ENKARTERRIETAKO MUSEOAREN AGENDEA KULTUR JARDUERAKAZ BETEKO DA DATOZAN HILEBETEETAN
- Maiatza eta garagarrila bitartean Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan kultur zentroak bisita gidauak egingo ditu “Lantegietako emakumeak” erakusketara eta “50etako emakume langileak” argazki-erakusketara, eskualdeko industria-ondarea ezagutzeko kultur ibilbidea; “Batzarretik Batzarrera” jarduera pedagogikoari ekingo jako barriro, herritarrek Bizkaiko parlamentuaren egoitzak ezagutu daiezan; eta Sopuertako Gerra Zibiletik bizirik urten eben azken personak omentzeko ekitaldia be egingo da.
(Abellanedan, 2022ko maiatzaren 3an). Enkarterrietako Museoak kultur proposamen ugarigaz indartu dau bere jardueren karteldegia. Urte biko pandemiaren ostean, Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan kultur zentroak hainbat kultur ekimen programau ditu datozan hilebeteetarako Enkarterriko kultur ondareari balioa emoteko. Garrantzitsuenek “Lantegietako emakumeak” proiektuagaz daukie zerikusia, horreen artean “Lantegietako Emakumeak, Cadagua haraneko 11 fabrika” erakusketara egingo diran bisita gidauak, Zallako Antzokian egongo dan “50etako emakume langileak” argazki-erakusketea edo proiektu horren barruan inguruko industria-ondarea ezagutzeko kultur ibilbidea. Kultur agendea osatzeko, Bizkaiko parlamentuaren egoitzak ezagutarazo gura dituan “Batzarretik Batzarrera” programa pedagogikoari ekingo jako barriro, eta Espainiako Gerra Zibiletik bizirik urten eben Sopuertako azkenengo personei omenaldia egingo jake.
Urtea amaitu arte Enkarterrietako Museoan edegita egongo dan “Lantegietako Emakumeak, Cadagua haraneko 11 fabrika” erakusketea, Enkarterrietako museoko “Lantegietako emakumeak” proiektuaren bigarren fasearen partea da. Proiektu horretan, Bizkaiko industriari eusteko prozesuan emakumeek izan eben zeregin garrantzitsua erakusten da. Enkarterrietako museoak doako hiru bisita gidau antolatu ditu maiatzaren 8rako eta garagarrilaren 9 eta 24rako.
Bizkaiko emakumeek herrialdeko industrializazinoan gizaldi eta erdi baino gehiagoan (XIX. gizaldiaren erdialdetik XX. gizaldiaren amaierara arte) bete daben lekua autortzen dauen erakusketa horren barruan, maiatzaren 14rako, zapaturako, kultur ibilbidea antolatu da hainbat belaunalditako milaka emakumeri lana emon eutsen hainbat lantegitatik zehar. Erakusketeak emakumea protagonistea izan zan Cadaguako 11 lantegiren historia errepasetan dau. Enkarterrietako museotik urtengo dan ibilbidea Zallako lantegi bitan geldituko da: La Herreran dagoan Plomosen eta Serranon (El Longar). Bidean, antxinako hidroelektrika bat, torre bat, baseleiza bat eta burdinola bat bisitauko ditu espedizinoak. Ibilbide hori Aldundiak maiatzean antolatzen dauen Museoen Nazinoarteko Egunean izango da. Egun horretako ospakizunean Bizkaiko museo guztiek hartzen dabe parte.
Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan ikusgai egon zan “50etako emakume langileak” izeneko erakusketea Zallako Antzokira eroateagaz batera, Enkarterrietako Museoak beste bisita gidau batzuk antolatu ditu bagilean, hain zuzen be bagilaren 1ean, 8an eta 15ean. Erakusketan, argazki-materialaren bitartez, herrialdearen industrializazino- eta produkzino-sareari eusteko prozesuan emakumeek egindako lanean sakontzen da. Zuri-baltzeko argazkiak 50eko hamarkadan, eta Cadagua bailarako 11 lantegiren (Lacabex-La Guata, La Papelera, Serrano, Plaza, Plomos, Garsa, La Conchita, Rica, Muebles, Rodet eta La Encartada) lan arloan gelditzen dira.
Gernikako bonbardaketearen urteurreneko ekitaldien ostean, Enkarterrietako Museoa Gerra Zibiletik bizirik urten eben sopuertarrei omenaldia egiteko ekitaldi txikia ari da prestetan. Maiatzaren 25ean, Enkarterrietako Museoak gure historiako pasarterik gordinenetakoa bizi izan eben gizon-emakumeak gogorarazoko ditu. Beharbada, apurka-apurka desagertzen ari dan belaunaldi haren ausardia oraindino bertako kideak bizirik dagozala gogorarazoteko azkenengo aukeretakoa izango da.
Azkenik, Enkarterrietako Museoak, urte biko pandemiaren ostean, “Batzarretik Batzarrera” proiektua berreskuratuko dau. Proiektu horren helburua Gernika, Abellaneda eta Gerediagako Batzar Etxeen atzean zer dagoan herritarrei erakustea da. Gaur egun oraindino lurraldeko hiru egoitza parlamentarioak baliagarriak dira, horreen jatorrizko jarduerea Erdi Arokoa izan arren. Bizkaiko garapen politiko, sozial eta ekonomikoan giltzarri izan ziran erabakigune parlamentario horreen historian eta ondarean sakontzeko hiru jardunaldik, maiatzaren 29an eta ekainaren 12an eta 19an, osatuko dabe jarduera-sorta hori.
Informazino gehiago eta izen-emoteak:
ENKARTERRIETAKO MUSEOA
Tl. 94 650 44 88 / 94 610 48 15