BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DITUE ONARTU EUSKERA, KULTURA ETA KIROL SAILEKO AURREKONTUEN AURREAN AURKEZTUTAKO ZUZENKETA-ESKE PARZIALAK

  • Gaur arratsaldean egin da 2023ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuari aurkeztutako zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko lehenengo batzordea.
     
  • Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez ditue onartu Lorea Bilbaok zuzentzen dauen saileko Kontuen kontra oposizinoak aurkeztu dituan 39 zuzenketa-eskeak. 


(Bilbon, 2022ko abenduaren 15ean). 2023ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektua Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen ari da. Gaur arratsaldean, Ogasun eta Finantzetako Batzordeak zuzenketa-eske parzialen eztabaidea eta bozketea hasi dau, kasu honetan Euskera, Kultura eta Kirol Sailaren kontuen ganekoa. Foru Gobernua eusten daben Batzar Nagusietako taldeek –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– ez ditue onartu oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) aurkeztu dituen 39 zuzenketa-eskeak. Momentuz, Lorea Bilbaok zuzentzen dauen sailaren programak eta zenbatekoak, 71,9 milioi euro datorren urterako, aldaketa barik helduko dira abenduaren 28ko osokora. 

Martitzenera, hilaren 20ra, arte aurreikusita dagozan bederatzi saioetatik lehenengoan, Ogasun eta Finantzetako batzordeak EH Bilduren 14 zuzenketa-eske, Elkarrekin Bizkaiaren 12 eta Talde Berezia-PP Bizkaiaren 13 bota ditu atzera. Oposizinoak, besteak beste, kultur ondarea babesteko, udalei baliabide ekonomiko gehiago emoteko edo kultur azpiegitura batzuen transferentziak nabarmen aldatzeko aurrekontu aldaketak egin gura ebazan.

Holan, EH Bilduk, Guggenheim Museoak artea erosteko jasoten dauen ekarpena milioi bat euro murriztea eskatu dau. Beste alde batetik, koalizino abertzaleak 500.000 euroko partida barria sartu gura izan dau, udalen bitartez euskal kulturea sortzen eta transmitiduten laguntzeko programa bat martxan jarteko, baina proposamenak ez dau onespenik lortu. Onartu izan balitz, udalerriek kirol instalazinoak hobetzeko talde horrek proponiduten ebazan aparteko 1,5 milioi be jasoko ebezan. EH Bilduk, Eskolako Kirolean euskerearen erabilerea sustatzeko aurrekontua 441.305 eurotan handitzea be planteau dau. Eta industria-ondareko inbersinoei jagokenez, milioi bat euroko erreserbea eskatu dau Euskal Errotak eraikina barriztetan hasteko.

Arlo horretan, Elkarrekin Bizkaiak Guggenheim Museoak jasoten dauen dirua 3.576.000 euro murriztea eskatu dau. Modu berean, talde moreak, irabazi asmorik bako kultura-sektoreari laguntzeko 1.493.000 euro gehiago sartzea planteau dau, eta beste 3 milioi euro gure udalerrietako industria-ondarea babesteko eta manteniduteko esku-hartzeak sustatzeko. Kopuru handien kapitulu horretan, milioi bat euro eskatu ditue Bizkaiko udalek zaindu bako guneetan esku-hartze arkeologikoak egin daiezan.

Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen eskariak zenbateko ekonomiko txikiagokoak izan dira. Aitagarriena Udalekuetan egin beharreko inbersinoa 400.000 eurotan handitzea izan da, plaza guztiak hirueledunak izan daitezan.