GUATEMALARI ALKARTASUNA ADIERAZOTEKO ERAKUNDE-ADIERAZPENA

Hedabide komunitarioak eta alternatiboak ahalegintzen dira dinamika komertzialetatik aldentzen, eta jazarpena eta erasoak jasoten ditue frekuentziak bereganatu eta informazino-bide masiboen jabe diran talde ekonomiko faktikoen aldetik, hedabideok “herrialdearen garapenaren areriotzat” eta Nazino-Estatuen egonkortasun politikoaren areriotzat joten dituelako.

Indigenen eta nekazarien irrati komunitarioak eta beste komunikabide alternatibo batzuk, izenak berak adierazten dauen lez, alternatibea eskaintzen dabe herrialdeko herri indigena eta herri-sektore baztertuak emantzipatzeko behar dan informazinoa zabaltzeko.

Une honetan Guatemalako Estatua ez da gauza giza eskubideen defendatzaileen babesa eta segurtasuna bermatzeko. Are gehiago, Guatemalako Estatuak neurriak hartu ditu defentsa-lana moteltzeko, giza eskubideen defendatzaileen ekintza geldiarazoteko eta Zuzenbide Estatua defendatzen daben gizarte zibileko erakundeei heriotza politikoa emoteko. Neurri horreek, bada, ondorio negatiboak izan ditue; izan be, hainbat defendatzaile askatasun barik dagoz, beste batzuk lege-prozesu luze eta gogaikarrietan katigatuta dagoz, eta beste batzuk erbestean dagoz edo nazinoarteko babesa eskatu behar izan dabe, hori egin ez balebe arriskutan izango leukielako bizitza eta osotasun fisikoa, morala eta emozionala.

Giza eskubideak baliatzeko aukera handirik emoten ez dauen giro horretan —eta hori da, hain zuzen be, Guatemalako giroa, arriskuan dago giza eskubideen defendatzaileen lana, are gehiago 4-2020 Dekretua (GKEen Legearen Erreforma) indarrean indarrean sartu zanetik, horrek gizarte zibileko erakundeen kriminalizazinoa eta itxiera legeztatzen dau-eta.

Horregaitik guztiagaitik, Bizkaiko Batzar Nagusiek honako honeek adierazoten ditugu:

· Berretsi egiten dogu giza eskubideen defentseagaz dogun konpromisoa, eta geure alkartasuna agertzen deutsegu adierazpen-askatasunerako eskubidea eta herrien eta justizia sozialaren zerbitzurako komunikazino-eskubidea baliatzen daben herriei, defendatzaileei eta, bereziki, komunikabide komunitario eta alternatiboen komunikatzaileei.

· Guatemalako Gobernuari eskatzen deutsagu bertan behera itxi daizala giza eskubideen defendatzaileen eta, bereziki, komunikazinorako eskubidearen defendatzaileen aurkako kriminalizazinoa eta estigmatizazinoa. Era berean, eskatzen deutsagu errespetatu daizala adierazpen-askatasunaren arloko nazinoarteko itunak.

· Era berean, eskatzen deutsagu errespetatu daizala adierazpen-askatasunaren arloko nazinoarteko itunak.

Era berean, Guatemalako Estatuari eskatzen deutsagu herri indigenen autonomia errespetatu eta bermatu daiala, eta erraztasunak emon deiezala komunikabideetara irispidea izateko eta komunikazinoa jatorrizko hizkuntzetan bermatzeko.