BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK PUNTU LILA ERAKUTSIKO DABE INDARKERIA MATXISTEAREN KONTRAKO ADIERAZGARRI LEZ

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egin dabe Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazinoarteko Egunean Emakundek sustatutako kanpaineagaz, Bilboko, Gernikako eta Abellanedako egoitzetan puntu lila jarriz eta Bilboko Hurtado de Amezagako egoitzea indarkeria matxistearen kontrako burrukea sinbolizetan dauen kolore horregaz argiztatuz.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak emakumeenganako indarkeriaren kontrako jarrerea erakutsi eban joan dan eguaztenean Gernikan, Batzar Nagusietako kide guztien argazki bategaz.

 

(Bilbon, 2025eko zemendiaren 24an). Bizkaiko Batzar Nagusiek “Puntu Lila” jarri dabe Bilboko fatxadan, Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazinoarteko Egunean indarkeria matxistearen kontra agertzeko. Zirkulu bioleta enblematikoa Gernikako eta Abellanedako egoitzetan be ikusiko da, hainbat modutan, Emakundek sustatutako kanpaineagaz bat eginez. Olana gauez, Bilboko Hurtado de Amezaga egoitzan, led berezi batzuk bizteagaz konbinauko da, eraikina lila kolorez argiztatzeko. Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak joan dan eguaztenean erakutsi eban Gernikan emakumeen kontrako indarkeria gaitzesten dauela, indarkeria matxistearen kontrako ikur hori eroanez.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak azpimarratu dauenez, kinu sinboliko horrek “erakunde honek emakumeen kontrako edozein indarkeria modu desagerrarazoteko daukan konpromiso sendoa adierazoten dau”. Otaduik nabarmendu dauenez, “Batzar Nagusiak Bizkaiko herritarren etxea dira, eta gune hori erreferentea izan behar da bardintasunaren, bizikidetzearen eta errespetuaren defentsan. Gaur indarkeria jasan daben emakume guztiak ekarten doguz gogora eta berretsi egiten dogu ez dogula atzerapausu bakar bat be emongo”.

Aldarrikapen hori zabaltzeko, ikurra Bizkaiko herritarren borondatea ordezkatzen daben Batzar Nagusietako egoitzetan egongo da. Borondate horrek askotan adierazo dau emakume askok jasaten daben genero-indarkeria gaitzesten dauela. Batzar Nagusietako eraikin guztietan, “Eraso sexistarik gabeko gunea” adierazgarria jarri da.