BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ETA ESKUERNAGAKO UDALAK GERNIKAKO ARBOLEAREN OINORDEKO BAT LANDATU DABE
- 8 urteko haretx gaztea landatu dabe gaur goizean Arabako udalerri horretan, eta bertan izan dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Iñaki Pérez Berrueco herriko alkatea, bai eta Mahaiko kideak eta Eskuernagako zinegotziak eta herritarrak be
(Eskuernaga, 2025eko zemendiaren 30a). Eskuernagak egungo Gernikako Arbolearen oinordeko bat izango dau gaurtik aurrera. 8 urteko ale gazteak sustraiak botako ditu izen bereko plazan. Landaketako zeremonian, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Iñaki Pérez Berrueco herriko alkatea egon dira, eta eurekaz batera zinegotziak, Mahaiko kideak eta Eskuernagako herritarrak.
Batzar Nagusietako lehendakariak eskerrak emon gura izan deutsoz Arabako Udalari, “balio batzuekaz daukagun konpromisoari bizirik eustea sinbolizetan dauen” Gernikako Arbolearen oinordekoa izateko erakutsi dauen sensibilidadearengaitik eta interesarengaitik. Landatzen dan oinordeko barri bakotxa, “herri lez gidau gaituen eta gaur egun be gidatzen gaituen balioak gordetako promesa barritua da: askatasun, bake, bizikidetza eta gure eskubideen defentsa nahia”, esan dau Otaduik.
Landaketa horregaz, Eskuernagak, haretx zahar eta ederrez inguratutako herriak, bat egin dau euskaldunek gehien estimetan daben sinboloetako baten zaintza kolektiboagaz. Otaduik bere berbaldian gogora ekarri dauenez, Arabako lurraldean “osasun ona daukien” 15 oinordeko dagoz. Gaur landatu danak bat egingo dau Foru Aldundiak, mota guztietako alkarte eta erakundeen konplizidadeagaz, mundu osoan sustraitu dituan Gernikako Arbolearen Oinordekoen zerrendeagaz.
“Eskuernagarentzat harro egoteko modukoa da Gernikako Arbolearen oinordeko hau jasotea eta ikur historiko eta kultural hori jagoten daben herriakaz bat egitea”, adierazo dau alkateak. “Bere izena daroan plazan landatu izanak, eta, ganera, gure San Andres jaiak lako egun berezi honetan, are esanguratsuagoa egiten dau, une hau udalerriko herritar guztiakaz partekatzeko aukerea emon deuskulako. Eskerrak emoten deutseguz Bizkaiko Batzar Nagusiei euren konfiantzarengaitik, eta ondare hori hartzea eta jagotea udalerriarentzat ohorea dala adierazo gura dogu”, adierazo dau.
Berbaldien ostean, ekitaldiagaz jarraitzeko, zugatza modu sinbolikoan landatu da, eta lehenengo lur-paladak bota dira udalbatzak hazteko aukeratu dauen lekuan. Ekitaldira bertaratu diranek udagoien amaierako goiz hotz batean enbor arina lurrez estaltzeko ohitureari jarraitu ahal izan deutsie. Garai hori bat dator haretxaren ondorengo barriak landatzeko aldiaren hasiereagaz. Ekitaldia familia argazkiagaz eta udalerriari zugatzaren Benetakotasun Ziurtagiria emonda amaitu da.
Bere historian zehar, Bizkaiko Batzar Nagusiek bost kontinenteetako leku esanguratsuetan landatu diran Gernikako Arbolearen 450 oinordeko baino gehiago entregau ditue. Bizirik jarraitzen dauen beteranoena Gernikako Batzar Etxetik oso hur dago. 1859koa da eta Nabor lez ezagutzen dan eraikinaren lorategian hazten ari da oraindino. Kanpokaldean, haretx zaharrena Rosario de Santa Fen dago, Argentinan, eta 1886koa da. Gaurtik eta beste landaketa bat egin arte, gazteena Arabako Errioxako herri honetan haziko da.







