POLITIKA OROKORREKO OSOKOAN ETXANOBEK ADOSTASUNA JARRI DAU HURRENGO HILEBETEETARAKO BERE PROPOSAMENEN ERDIGUNEAN, ETA LAU ITUN NAGUSI PLANTEAU DITU, ZAINTZEN, LURRALDE OREKEAREN, KOHESINO SOZIALAREN ETA AUKEREN ARLOETAN

  • Ahaldun Nagusiak bere kudeaketearen balantzea egin dau legegintzaldiko Politika Orokorreko azkenenengo Osokoan, eta hurrengo bederatzi hilebeteetarako jarduketa-ildoak marratu ditu.
     
  • Elixabete Etxanobe Landajuelak Foru Barriaren inguruko adostasuna eskatu dau 2027ko Aurrekontuak, etxebizitzara zuzendutako fiskalidadea, AP-68 autopistea eta itsasadarraren azpiko tunela bultzatzeko, ‘Bizkaia Denontzat’ planaren jardueren % 98 aktibatu ostean.
     
  • Gernikako Batzar Etxean egin dan osokoak jarraipena izango dau datorren martitzenean, urriaren 6an, Batzar Nagusietako taldeek aurkeztuko dituen Ebazpen Proposamenen eztabaideagaz.


(Gernikan, 2026ko irailaren 30ean). Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko ahaldun nagusiak, alkarrizketa politiko eta instituzionala jarri dau foru gobernuaren jardunaren lehentasunezko ardatz lez legegintzaldiko azkenengo bederatzi lan-hilebeteetarako. Gernikako Batzar Etxean egin dan agintaldi honetako Politika Orokorreko azkenengo Osokoan izandako esku-hartzean Etxanobe Landajuelak, zaintzen, lurralde orekearen, kohesino sozialaren eta kalidadezko enpleoaren inguruko lau herri-itun nagusi egituratzeko, ongizate-estaduaren oinarriak sendotzeko eta lurraldearen garapen sozioekonomikoa epe luzera proiektetako asmoz sortutako proposamen formala aurkeztu deutse Batzar Nagusietako taldeei.

Ahaldun Nagusiak, ordu eta erditik gorako esku-hartzean, 1526ko Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrenaren ospakizunean kokatu dau akordiorako eskaintza hori. Gogora ekarri dauenez, testu historiko hori ez zan inposizino errealaren edo militarraren ondorioa izan, ikuspegi desbardinak dituen eta eurentzat eta euren ondorengoentzat arau komunak adosten jakin eben personen artean lortutako itunaren ondorioa baino. “Emondako berbearen” tradizino horretan inspirauta, Etxanobe Landajuelak eskaria egin deutse Batzar Nagusietako talde politiko guztiei, erantzukizun publikotik abiauta, Bizkaiaren erronka estrategikoen aurrean adostasun “zabalak” lortzeko gaitasunak batu daiezan.

Zeharkako proposamen horreei jagokenez, Foru Aldundiko arduradunak zehaztu dau “Zainketen aldeko Itunak” zahartzearen erronka demografikoaren aurrean eredu instituzionala barrikustea planteetan dauela, mendekotasunaren arretea, hazkuntzea eta kontziliazinoa erantzukizun publikoko gai lez integrauz. Modu berean, “Lurralde Orekaren aldeko Itunak”, eremu metropolitarrak ez diran eskualdeetan tratu berezia apliketea bultzatzen dau, zerbitzu publikoetarako sarbidean, azpiegituretan eta garapenerako aukeretan desbardintasunak zuzentzeko. Bestalde, “Gizarte Kohesioaren eta Bizikidetzaren aldeko Itunak” migratzaileak komunidadean integretea, emakumeen eta gizonen arteko benetako bardintasuna eta esparru eleaniztunean euskerea elementu komun lez indartzea sustatzen dau. Azkenik, “Kalitateko Enpleguaren eta Aukeren aldeko Itunak” gazteen eta epe luzez langabezian dagozanen lan-txertaketea, etxebizitzarako sarbidea, merkataritza eta lehen mailako sarearen babesa eta industria lehiakortasunaren bultzadea lehenetsi ditu.

