BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK OSTOMIZAUENTZAKO KOMUN EGOKITUAK JARTEA ONARTU DABE
- EH Bilduren ekimenak kolektibo horren erabilerraztasuna eta higienea bermatzeko eskatu deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, espazio barrien plangintza estrategikoaren eta daborduko dagozan egoitzen ebaluazinoaren bidez.
- Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusia Iraskunde, Gobernamentu On Eta Gardentasunerako Batzordearen aurrera etorri da, zezeilaren 20ra arteko garraio publikoko deskontuak zelan onartu diran azaltzeko, aurretik BGPren Kontseiluan ez zalako gai horren inguruko adostasunik lortu.
(Bilbon, 2025eko abenduaren 2an). Bizkaiko Batzar Nagusiek ostomizautako personentzat egokitutako komunak instaletako Arauz Besteko Proposamena onartu dabe gaur goizean. EH Bildu taldeak aurkeztutako proposamena Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean onartu da, Batzar Nagusietako talde guztien aldeko botoagaz, abstenidu egin dan Bizkaiko Talde Popularrarena izan ezik.
Proposamenak eskaerea egiten deutso Bizkaiko Foru Aldundiari ekintza bi egin daizan: lehenengo, etorkizunean eregiko diran egoitzetan ostomizautako personentzat egokitutako komunak “modu estrategikoan instalau daizala”; eta, bigarrenik, Aldundiak bere egungo egoitzetan komun horreek ezarten joateko “balorazinoa egin daiala”.
Ekimenaren arrazoia ostomizautako personen, Bizkaian guztira 5.000 persona inguru batzen dituan kolektiboaren, “duintasuna, osasuna eta autonomia pertsonala” bermatzeko beharra da. Ostomia ez da gaixotasuna, patologia edo istripu baten ondorioa baino, eta, horregaitik, erabiltzaileek sarritan aldatu eta garbitu behar dabe urdailean daroen boltsea. Gaur egun, lurraldean holango zazpi komun baino ez dagoz erabilgarri.
Urtzi Ostolozaga Arrien EH Bilduko batzordekide eta ekimenaren defendatzaileak eskerrak emon ditu jasotako babesarengaitik, eta neurriaren “preminea” azpimarratu dau, persona horreek euren bizitzak “normaltasunez eta nasaitasunez” egin ahal izateko “erabilerraztasunerako eskubidea” funtsezkoa dala adierazoz. Ostolozagak adierazo dauenez, Argia alkartearen proposamena –ordezkariak Batzordean egon dira– “legitimoa, preminazkoa eta egingarria” da, eta “ez da inbertsino handirik behar hori lortzeko”. Proposamenaren helburua ez da komunen pilaketa hutsa, persona kopuru handiak batzen diran “leku estrategikoetan” jartea baino.
Onartutako ekimenak indartu egiten dau Batzar Nagusiek 2024ko bagilean, aho batez, Aldundiak “aldagailu inklusiboak” instaletako aukerea aztertu daian Gizarte Ekintzako batzordean onartutako zuzenketa-eskeagaz daben konpromisoa. Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako ordezkariak adierazo dauenez, “kontrasteko dokumentua” urte honen bukaeran izatea aurreikusten dau Aldundiak.
“ZIURTASUNA” GARRAIO PUBLIKOAREN ERABILTZAILEENTZAT
Elixabete Etxanobe Landajuela Ahaldun Nagusi eta Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP) presidenteak batzorde berean defendidu dauenez, atzo Kontseiluan hartutako erabagiak “ziurtasuna” emoten deutse erabiltzaileei eta “segurtasuna” BGPri berari, Espainiako Gobernuak hartuko dauen tarifen egoerara egokitzeko. EH Bilduk eta Bizkaiko Talde Popularrak Kontseiluaren aurreko saioetan jazotakoa argitzeko aurkeztu daben agerraldi eskariari erantzunez, Etxanobe pozik agertu da erabiltzaileek zezeilaren 20ra arte indarrean egongo diran tarifen barri daukielako. “Gaur egun dagozan berberak izango dira”.
Gogora ekarri dauenez, atzoko bileran BGPk aurtengo bigarren seihilekorako onartutako hobarien neurriak egun horretara arte luzatzea onartu eban. Hau da: 14 urtera arteko umeen doakotasuna; % 50eko deskontua Gazte tituluen tarifan; eta % 40ko deskontua bidaia anitzeko ganerako abonuetan eta tituluetan.
Oposizinotik, onarpen prozesua “zentzunbakokeria handitzat” eta kudeaketa txarraren erakusletzat jo da. EH Bilduko Raul Mendez Urigoitiak adierazo dauenez, egoereak agirian itxi eban “kudeaketea asko hobetu eitekeala”, eta nabarmendu dau erabiltzaileak dirala “kudeaketako akats horreek jasaten ari diranak”. Mendezek hasieratik segurtasun juridikorik ez egotea deitoratu dau, eta iragarpen publikoak egin aurretik “aurretiazko akordio zabala eta adostua” eskatu dau.
Bere aldetik, Etxanoberen agerraldia be eskatu dauen Pablo Gómez-Guadalupe García-Tejedorrek (PP), jazotakoak –Kontseiluak ekimen beraren aurretik egindako deialdi bitan atzera bota izana– erakundeen “kaosa” erakusten dauela esan dau, eta tamalgarria dala Etxanobek luzapenaren barri “bolo-bolo” emotea, bera buru dan Partzuergoak proposamena birritan atzera bota aurretik. Gómez-Guadalupek adierazo dauenez, azkenengo asteetan garraio publikoaren deskontuakaz gertatutakoa “zentzunbakokeria handia” izan da, “kudeaketa txarraren adibide argia”.
Etxanobek ukatu egin dau proposamena “alde bakarretik” egin danik. Garraio Partzuergoan aurretiazko ponentzia bat landu da, “justizia egiteko” asmoz, Bizkaiko herritarrek Estaduko ganerako lekuek daukiezan deskontu berberak, eta une berean, izan daiezan. Ahaldun Nagusiak gogora ekarri dauenez, Aldundiaren konpromisoa, legealdi honetan, erabiltzaileen errentan eta garraio publikoaren erabileran oinarritutako tarifa sistemea ezartea da, lurraldeko operadore “guztien” koordinazinoa eskatzen dauen eta Aldundiarentzat 20 milioi euroko kostua izango dauen neurria.
Bestalde, Goyo Zurro Tobajas Euskal Sozialistak Taldeko bozeroaleak, oposizinoak elikatutako norgehiagokaren “tonua jatsi” gura izan dau, ostean BGPn “aho batez” lortutako akordioa txalotzeko. “Alkar ulertzeko espazioak aurrera egin dau eta emaitzak emon ditu”, esan dau. Zurrok azpimarratu dauenez, holan, erakundeen arteko esparru juridiko “segurua eta koordinaua” lortzen da, eta gogorarazo dau holango erabakiek eragin ekonomiko “garrantzitsua” daukiela garraio publikoaren arloan eskumenak dituen administrazinoetan. Bere berbetan, Espainiako Gobernuak garraio publikoan deskontu politika horri eusteko “borondatea” dauka, eta Batzar Nagusietako ganerako taldeek neurri hori Kongresuan be babesteko borondatea adierazo daiela eskatu dau.

