BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BERMEON AMAITUKO DABE ERAKUSKETA IBILTARIAK LURRALDEAN EGIN DAUEN IBILBIDEA

  • “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketea garagarrilean helduko da Lamera parkera, bermeotarrei Bizkaiko Batzar Nagusien garrantzi historikoa eta gaur egun egiten dauen lana erakusteko.
     
  • Inaugurazino ekitaldian Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Aritz Abaroa Cantuariense herriko alkatea izan dira, baita udal gobernuko kide asko ere.
     

(Bermeon, 2022ko garagarrilaren 1ean). “Bizkaiko Batzar Nagusiak, ezagutuz” erakusketeak Bermeon amaituko dau Bizkaiko lau barrutietatik egin dauen bigarren ibilaldia. Garagarrilean, Bermeoko Lamera parkean egongo da, Europako sistema parlamentario demokratiko zaharrenetakoaren garrantzi historiko, sozial, kultural eta politikoa erakusteko. 

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eta Aritz Abaroa Cantuariense herriko alkateak inaugurau dabe gaur goizean Bizkaiko parlamentuak sustatzen dauen erakusketea. Bilbon, Getxon, Portugaleten eta Durangon be ikusi ahal izan zan igaz, eta holantxe amaitu zan lurraldeko lau barrutietatik egindako lehenengo itzulia. Bigarren denporaldi honetan, apirilean Barakaldon egon zan, maiatzean Ermuan, eta joan dan hilebetean Galdakaora heldu ostean, garagarrilean helduko da Bermeora. Inaugurazino ekitaldian udal gobernu taldeko beste kide batzuk be izan dira.

“Bizkaiko Batzar Nagusiak Ezagutuz” erakusketea formatu handiko 12 panelek osotzen dabe, eta Batzar Nagusiek parlamentu-erakunde moduan daben eskumen-egitura zabala azaltzen da bertan, baita erakundearen kultur ondarea be. Batzar Nagusien lau egoitzetan zeharko ibilbidea (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) egiten dau erakusketeak; zehaztasun gehiago emoten ditu Gernikako Batzar Etxeaz, erkundearen egoitza nagusia dalako eta bertan dagozalako, esaterako, Gernikako Arbolea (demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal ikur nagusia) , eta Francisco de Mendietaren “Bizkaitarrek Fernando Katolikoa Erregeari 1476.ean egindako esku-mosua” izeneko margolana; kuadro hori osoko batzarren aretoaren atalburuan dago eta oso berezia da, Europako artean lehenengoz emakume-talde baten erretratua egiten dauelako.

Erakusketearen inaugurazinoan, Ana Otadui Biterik azaldu dauenez erakusketa honen helburua “Batzar Nagusien balio politikoa, soziala eta kulturala zabaltzea da”. Bizkaiko parlamentuko lehendakariak adierazo dauenez, Bermeoko udalerriak “garrantzi handia izan dau Batzar Nagusien historian hasiera hasieratik”. Gogorarazo dau Bermeo Gaztelako erregeen jomugea zala Bizkaiko Foru Zaharra berresteko, Gernikan egiten zan lez. Herri horrek 1476tik 1602ra Bizkaiko Buru titulua izan ebala be ekarri dau gogora, Bizkaiko Jaurerriko herri garrantzitsuena zalako. Bermeok lurraldeko gainerako hiribildu eta eleizateen aurrean izan eban nagusitasun horren ondorioz, Batzar Nagusietan “Bermeok lehen botoa eta jarlekua izan ebazan, eta herriko prokuradoreek berba egiten ebenean, besteek kapelak kentzen ebezan estimu seinale lez”.

Beste alde batetik, pasadizo honen ondoren Aritz Abaroa Cantuariense Bermeoko alkateak, instituzinoak herritarrengandik gertu egotearen garrantzia azpimarratu dau. “Instituzioak herritarrei gerturatzea behar-beharrezkoa da bizi dugun une honetan. Gardentasunaz aparte, ezinbestekoa da gizarteak gure estrukturak, funtzionamendua eta hauen historia ezagutzea; zer esanik ez ondareari dagokion ikuspegitik. Horrela bakarrik lortuko dugu herritarrok bertoko instituzioetan gehiago sinistea, ematen diren pausu guztien garrantziaz jabetzea eta sistema demokratikoen aldeko apostu sendoa egiten jarraitzea.”