Agintaldiaren azken zatirako maila exekutiboan eta berehalakoan, ahaldun nagusiak iragarri dau 2027rako Foru Aurrekontuen proiektua hilebete baten epean bialduko dauela Batzar Nagusietara. Modu berean, erakundea talentu kualifikaua erakarteko eta atxikitzeko, negozioen itxierea saihesteko eta etxebizitza-merkadua zabaltzeko zerga-neurri espezifikoak dituan araua izapidetzen dabil. Esparru horretan, Etxanobe Landajuelak azpimarratu dau azkenengo zerga-barrikuspenak etxebizitza-kenkarietara 339 milioi euro bideratzea ahalbidetu dauela.

Mobikortasunari eta azpiegitura estrategikoei jagokenez, hurrengo asteetan itsasadarraren azpiko tunelaren obren lehenengo harria jarriko da, alde bietako korridoreak lotzera eta auto-ilarak eta emisinoak murriztera zuzendutako azpiegiturea, hain zuzen be. Horrez gain, datorren azaroaren 11n, Aldundiak bere gain hartuko dau lurraldetik igaroten diran AP-68 autopistearen 22 kilometroen kudeaketa zuzena. Herritarren poltsikorako neurri osagarri lez, urtarrilaren 1etik aurrera, egoiliarrentzat hileko 35 euroko gastu-mugea sartuko da indarrean foru bidesarietan, eta hileko 55 eurokoa, Arabako eta Gipuzkoako autobideetatik be igaroten bada.

Datozan hilebeteetan, Foru gobernuak aurrez aurreko arreta integraleko Bizkaia Gertu sarea zabalduko dau. Getxon eta Bilbon egoitza barriak izango ditu, eta zibersegurtasuneko sistema kolektiboa ezarriko dau lurraldeko udalerri txikiak babesteko. Arlo sozio-sanitarioan, Getxoko Belaunaldien arteko Zentroa 2027ko lehen seihilekoan martxan jartea aurreikusten da.

Alor ekonomikoan, Aldundiak Amorebieta-Etxanoko Automotive Intelligence Centerren (AIC) bosgarren fasea bultzatuko dau 37 milioi euroko inbertsinoagaz, Fabrikazino Aeronautiko Aurreratuko Zentroari eutsiko deutso, eta ETEei trantsizino ekologikoan lagunduko deutse, Trantsizino Berdea egitasmoaren eta deskarbonizazino eta energia I+Gko inbertsinoengaitiko % 35eraino arteko zerga-kenkarien bidez.

Bukatzeko, legealdiko kudeaketearen balantzeari jagokonez, Etxanobe Landajuelak 2026ko lehenengo seihilekoari jagokon ‘Bizkaia Denontzat’ agintaldi planaren bosgarren jarraipen txostenaren datuak aurkeztu ditu. Agintaldia amaitzeko urtebete falta danean, Foru gobernuak oso betete maila aurreratua egiaztau dau, agindutako “lehentasunezko 120 jarduketetatik 118” aktibauta edo amaituta, hau da, estrategia instituzionalaren % 98a.


BATZAR NAGUSIETAKO TALDEEN ERANTZUNA

Ordu beteko etenaldiaren ostean, osokoak Batzar Nagusietako taldeen erantzunagaz jarraitu dau. Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak esan dauenez, Foru gobernuak “eraldatu beharrean kudeatu” egin dau, dagon ereduari eutsita, herritarren eguneroko bizimodua zailtzen daben arazoak errotik konpondu barik. Foru gobernuaren alkarrizketarako jarrerea autortu dauen arren —horrek fiskalidadean, etxebizitzan eta babes sozialean aurrerapen progresistak adostea ahalbidetu eutson bere taldeari—, De Madariaga Martínek kezkea agertu dau kapital pribaduari mesede egiteko neurri barrien aurrean. Ildo horretatik, etxebizitzarako sarbide publikoa logika espekulatibotik kanpo lehenesteko, lan-baldintzak duintzeko eta zaintza-sisteman kanpoko kontratazinoa murrizteko eskatu dau, baita zain dagozan garraio-azpiegiturak bizkortzeko be, metroko 4. Linea kasu, eta biztanle migratzaileak estigmatizetan dituen diskurtsoak saihesteko, eta bere taldearen eskua luzatu dau legegintzaldiko ganerako bederatzi hilebeteetan eraldaketa sozialak negozietako.

