ITUNAREN KULTUREAK EUSKAL POLITIKAN DAUKAN GARRANTZIARI BURUZKO UPV/EHU-REN UDA IKASTAROA HASI DA GERNIKAKO BATZARRETXEAN

  • Gaur goizean, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Ana Otadui Biterik, hasierea emon deutse jardunaldi bietako saioei, UPV/EHUren Uda Ikastaroen zuzendari Itziar Alkortagaz batera.
     
  • Ikastaroko atsedenaldietako batean, Fortún García de Ercilla bermeotarraren De pactis liburuaren 1523ko edizino bat aurkeztu da Batzarretxeko liburutegian, baita IVAPek argitara emondako liburu horren edizino eguneratu eta kritikoa be.

 

(Gernikan, 2024ko bagilaren 24an). Bizkaiko Batzar Nagusien laguntzaz, UPV/EHUren “Itungintzaren iragana, oraina eta etorkizuna. Historia eta politika, mitotik harago” Uda Ikastaroa hasi da Gernikako Batzarretxean. Euskal Unibersidade Publikoaren Uda Ikastaroen barruko prestakuntza akademiko horretan, itunen idea eta ezarpena aztertu dira urteen joan-etorrian, Erdi Arotik gaur egunera arte, erabili dan forma politiko moduan. Gaurko jardunaldian –ikastaroak bihar, martitzena, segiduko dau–, Batzarretxeko liburutegian aurkeztu da Fortún García de Ercilla bermeotarraren De pactis liburuaren 1523ko edizino bat, baita IVAPek argitara emondako liburu horren edizino eguneratu eta kritikoa be.

Jarduera hau jente guztiarentzat izan da, baina, batez be, unibersidadeko ikasleentzat, profesionalentzat eta Bizkaiko Batzar Nagusietako zein Aldundiko behargin eta ordezkarientzat. Bertan, une historiko batzuetan herrialdearen nortasun juridiko eta politikoan zeresana euki dauan itunaren kultura horren berezko ezaugarriak aztertu dira. Ikastaroaren helburua, hain zuzen be, itunaren kulturearen irakurketa eguneratua egitea da, haren ezaugarri bereizgarrietako batzuk, eta, beharbada, orainari nahiz etorkizunari begira zelako ahalmena daukan zehazteko asmotan.

Ikastaroa Mikel Mancisidor de la Fuentek, Deustuko Unibertsitateko Nazinoarteko Zuzenbideko irakasleak, eta Itziar Lizeaga Romerok, Bizkaiko Batzar Nagusietako letraduak, zuzenduko dabe. Ikastaroan, arloko aditu honeek parte hartuko dabe: Jon Arrieta (EHU), Gregorio Monreal Cia (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Andoni Artola Renedo (EHU), José Luis Aurtenetxe (1984tik 2017ra arte Batzar Nagusietako letradu nagusia izandakoa), Alejandro Saiz Arnaiz (Universitat Pompeu Fabra), Jesús Morales (Zaragozako Unibertsitatea), Xavier Gil (Bartzelonako Universitat), Josu Erkoreka (Eusko Jaurlaritza) eta Leire Irazabal Basabe (Euskal Herria Museoa).

Jardunaldiko une berezia Fortún García de Ercilla bermeotarraren lanaren aurkezpena izan da. Bolonian agertu zan 1514an, eta haren izenburua Sobre los Pactos da; edo, latineko jatorrizko bersinoan, De Pactis. Argitalpen horretan, Fortún Garcíak itunen eukiak eta berezitasunak arakatzen dauz. Batzar Nagusiek lan horren edizino bat erosi dabe, 1523. urtekoa, hain zuzen be. Portonaris argitaletxe ospetsuak Lyonen egindako edizino bikaina da, eta, seguruenik, egilearen beraren ikuskaritzapean egin zan. Ekitaldi horretan bertan, lan horren edizino moderno bat be aurkeztu da, IVAPek argitaratuta, itzulita eta iruzkin kritikoen bidez testuingurua emonda. Lan berbera, bost mendeko tarteaz egindako edizino bitan.