BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ASTE HONETAN EKINGO DEUTSEE BARRIRO PARLAMENTUKO SAIOEI
- Batzar Nagusietako Mahaiaren lehenengo bilerea joan dan martitzenean izan zan, irailaren 3an, izan be, Bizkaiko parlamentua aktibo egon da uda osoan, eta Batzar Nagusietako taldeek hainbat ekimen erregistrau ditue.
- Batzarraldi barriaren egutegia bihar hasiko da, Bizkaiko mendien baso-kudeaketeari buruzko azterketa-batzordearen bilereagaz. Ostean, bariku honetan, Garraio, Mugikortasun eta Turismorako batzordea etorriko da.
- Gernikako Batzar Etxeak hilebete honetan jasoko dau agintaldiko Politika Orokorreko lehenengo osokoa –eguna zehaztu barik dago oraindino–.
(Bilbon, 2024ko irailaren 11n). Bizkaiko Batzar Nagusiek aste honetan egingo ditue lehenengo batzarrak. Bihar, irailak 12, eguena, Bizkaiko mendien baso-kudeaketeari buruzko azterketa-batzordeak bere lan saioak hasiko ditu, adituen lehenengo agerraldiakaz. Iñaki Aizpuru Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeak konbidauta etorriko da Batzar Nagusietara, eta Basogintza Alkarteko ordezkari batek gauza bera egingo dau, kasu horretan Bizkaiko Talde Popularrak proponiduta.
Saioek bariku honetan bertan, hilak 13, jarraituko dabe, Garraio, Mugikortasun eta Turismorako Batzordeagaz. Batzorde horrek, ibaiko garraioari, Metroak Trenbidearen Museoari egindako dohaintzari, garraio publikoaren irisgarritasuna hobetzeari eta Bilboko metroaren 5. linearen eraikuntza proiektua idazteari buruzko oposizinoaren arauz besteko lau proposamen bideratuko ditu.
Ikasturte politiko barriko Mahaiaren lehenengo bilerea joan dan martitzenean izan zan, irailaren 3an, izan be, Bizkaiko parlamentua aktibo egon da uda osoan, eta Batzar Nagusietako taldeek hainbat ekimen erregistrau ditue.
Osoko bilkurak be irailean hasiko dira barriro. Datorren astean, Bozeroaleen Batzordeak, Bizkaiko Foru Aldundiaren proposamena jaso eta aztertu ostean, Legealdiko Politika Orokorreko lehenengo osoko bilkurearen eguna baieztu beharko dau
Politika Orokorreko osokoa, arautegiak agintzen dauen lez, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren esku-hartzeagaz hasiko da. Ahaldun Nagusiak 2 orduko denpora-mugea izango dau bere gobernu-ekintzea azaltzeko. Batzar Nagusietako talde bakotxak esku hartzeko txanda bi izango ditu gero Bizkaiko Aldundiko arduradunari erantzuteko
Osokoa amaituta, Batzar Nagusietako bost taldeek 48 orduko epea izango dabe ebazpenerako proposamenak aurkezteko. Proposamen horreek beste saio batean eztabaidatuko dira.