Raquel González Díez-Andino Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak, bere aldetik, Foru Aldundiaren kudeaketearen oso balantze kritikoa egin dau, EAJ-PNVk berrogei urtez etenik barik gobernau ostean, erakundeak egonkortasuna eta immobilismoa nahastu dituala eta “asko administrau dauen arren oso gitxi eraldatu dauela” salatuz, “aparteko” aurrekontua eta ahalmen ekonomikoa euki arren. González Díez-Andinok, lurralderako funtsezkoak diran proiektu eta azpiegituretan egon diran etenbako atzerapenak eta gauzatze faltea gaitzetsi ditu, metroaren 4. linean dagozan urteetako atzerapenak, metropoliko trenbide sarearen ahalmenaren ‘kolapsoak’, itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua edo Ermuko saihesbidea aitatuz, eta, aldi berean, AP-8ko eta AP-68ko bidesariak beste lurraldeetako erabiltzaileen aurrean Bizkaiko herritarren eta beharginen poltsikoa zigortzen dauen “muga ekonomiko” bidebakotzat jo ditu.

Horrez gain, arlo ekonomikoan eta fiskalean, bozeroaleak esan dau Foru Gobernuak eta Elkarrekin Podemosek onartu daben zerga erreformea okerra eta aldakorra dala, eta, horren ordez, PFEZren % 8ko deflaktazino erreala eskatu dau, familietan inflazinoak eragindako erosteko ahalmenaren galerea konpentsetako. González Díez-Andinok lurzoru eta instalazino industrialen etenbako galeraz, gazteen langabezia handiaz eta txikizkako saltokien itxieren jarioaz ohartarazo dau, eta, aldi berean, gizarte-zerbitzuetako, mendekotasun-arretako eta arreta goiztiarreko itxaron-zerrenden “déjà vu”-a salatu dau.

Bere aldetik, Goyo Zurro Tobajas Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak bere taldeak foru gobernu koalizinoari egindako ekarpena aldarrikatu dau, nabarmenduz erakunde-egonkortasuna ez dala geldotasunaren parekoa, eta gobernu-itunari leial izateak ez dakarrela norberaren identidadeari ez eskakizun progresistei uko egiterik. Zurro Tobajasek defendidu dauenez, ondoizate estaduak aurrera egin behar dau, eta ez babes pasibora mugatu, eta lan baldintzen hobekuntzan, produktibidadean eta soldata duinetan zuzenean esku hartuko dauen aukera aktiboen motor bihurtu behar da, sektore estrategikoetan, zerbitzuetan eta zainketen ekonomian, adibidez.

Etxebizitzearen eta garapen sozioekonomikoaren alorrean, bozeroale sozialistak “asmorik handienagaz” jarduteko deia egin dau, eskaintza publikoa zabaltzeko eta gazteen emantzipazinoa bultzatzeko foru ondarea eta lurzorua administrazinoen esku jarriz. Horrez gain, lurralde mailako konektibidadea sendotzearen alde agertu da, metroaren 4. eta 5. Lineen bultzadearen, Bizkaibus sarearen, bizikleta bidezko mobikortasunaren eta abiadura handiaren etorrerearen bidez, fiskalidade progresiboari eta turismo-egonaldien ganeko zergearen ezarpenari eutsiz. Azkenik, Zurro Tobajasek generoen arteko bardintasunaren eta migrazinorako eskubidearen aldeko jarrera sendoa erakutsi dau, eskuin muturreko gorrotozko diskurtsoen aurrean, migratzaileak eskulan hutsa izango balitzaz lez tratatzeari uko eginez eta prestakuntza- eta enpleo-programen bidez herritartasuna eta benetako integrazinoa lortzeko apustua eginez.

Iker Casanova Alonso EH Bildu taldeko bozeroaleak “etsipen eta inertziazko legegintzaldi” lez definidu dau agintaldia, foru gobernua “agortuta” dagoala eta mundu-mailako eraldaketei aurre egiteko behar dan asmo sendorik ez daukala baieztatuz. Casanova Alonsok Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrena gogora ekarriz hasi dau bere berbaldia, Foru Aldundiak gaur egun daukan pultsu falteagaz kontrajarrita dagoan munduaren aurrean komunidadea berresteko eta bardintasuna lortzeko ikasgai historiko lez. Bere kudeaketa-balantzean, bozeroaleak gogor kritikau dau bere eretxiz erakundea herritarrengandik urrin egotea dan hori, izentapenetan gardentasun faltako gertakariak eta plangintza estrategikoko akatsak aitatuz, eta horreen artean, Urdaibaiko Guggenheim Museoaren proiektuan izandako “porrota” eta atzera egitea azpimarratu ditu.

