BATZAR NAGUSIETAKO LEHENDAKARIAK HARREREA EGIN DEUTSE “CAMINUS EUSKAL HERRIA” PROIEKTUKO KIDEEI

  • Gaixotasun arraroren bat daben personen egoerea ikusarazoteko Euskal Herrian zehar gurpildun aulkian egiten ari dan alkartasunezko ibilbideko mobikortasun urriko persona bik geldialdia egin dabe Gernikako Batzar Etxean.

 

(Gernikan, 2023ko bagilaren 23an). Rubén Zulueta eta José Ignacio Fernández Caminus alkarteko kideak dira. Joan dan eguaztenean, Gasteizen, itzuli berezia hasi eben Euskal Herrian zehar, gaixotasun arraroak dituen personen egoerea ezagutuarazoteko. Ibilbideko hirugarren etapan Gernikako Batzar Etxean gelditu dira gaur. Bertan Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak hartu ditu, “Caminus Euskal Herria” deitu daben ekimen solidarioari laguntzeko eta haren bozgorailu izateko. Gurpildun aulki elektrikoan Euskal Herrian zehar egiten dan lehenengo itzulia da. 

Proiektuaren bidez, persona bi horreek Euskal Herriari bira emongo deutsie hamabi etapa osotuz eta 500 kilometro baino gehiago eginez. Hori guztia gaixotasun arraroren bat daben personen errealidadea ikusarazoteko. Bagilaren 21ean abiau ziran Gasteiztik eta garagarrilaren 1ean itzuli gura dabe Arabako uriburura, Hegoaldeko gainerako urietatik igaro ondoren.

Caminus alkartea hiru pilare nagusitan oinarrituta sortu zan: gaixotasun arraroak ez dirala hain gitxituak erakustea; persona horreei positibotasuna eta baikortasuna transmitidutea, erosotasun-eremutik urten daien; eta gaixotasun horreek ikertzeko dirua batzea. 2019az geroztik, kolektibo horrek errebindikazinozko beste ekintza batzuk egin ditu, Done Jakue Bide frantziarra, Monegroetako basamortua edo Done Jakue Bideko Mozarabiar ibilbidea (1.395 kilometro Almeria eta Santiago artean) eginez.

Gaur Gernikako Batzar Etxean gelditu dira eta Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzak ezagutzeko aukerea izan dabe. Batzar Nagusietako lehendakariagaz Gernikako Arbolaren ondoan argazkia atera ostean, Zuluetak eta Fernandezek Lekeitiora daroan errebindikazinozko bidaiagaz jarraitu dabe, ibilbideko etaparik luzeena osotzeko, hirugarren etaparen abiapuntua izan dan Bilbo eta kostaldeko herriaren artean dagozan 55 kilometroak.