BILBOKO ADINBAKOEN ZENTROAREN LEKUALDAKETEA GÜEÑESERA “LASTER” EGINGO DALA BAIEZTAU DAU ALDUNDIAK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako foru diputatuak baliabide barriaren egokitasuna defendidu dau Gizarte Ekintzako Batzordean Urtzi Ostolozaga Arrien EH Bildu taldeko batzordekideak egindako itaunen ostean; batzordekideak lekualdaketearen xehetasunak eskatu ebazan Bilboko zentroko beharginek jasotako kexen ostean.

 

(Bilbon, 2026ko urriaren 19an). Bizkaiko Foru Aldundiak baieztau egin dau “laster” egingo dala adinbakoen babes-etxearen Bilboko zentrotik Güeñeseko higiezinerako lekualdaketea, baliabide barrian egokitze-lanak eta igogailuaren instalazinoa amaitu eta gero. Baieztapen hori gaur goizean egin dau Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan, Gizarte Ekintzako Batzordean egindako agerraldiaren barruan.

Agerraldia Urtzi Ostolozaga Arrien EH Bildu taldeko batzordekideak eskatu dau, Eudes Fundazinoa kudeatzen eban Gotzaindegiaren Bilboko higiezinaren alokairu-kontratua amaitu ostean hartutako erabagiei buruzko azalpenak eskatzeko. Bere esku-hartzean, koalizino abertzaleko batzordekideak zalantzan jarri dau baliabide barriaren aukeraketea eraikinaren bizigarritasun-txostenean bakarrik oinarritu izana, eta umeakaz zuzenean behar egiten daben behargin profesionalen balorazino psikosoziala ez dala aintzat hartu salatu dau. Horrez gan, Ostolozaga Arrienek ohartarazo dau aldaketa horrek ondorio negatiboak ekarri daikezala hezkuntza-prozesuan, garapen sozialean eta familiakaz alkartzeko guneetan.

Bere aldetik, Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ekintzako foru diputatuak azaldu dauenez, egoitza barriaren bilaketea Bilboko higiezinaren jaube dan erakundeak hori saltzea erabagi izanak eragin dau. Foru diputatuak zehaztu dau Gizarte Ekintza Saileko Ikuskapen Zerbitzuak egiaztau dauela Güeñeseko eraikinak haurtzaroko eta nerabezaroko egoitza-harrerako baliabideak arautzen dituan dekretuan ezarritako baldintza guztiak beteten dituala.

Foru arduradunak bermatu egin dau leku-aldaketeak ez dituala aldatuko harreran dagozan adinbakoen plan indibidualizauak, ez eta ibilbide hezitzaileak, familiakoak edo psikosozialak be. Alde horretatik, taldearen bizikidetzearen jarraitutasuna eta ekipo hezitzaile beraren iraupena bermatu ditu, sendotutako konfiantza- eta erreferentzia-loturak gordetako.

Azkenik, foru diputatuak uko egin deutso adinbakoen guztizko kopuruari, adin-tarteei edo bularreko umeen presentziari buruzko datu zehatzak publiko egiteari, konfidentzialtasunaren eta intimitatearen legezko betebeharra aitatuz, adinbakoen estigmatizazinoa eta identifikazinoa saihesteko. Antxustegi Ziardak zehaztu dauenez, informazino hori modu pribaduan helarazoko deutsie batzordekideei.

 

PP-REN AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK

Batzorde berean, Raquel González Díez-Andino Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak joan dan udan Ereagako hondartzan aldagela inklusiboen zerbitzua eten izanari buruz egindako itaunari erantzunez, Gizarte Ekintzako foru diputatuak adierazo dau baliabide horren instalazino eta kudeaketa osoa udalaren eskumena dala.

Alde horretatik, Antxustegi Ziardak zehaztu dau Gizarte Ekintza Sailak ez dakiela enpresa espezializauak zergaitik itxi dauen aurreko uda bietan be emon eban zerbitzua. Horrez gan, Aldundiak erantzukizun “subsidiarioak” hartu behar dituanik edo Getxoko Udalaren autonomian sartu behar dauenik baztertu dau, eta, horregaz batera, foru-erakundeak desgaitasuna daukien personak alkartzen dituen kolektiboakaz, bainu lagunduaren zerbitzua lako foru-baliabideen bidez, daukan konpromisoa berretsi dau.

Tutoretzapeko adinbakoek taldeko istiluetan izan daikien ustezko inplikazinoari buruzko ahozko erantzun-eskeari jagokonez, foru diputatuak esan dauenez “ez da bidezkoa eta modu berezian kezkagarria da” egiaztautako daturik emon barik delinkuentzia babespean dagozan umeakaz lotzea. Diputatu andreak hezkuntza taldeen profesionaltasuna azpimarratu dau, eta Umeen Zerbitzuaren, Ertzaintzaren, Fiskaltzaren eta udal zerbitzuen arteko koordinazinoa etenbakoa, arina eta jarraitua dala esan dau. Bukatzeko, Aldundiko arduradunak “neurriz” jokatzeko deia egin dau, babesik barik dagozan adinbakoen ganeko aurreretxiak eta estigmatizazino soziala saihesteko.