BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIAK EMAKUMEEN MUNDUEI BURUZKO XV. KONGRESUAREN ANTOLATZAILEAK HARTU DITU GERNIKAN

  • Batzar Etxera egin daben bisita instituzionalak marketan dau maiatzaren 20tik 24ra Bilbon egingo dan nazinoarteko "Emakumeak* eta Bakeak" topaketearen hasierea. 


(Gernikan, 2026ko maiatzaren 20an). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak “XV. Emakumeen Munduak 2026 (MM26)” kongresuaren arduradunen ordezkaritzea hartu dau gaur arratsaldean Gernikako Batzar Etxean. Emakumeen arteko loturea eta bakearen eraikuntzea ardatz dituan eta "Emakumeak* eta Bakeak" lelopean egingo dan topaketa globala, bihar hasi eta datorren maiatzaren 24ra arte luzatuko da. Kongresua Bilbon izango da, Bizkaia Aretoa-EHUn eta Deustuko Unibersidadean. 

Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Mahaiko kideek lagunduta, ondo etorria emon deutse kongresuko ordezkariei Aldundiaren egoitzako sarreran. Horren ostean, segizinoa Gernikako Arbola Zaharraren eta Gernikako Arbolearen aurrera joan da, karga sinboliko handiko lekua euskaldunentzat, euren askatasunak eta erakunde historikoen jarraipena ordezkatzen dituelako. Zugaitzaren zabalunean, ordezkaritzak ohorezko "Aurresku" tradizionala jaso dau.

Kanpoko harrerearen ostean, bertaratutakoak Batzar Etxeko Bilkura Aretora sartu dira. Saioan, bideo instituzional bat proiektau da, eta Otaduik Foru parlamentuak izan dauen historiari eta esanahiari buruzko azalpen zehatza emon dau kongresukideak aretoko jesarlekuetan egozan bitartean.

Topaketeari amaierea emoteko, Maria Oianguren Idigoras, Gernikatik Mundura erakundeagaz batera kongresua antolatzen dauen Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko Ikerketa Zentroko Zuzendaria Lehendakaritzaren bulegora joan da, Ohorezko Liburua sinatzeko, nazinoarteko foro horren eta Batzar Nagusien arteko lotura instituzionala sendotzeko.