BATZAR NAGUSIEK BARIKU HONETAN ZABALDUKO DABE 2026KO BIZKAIKO AURREKONTUEI ZUZENKETA-ESKEAK AURKEZTEKO EPEA, ALDUNDIAK GAUR KONTUEN AZALPENA AMAITU OSTEAN
- Gizarte Ekintza Sailak eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailak bukatu ditue gaur 2026ko foru aurrekontuak azaltzeko saioak Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean.
- Eguen honetan, zemendiaren 13an, amaituko da herritarrek arauzko proiektuari alegazinoak aurkezteko epea, eta hurrengo egunean zuzenketa-eskeak aurkezteko epea zabalduko da.
(Bilbon, 2025eko azaroaren 11n). 2026ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak etapak erretzen jarraituko dau aste honetan, eguenetan herritarren alegazinoak aurkezteko epea itxita eta hurrengo egunean Batzar Nagusietako taldeek zuzenketa-eskeak aurkezteko epea zabalduta. Izapide horreek gaur, Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako diputatuak eta Ager Izagirre Loroño Herri Administrazino eta Erakunde Harremanetarako arduradunak Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean egin daben agerraldiakaz Foru Arau Proiektua aletzeko informazino batzordeak amaitu ostean aktibauko dira.
Beste urte batez, Gizarte Ekintza Sailak alde handiz hartuko dau Aldundiaren gastu bolumen handiena, erabilgarri dagoanaren % 44,7a. Gizarte Ekintzako foru diputatuak, Bilbon egin dan Aurrekontuen ganeko informazino batzordeen azken-aurreko bileran, bere sailak datorren urtean bere programak gauzatzeko 767,2 milioi euro (beharginen gastuak kontuan hartu barik) izango dituala azaldu dau gaur. % 5,21eko igoerea, 2025eko aurrekontuagaz alderatuta.
Antxustegik zuzendaritzen, programen eta mendeko erakundeen arabera zehatu ditu kontuak. Magnitude nagusien artean GUFErentzat erreserbautako 169 milioiak azpimarratu ditu, ia erdia (83,2 milioi) beharginen gastuak estaltzeko, 887 pertsona, hain zuzen be. Gehien hazi dan aurrekontuetako bat Umeen programakoa da (+% 8,79), 13,6 milioi hartuko ditu-eta. GUFEren aurrekontua gehituta, Aldundiak 66,2 milioi bideratuko ditu adinbakoentzako eta nerabeentzako harrera etxeen eta zentroen sarera.
Ganera, kopuru handien artean, mendekotasuna daben adinekoak hainbat zentro-eredutan (eguneko plazak, egoitzak...) artatzera bideratutakoak dagoz, eskuragarri dagoanaren herena baino gehiagogaz (267.366.628 euro). Aldundiak beste 116.354.200 euro izango ditu desgaitasuna daben personei laguntzeko, 65 milioi Kontribuzinokoak ez diran Prestazinoen gastuei aurre egiteko, eta 104 milioi Etxeko Arretarako.
89,6 MILIOI LURRALDE-KOHESINOA BERMATZEKO ETA ADMINISTRAZINO GERTUAGOKOA EREGITEN JARRAITZEKO
Ager Izagirre Loroño Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak bukatu ditu arratsaldean Bizkaiko Batzar Nagusietan Aurrekontuen inguruko informazino saioak, bere sailak 89,5 milioi euro izango dituala azpimarratuz, hau da, % 3,54ko igoerea.
Bere agerraldian, Izagirrek azpimarratu dau aurreko urteetan egin dan lez sailaren aurrekontuak “herritarrei zuzendutako zerbitzuak hobetzeko eta modernizetako konpromisoari eutsiko deutsola, Bizkaia guztiz digital eta inklusiborantz aurrera egiten jarraitzeko, eskualde bakar bat be bazterrean geratuko ez dan Bizkairantz”.
Sail horren barruan dago Prebentzino, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua. Datorren urtean, Aldundiak tresnen furgoi barri bat (330.000 euro) eta kudeaketarako beste hiru ibilgailu (120.000 euro) erosiko ditu. Horrez gain, milioi bat euro inguru bideratuko ditu zerbitzuaren parkeetan hobekuntzak egiteko.
Inbertsino handiena ez da hain nabarmena, aurrekontuaren % 57 “gobernu digital inklusiboaren eredua” sendotzeko erabiliko dalako, Lantik, Zugaztel eta BiscayTIK soziedade publikoen laguntzeagaz.
Mugarri nagusiei jagokenez, Izagirrek esan dau 2026an Bilbon (Done Bikendi plaza) eta Getxon hurbiltasuneko Gertu bulego barriak zabalduko dirala. Eta datorren urteari begira, 100 plaza inguruko Enpleo Publikoaren Eskaintza deituko da.



