BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ARAU ALDAKETEA ONARTUKO DABE ENPRESEK TELEFONIA MOBIKORREKO INSTALAZINOAKAITIK UDAL TASAK ORDAINU DAIEZAN

  • Gaur batzordean adostu dan Toki Ogasunei buruzko Foru Arauaren aldaketak operadore mobikorren pribilegio fiskala ezabatzea eta udalen autonomia finantzarioa indartzea bilatzen dau.
     
  • Batzar Nagusiek, kenkariek Soziedadeen ganeko Zergan daben eraginari buruzko azterlan integrala eskatu deutsie Aldundiari.


(Bilbon, 2026ko martiaren 11n). Bizkaiko Batzar Nagusiak aurrera doaz Toki Ogasunei buruzko abenduaren 16ko 9/2005 Foru Araua aldatzeko tramitazinoan, jabari publikoa erabilteagaitik telefonia mobikorreko enpresek udal tasak ordaintzeko daben salbuespena kentzeko. Erreforma horri esker, lurralde historikoko udalek bide publikoetako lurzorua, zorupea eta hegala aprobetxeteagaitik zergapetu ahal izango ditue operadoreak. Erespena Batzar Nagusietako talde guztiek onartu dabe, abstenidu egin dan Bizkaiko Talde Popularrak izan ezik. 

Arauzko ekimenaren abiapuntua Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako Eneritz de Madariaga Martín batzordekidearen proposamena izan da. Gaur egun telefonia mobikorreko konpainiek ura edo elektrizidadea lako oinarrizko beste zerbitzu batzuen aurrean daben “pribilegiozko egoerea” salatu dau. Proposamenaren egileak azaldu dauenez, sektore horrek milaka milioi euro fakturetan ditu urtero, Bizkaiko udalerri gehienetan espazio publikoaren erabilera pribatiboagaitik ezelango diru ekarpenik egin barik. 

Arauaren arrakastea bermatzeko, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek zuzenketa-eske bi aurkeztu ditue, testuaren “arauzko egiturea” indartzeko eta egon daitekezan auzi judizialak saihesteko. Ainhoa Pielo Muguruzak, Euzko Abertzaleak taldearen izenean, erreformak tokiko autonomiaren printzipioa eta toki erakundeen finantza nahikotasuna babesten dituala azpimarratu dau, udalei karga horreek segurtasun juridikoagaz apliketea galarazoten eutseen legezko oztopoak kenduz. 

Alberto Álvarez Castrejón Batzar Nagusietako Euskal Sozialistak taldeko ordezkariak, bere aldetik, idazkera barriak Bizkaiko araudia Auzitegi Gorenaren eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziagaz lerrokatzen dauela azpimarratu dau. Horrez gain, azpimarratu dauenez, ekimenak erakusten dau “oposizinoaren proposamenak alde teknikotik hobetu daitekezala zerbitzu publikoen finantziazinoa indartzeko, herritarren gain jarri barik”.

Araudiak kuantifikazino bereziko erregimena ezarten dau, eta horri esker, operadoreek udalerri bakotxean urtero lortzen dituen diru-sarrera gordinen % 1,5ean finkatu ahal izango da tasea. Erreformearen funtsezko alderdi bat enpresek tasa horren zenbatekoa zerbitzuen azken erabiltzaileengana bideratzea beren beregi debeketea da. De Madariagak gogora ekarri dauenez, tasa hori apliketea udalei jagoke, eta eredu horren edo kuantifikazinoko beste eredu baten artean aukeratu leikie, Barakaldon, Donostian edo Gasteizen gertatzen dan lez. 


SOZIEDADEEN GANEKO ZERGEAREN KENKARIEI BURUZKO AZTERLAN INTEGRALA 

Ogasun eta Finantza batzordearen eguneko gai zerrendako beste puntu batean, Foru Aldundiari Soziedadeen ganeko Zergan indarrean dagozan zerga kenkariei buruzko azterlan integrala egin daian eskatzeko arauz besteko proposamen bat onartu da. Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak aurkeztu eta defendidu dauen ekimenaren helburu nagusia biztugarri horreek lurraldeko ekonomian eta gizartean daukien benetako eragina zorroztasunez eta datuakaz ebaluetea da. Ekimena aho batez onartu da. 

De Madariaga Martínek proposamenaren defentsan azpimarratu dauenez, Soziedadeen ganeko Zergea enpresek zerbitzu publikoei eusten modu justuan lagunduko dabela bermatzeko “funtsezko piezea” da. Talde moreko bozeroaleak argudiatu dauenez, kenkariek baliabide publikoen uko fiskala dakartenez, beharrezkoa da egiaztetea ea benetan beteten daben sortu ziranean eben funtzinoa. “Kenkarien benetako eragina eta erabilgarritasun soziala ebaluau ahal izan behar doguz; kontua ez da kenkaria zenbat kostetan dan bakarrik, baita nork lortzen dauen onurea eta zein emaitza sortzen dituan jakitea be”, adierazo dau. 

Onartutako azterlanak neurri fiskal horreek helburu estrategikoak beteten ari diran ala ez aztertu beharko dau, adibidez enpleo egonkorra eta kalidadezkoa sortzea, ikerketea, garapena eta barrikuntzea (I+G+B) eta energia-trantsizinoa sustatzea. Modu berean, ikerketak kenkari horreek enpresen tipologiaren eta tamainuaren arabera zelan banatzen diran aztertu beharko dau, biztugarri horreek enpresa-sare osorako erabilgarriak diran ala plangintza fiskalerako gaitasun handiagoa daben korporazino handietan biltzen diran egiaztetako. 

Batzar Nagusien aginduak ezartzen dauenez, Aldundiak 2026an aurkeztu beharko ditu azterlan horren emaitzak Batzar Nagusien aurrean. Diagnostiko hori eztabaida politikoa errazteko oinarri izango da, eta, emaitzek halan gomendatzen badabe, kenkariak justizia fiskalaren, ekidadearen, gizarte-eraginkortasunaren eta suspertze ekonomikoaren erispideen arabera barrikusi egingo dira.