SURNE BILBAO BASKETEK OMENALDIA JASO DAU GERNIKAKO BATZAR ETXEAN EUROPAKO KOPAKO TITULUA LORTZEAGAITIK
- Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilboko kluba omendu dabe gaur arratsaldean, Gernikako Arbolearen ondoan, Europan lortu barri dauen garaipenaren ostean, entrenamendu eta partiduen agenda estuan lekua egin eta gero.
(Gernikan, 2026ko maiatzaren 21ean). Bizkaiak Surne Bilbao Basket taldea omendu ahal izan dau gaur Gernikako Arbolearen ondoan, FIBA Europe Cup txapelketako finala irabazi ostean. “Baltzezko gizonen” ordezkaritzea Gernikako Batzar Etxera joan da, Isabel Iturbe March presidentea, Jaume Ponsarnau entrenatzailea eta Zuzendaritza Batzordeko kideak, talde teknikoa eta plantilla osoagaz.
Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako lehendakariak, Mahaiko kideek, Batzar Nagusietako taldeetako bozeroaleek eta batzarkideek lagunduta, eskerrak emon gura izan deutsaz Bilboko taldeari, gaur barriro be Gernikako Arbolara hurreratzeko egin dauen keinuarengaitik, titulu kontinentala irabazi ebenetik jaso dituan omenaldi ekitaldi ofizialei amaierea emoteko. “Sinbolo honen antza hartzen hasi zarie: sustraiak, nortasuna eta irauteko bokazinoa dituan taldea”, azpimarratu dau Otaduik, eta edizino bitan jarraian garaikurra eskuratzea lortzen dauen lehenengo taldea izateak dakarren mugarria ekarri dau gogora. Esan dauenez, “ahaleginaren jarraitutasuna, ondo egindako lanaren konstantzia eta konformetan ez dan talde baten anbizinoa” aintzatetsi gura dira.
Ekitaldia haretxaren babespean eta garaikurra lekuko dala egin da, eta Bizkaia osoak txapeldunei omenaldi txikia egiteko balio izan dau. Orain dala aste batzuk talde bilbotarrak bere historiako bigarren titulu kontinentala lortzeko indarrez eta ilusinoz bultzatu eban lurraldea. Horregaitik, Batzar Nagusietako lehendakariak zale guztien esker ona adierazo gura izan dau. “Gaur, Bizkaiak ez dau titulu bat bakarrik ospatzen. Gauzak egiteko modu bat ospatzen dau. Gure onena ordezkatzen dauen taldea ospatzen dau: lana, apaltasuna, anbizinoa eta komunidadea”.
“Harro egoteko modukoa da hona itzultzea. Are gehiago, Bizkaiko foru barriaren 500 urteak ospatzen diran astean", esan dau Bilboko klubeko presidenteak. Iturbek Gernikako Arbolea “ureztatzearen” garrantzia aitatu dau, “hazten jarraitu daian eta lantzean behin kopa hau lako fruturen bat jaso daigun”. Bukatzeko, harrerea eskertu dau, eta azpimarratu dauenez “titulua Bizkaia osoarentzat da, baita Gernikako herri honentzat be”.
Esker oneko berben ostean, Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Surne Bilbao Basket Gernikako haretxaren azpiko familia argazkian urtu dira, igaz titulu bera irabazi eben “baltzezko gizonek” egin eben lez. Balentriaren barri emoteko, klubeko presidenteak eta entrenatzaileak Batzar Etxeko Ohorezko Liburuan sinatu dabe.