ENKARTERRIETAKO MUSEOAK BARAKALDO ETA ABELLANEDA ARTEAN EGINGO DAN “LA GALDAMESA BIDEA” IBILBIDEA ANTOLATU DAU URRIAREN 6RAKO

  • Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatu dabe kultur martxa horren XVI. edizinoa domeka horretarako; aurton ibilbidea aldatuko dau, Regaton Galdameseko biztanleek egiten eben antxinako bidean sartzeko.
     
  • Dobako 23 kilometroko ibilbideak anoa-puntu bat eta Enkarterrietako Museoko beharginen azalpenak izango ditu.
     
  • Izena museoaren webgunean emon daiteke daborduko (enkarterrimuseoa.eus).

 

(Bilbon, 2024ko irailaren 10n). Aurton, Enkarterrietako Museoak antolatzen dauen burdinolen ibilbide tradizionalak agertokia eta gaia aldatuko ditu. Domekan, urriaren 6an, martxa kultural horren XVI. edizinoa ospatuko da, baina oraingoan “La Galdamesa bidea” izenagaz, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran itsasadarraren ertzetako lantegietan behar egiteko Enkarterriko mendiak oinez zeharkatzen ebezan herri horretako biztanleen omenez.

Oraingo honetan, eta 2024ko Europako Ondarearen Jardunaldiak dirala eta, hainbat errazoirengaitik gure ondare kulturalaren parte diran ibilbideei balioa emon gura deutsen “Bideen, sareen eta bildumen ondarea” izenburupean, Enkarterrietako museoak egun batez berreskuratuko dau ingurumenaren eta ondarearen ikuspegietatik zalantzarik bako balioa daben paisajeak zeharkatzen dituan ibilbide hori. Exigentzia maila handi samarra dauen bidetik egingo diran 23 kilometro izango dira, 1.200 metroko desnibelagaz, Regatotik (Barakaldo) abiau eta Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Abellanedako Enkarterrietako museoan amaitzeko.

Barakaldoko meatze-auzo zaharra atzean itxi eta gero, ibilbidea mendiko pistetatik eta Galdamesko herrixka batzuk, horreen artean Castaños, Illeta edo Amabizkar, lotzen ebezan bidexka tradizionaletatik sartuko da. Ikuspegi naturaletik, ibiltaldian parte hartzen dauenak Eretzako biotopoaz, ibaiertzeko basoez, artadiez eta bidea inguratzen daben zelai zabalez edo ikuspegi ikusgarriak eskaintzen dituen antxinako Ubieta/Zipar belardiez gozau ahal izango dau.

Ikuspegi naturalari gure industria- eta kultura-ondarearen erakusgarri aberatsa gehituko jako. Holan, Enkarterrietako museoko beharginek geldialdi txikiak egingo ditue ibilbidean dagozan eraikinetan: meatzaritzako hondakinak, Etxebarriako urtegia –Estaduan hormigoiz eregitako lehenengoa (1901)–, Urdandegietako burdinolea (XVI. mendea), Castañoseko edo Amabizkarreko hainbat baserri, mendiko burdinolen hondakinak (Castaños) edo Galdameseko Illeta-Amabizkarreko San Kosme eta San Damian baseleizea.

Ibilbideak anoa-puntu bat izango dau erdi inguruan, 11. kilometroan, Illeta-Amabizkarreko (Galdames) San Kosme eta San Damian baseleizearen ondoan. Beharrezkoa izango da ura hartzeko ontzia eroatea, ez dalako likidoa dauen ontzirik banatuko, eguna jasangarriagoa egiteko. Ibilbidean hiru ur-iturri dagoz: lehenengoa Regato baseleizearen alboan; bigarrena Eretzako aterpearen ondoan; eta bestea, aitatutako anoa-puntuan.

Museoan autobus bi jarriko dira parte-hartzaile guztiak Enkarterrietako Museotik hasierako puntura, Regatora, edo BECen (Barakaldo) ondoan dagoan Ansioko metro geltokira eroateko.

 

Izen-emotea: Doan, urriaren 4ko 13:00ak arte, www.enkarterrimuseoa.eus helbidean edo 94 650 44 88 telefono-zenbakian (300 persona gehienez).

Lotutako artxiboak: