgaiztoko” lez deskribidu dauen lekukotasunak behargin, higiene eta elikadura faltea, mantenimendu eskasa eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arreta instituzionalik eza izan ditu ardatz.
Kontau dauen gertakaririk larriena bere amak 2024ko maiatzaren 24an izandako jausikoa izan da. Hirugarren graduko mendekotasun handikotzat kalifikauta dagoan egoiliarra beso-euskarririk ez eukan aulki batetik jausi zan, eta horrek buruhazurreko traumatismoa eta masailazurra eta hazur okzipitala apurtzea eragin eutsan. Zentroko segurtasuneko grabazinoak ikusi eta gero Merino Beitiak salaketea jarri dau zabarkeriarengaitik. Dinoenez, grabazino horreek ez datoz bat istripua besaulkiakaz estropezu egin izanari egotzi eutson bertsino ofizialagaz.
Salatzaileak adierazo dau zentroak ez dituala beteten kalidadeko gitxieneko estandarrak. Aitatutako irregulartasunen artean, “beharginen ratioak ez dirala nahikoak” –behargin bakarra mendekotasun maila handia daben hamar persona artatzeko–, higiene faltea, altzari desegokiak eta lekualdatzeko garabien funtzionamenduan akatsak nabarmentzen dira. Modu berean, behar lez iragarri ez ziran behin eta barriro izandako sarna (eskabiosia) agerraldiak izan dirala esan dau, eta elikadurea eskasa eta kalidade txarrekoa dala.
Bizkaiko Foru Aldundiaren lanari jagokonez, senideak ikuskapen eraginkorrik ez egotea kritikau dau. Zentroak kontroleko bisiten abisuak aurretik jasoten dituala ziurtatu dau, eta horrek aukerea emoten deutsola behargin kopurua aldi baterako indartzeko, ratioak beteten diran itxurea egiteko. Ganera, foru administrazinoak bere kexei emondako erantzunak automatikoak izan dirala eta, batzuetan, hildako beste erabiltzaile batzuen datu okerrak sartu dirala salatu dau.
Azkenik, senideak atoan esku hartzeko eta beste etxebizitza komunitario batzuk eta egoitzak kudeatzen dituan eta beharginei eta egoiliarrei “mehatxuak” egiten deutsezan persona baten esku dagoan egoitzearen kudeaketeari buruzko ikerketa sakona egiteko eskatu deutse talde politikoei eta erakunde eskudunei, mendekotasuna daukien adinekoen osotasuna eta ondoizatea bermatzeko.
Oposizinoko Batzar Nagusietako taldeetatik hainbat ekimen planteau ditue, horreen artean Gizarte Ekintzako diputatuaren “preminazko” agerraldia eskatzea, egoerea argitu daian eta jagokozan neurri zuzentzaileak ezarri daizan. Foru gobernuari eusten deutsien Batzar Nagusietako talde biek sakon deitoratu dabe bertaratutako emakumeak bizi izandako egoerea, eta Amaia Antxustegik zuzentzen dauen sailari helarazoteko konpromisoa hartu dabe.
ARAU ALDAKETEA, ORDAINTZAILE BI IZANDA 20.000 EUROKO MUGEA GAINDITZEN EZ BADA ZERGAK EZ ORDAINTZEKO
Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordearen beste gai batean, María Luisa Pelayo Encinas agertu da, Persona Fisikoen Errentaren ganeko Zergeari (PFEZ) buruz indarrean dagoan araudia aldatzea eskatzeko. Ordaintzaile bi edo gehiago izanda urtean 20.000 euroko diru-sarreren muga orokorra gainditzen ez daben personei aitorpena egiteko betebeharra kentzea izan da eskaerearen ardatza. Gai hori ez da beharrezkoa izango, talde guztiek gogora ekarri deutsien lez, Bizkaiko Batzar Nagusiek igaz arau aldaketea onartu ebelako, zergadun guztien eskubideak bardintzeko, ordaintzaile bat edo gehiago euki, beti be diru-sarreren muga hori gainditzen ez bada.
Agerraldian zehar, bertaratu dan emakumeak esan dau “bidebakoa” dala ordaintzaile kopuruaren arabera bereizitako atalase bi egotea. Azaldu dauenez, egoera horrek kalte egiten deutse, batez be, aldi baterako enpleoak eta subsidioak jasoten dituenei, berari, adibidez. Zergadunak azaldu dauenez, diru-sarrera handiak izan ez arren, gaur egungo araudia betez aitorpena egin eta 700 euro baino gehiago ordaindu behar izan ditu.