BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK “ADOSTASUNAK” BILATZEAREN ALDEKO APUSTUA EGIN DABE 4. LINEARAKO TRAZAURAKO ALTERNATIBARIK ONENA AURKITZEKO

  • Oposizinoa ibilbidea Moyuatik igarotearen alde agertu da, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak, barriz, Eusko Jaurlaritzaren txosten teknikoen zain egotearen alde agertu dira behin betiko erabagia hartu ahal izateko.


(Gernikan, 2025eko urtarrilaren 22an). Gaur goizean Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoa Bilboko Trenbide Metropolitarraren 4. linearen gauzatzean zentrau da. Trazaua Abandotik igaro beharrean Moyuatik pasetea eskatzen eban EH Bilduren mozino batek zabaldu dau FEVEk Basurton eta Errekalden gaur egun daukan ibilbidearen tarte bat aprobetxauko leuken linearen amaierea proiektetako moduari buruzko eztabaidea. 

Batzar Nagusietako talde guztiak obraren finantziazinoan inplikauta dagozan administrazino biei –Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari– horren inguruko erabagia “albait lasterren” hartzeko eskatzearen alde agertu dira, obrak “ahalik eta arinen” egin ahal izateko. Modu berean, 4. linearen trazaurik onena zehazteko “adostasunak” bilatzearen alde agertu dira, baina ez dira ados jarri erabagi horren abiaduran.

Atzerapen gehiagorik barik, oposizinoak ibilbidea Moyuatik pasetearen aldeko jarrerea erakutsi dau. Foru gobernuari eusten deutsien taldeek, barriz, gurago dabe alternatiba danen ganeko txosten tekniko guztiak ezagutu arte itxaron. Horreetako bat ibilbidea Abandotik eroatea izango litzateke, han uri barruko ganerako sareagaz eta abiadura handiko trenagaz lotzeko.

EH Bilduk aurkeztu dauen eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako botoakaz osokoak atzera bota dauen mozinoak 4. linea metroaren ganerako lineakaz Moyuan lotzeko “apustu garbia” egitea eskatzen eban, dagoan trenbide azpiegiturea “ahalik eta gehien” aprobetxetako.

Bilboko hegoaldeko auzoetako 70.000 bizilagunek baino gehiagok “hamarkadak” daroezanez metroaren linea hori eskatzen, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak, zuzenketa-eske baten bitartez, soluzinoaren aurkezpena “aurtengo lehenengo hiruhilekoa baino gehiago ez atzeratzeko” eskatu dau, azterlanaren ondorioak Bizkaiko Batzar Nagusietan maiatzean aurkezteko eskatuz.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak, euren aldetik, ez dira soluzino baten edo bestearen alde agertu. EH Bilduk onartu ez dauen osoko zuzenketa-eske batean oinarrituta, Foru gobernuari eusten deutsien talde biek azterlan teknikoak ezagutu arte itxaroteko eta, ondoren, azpiegitura horren “epe luzeko” errentagarritasun ekonomikoaren eta sozialaren arabera Errekalderentzat eta Iralarentzat soluzino onena “adosteko” euren lehentasunak erakutsi ditue.

Bozketan abstenidu egin dan Bizkaiko Talde Popularrak Aldundiaren jarrerea kritikau dau, oraindino ez dauelako linearen azkenengo ibilbideari buruzko eretxia erakutsi, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak kontroleko azkenengo osokoan erakutsi eban erantzunean oinarrituta. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldea be abstenidu egin da. Saio haretan, Aldundiko arduradun nagusiak adierazo eban prest dagoala Eusko Jaurlaritzak hasieran adostutako trazauaz bestelako ibilbide bat egiteko egindako azken proposamena “sakon” aztertzeko, loturea Moyuan egiteko, Abandon egin beharrean, hain zuzen be. 


EUSKEREA ETA AEN DABEN ADINBAKOENTZAKO PLAZAK

Gai zerrendako beste gai batean, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu, beste gauza batzuen artean Aldundiko sailek edo laguntza ekonomikoa jasoten daben erakundeek antolatutako ekitaldietan edo kanpainetan Euskerearen Legea beteten dala bermatzeko mekanismoak martxan jartea eskatzen eban EH Bilduren mozinoa. Erakunde onuradunei dirulaguntzak kontroletako eta Euskera Planaren kontrolaren maiztasuna handitzeko urtean gitxienez lau bider batuko litzateken Jarraipen Batzordea osotzeko be eskatzen zan. 

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak akordioa lortzen ahalegindu dira, hasierako proposamena aldatu barik, “ñabardura batzuk” jasoten ebazan osoko zuzenketa-eskea aurkeztuta. Euskerearen Erabilerea Normalizetako Planaren barruan, Planean daborduko jasota dagozan zuzendaritza-egitura bi sortzea planteetan eben: gitxienez urtean behin bilduko dan Bizkaiko Foru Aldundiko Hizkuntza Ofizialen Batzorde Nagusia; eta hiruhilekoan behin bilduko litzateken Hizkuntzen Kudeaketarako Sail arteko Talde Teknikoa.

EH Bilduk ez dau aldaketa hori onartu gura izan, erakunde biek, “Hizkuntza Ofizialak” terminoa sartzean, euskerearen normalizazinoa sustatzea oztopatzen dabelako, izan be Rakel Goñi batzarkidearen eretxiz ahaleginak euskerearen erabilerea sustatzera bideratu behar dira, “ez dauelako beste hizkuntza ofizialagazko egoera orekatua bizi”.

Bukatzeko, osokoak Bizkaiko Talde Popularraren arauz besteko proposamen bat eztabaidatu dau, Aldundiak autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) daben adinbakoentzako egoitza-harrerako etxe espezializaua sortu daian, “5 plazagaz gitxienez”. Helburu zehatza baliabide hori sartzea zan, itxaron-zerrendan dagozan “adinbako biren” arreta-beharrak beteteko eta edozein kalte fisiko eta emozional saihesteko, adinbakoei zein euren senide zuzenenei jagokenez, Raquel González talde horretako bozeroaleak azaldu dauenez.

Osokoak ez dau ekimena onartu. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa jaso dau, EH Bildu abstenidu egin da eta jeltzaleek eta sozialistek ezezko botoa emon dabe. Juan Otermin Euskal Sozialistak taldeko batzarkidearen berbetan, gaur egun, “adinbako bakarra dago” zerbitzurik barik, eta “laster” sartuko da laguntzako zentro baten. Oterminek balioan jarri dau APNABI alkartea egiten ari dan lana, 16 plaza dituan sare “finkatua” daukalako. “Funtzionetan dauena indartzearen” alde agertu da, eta ez hainbeste egoitza barri bat sortzearen alde, “ez dagoalako behar kolektibo globalik, behar puntual bat baino”.