Zergen arloan, Casanova Alonsok “porrot” lez jo dau azken erreforma fiskala, eta Madrilgo elite ekonomikoei zuzendutako “erreformearen erreformeagaz” “propaganda eta autobonbo” ariketea egitea leporatu deutso Gobernuari. EH Bilduko ordezkariaren berbetan, barrikuspen horrek 100 milioi euro baino gehiago murriztu dau diru-bilketarako gaitasuna, hazkunde ekonomiko eta inflazino testuinguruan, eta osasunari, etxebizitzari eta babes sozialari eusteko funtsezko baliabideak kendu ditu. Mobikortasun politikei eta funtsezko zerbitzuei jagokenez, Aldundiak ibilgailu pribaduaren erabilerea lehenesten jarraitzen dauela eta Bizkaibusen eta Metro Bilbaoren kolapsoaren aurrean berandu erreakzionetan dauela salatu dau, eta zainketen arloan, barriz, sistemearen pribatizazino handia eta Basoen Foru Arauaren ingurumen kudeaketara zabaldu daiteken konpromiso publiko ausartaren faltea gaitzetsi ditu. Egoera horri bueltea emoteko, Casanova Alonsok gobernantza parte-hartzailearen, lurralde-orekearen, fiskalidade aurreratuaren, zerbitzu publikoen eta zainketen, industria-ereduaren, klima-aldaketearen, elikadura-subiranotasunaren, Ama Lurraren kudeaketaren eta bizikidetzaren arloetan bederatzi itun estrategikotan egituratutako gobernu-alternatibea aurkeztu dau.

Jesus Lekerikabeaskoa Arrillaga Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak gogor defendidu ditu Foru gobernuaren sendotasuna, koherentzia eta gauzatze-erritmoa, oposizinoaren zati batek “hautagai modua” edo hauteskunde-modu goiztiarra aktibau izana deitoratuz, oraindino legegintzaldia amaitzeko bederatzi hilebete falta diran arren, talde-taktikak lan eraikitzailearen ganetik lehenetsita. Lekerikabeaskoa Arrillagak “emondako, partekatutako eta konprometidutako berbean” oinarritutako kultura politiko “bizkaitarra” aldarrikatu dau, herritarrek kudeaketa serio eta fidagarritzat hartzen dabela baloratuz, ‘Bizkaia Denontzat’ agintaldi-planeko lehentasunezko 120 jarduketetatik 118 bete izanak babestuta.

Batzar Nagusietako taldeei emondako erantzunean, bozeroale jeltzaleak oposizinoaren kritikak kontraesankorrak dirala eta Aldundiak oposizinoaren proposamenak entzun eta egokitzen dituanean “erreaktibotzat” joten dala, eta bere erespideari eusten deutsonean, “immobilismoa” leporatzen jakola esan dau. Lekerikabeaskoa Arrillagak agintaldi honetan lortu diran mugarriak azpimarratu ditu, besteak beste, 84 milioi euro errenta bajuenen esku jarri eta 339 milioi euro etxebizitza bakotxeko kenkarietan itxi dituan zerga erreformea, aurrekontu soziala 893 milioi eurora arte handitu izana, AP-68ren kudeaketearen bereganatze historikoa edo itsasadarraren azpiko tunelean laster egingo diran aurrerapenak eta garraio publikoaren barriztapena. Bukatzeko, guztiz babestu ditu Ahaldun Nagusiak proponidutako herrialde mailako lau itun handiak, eta oposizinoko indarrei deia egin deutse erreforma fiskalaren kontrako kritika erraza eta osoko zuzenketa-eskeak bertan behera itxi daiezan, lurralde osoaren onurarako egituratutako benetako proposamenen ganean behar egiteko.


EBAZPENERAKO PROPOSAMENEN OSOKOA

Osoko bilkurea amaitu ostean, Batzar Nagusietako bost taldeek 48 orduko epea izango dabe, datorren martitzenean, urriaren 6an, egingo dan beste osoko batean eztabaidatuko diran Ebazpenerako Proposamenak aurkezteko. Batzar Nagusietako Mahaia bilera horren aurretik batzartu beharko da, Ahaldun Nagusiak gaur mahai ganean jarri dituan gaiakaz erlazionautako ekimenak onartzeko. Igaz, osokoak, hasieran erregistrau ziran 20 ekimenetatik 8 onartu ebazan.


BATZARKIDE JELTZALE BARRIA

Gaurko saioa Jesús Fernández Ibáñezek eserlekua hartzeagaz hasi da, Julen Karrion Lamikizen ordez, Euzko Abertzaleak taldearen ilaratan.