ADARRAREN HOTSAK BAGILAREN 7AN, DOMEKAN, EGINGO DAU BARRIRO BATZAR NAGUSIETARAKO DEIA GANEKOGORTATIK

  • Mendi martxea Kobetamenditik abiauko da goizeko zortzietan, eta Pagasarritik igaro eta gero Ganekogortako tontorrera helduko da, eguerdiko hamabietan adarrak joteko ohiturea zintzo beteteko.

 

(Bilbon, 2026ko maiatzaren 19an). Bizkaiko Batzar Nagusiek kirol eta kultur jardunaldi berezia egingo dabe barriro. Kondairak inoanez, antxina Gernikan egiten ziran bileren deialdia iragarten eban adarraren soinuak Ganekogorta mendira igoteko orientazinoa emongo deutse domekan, bagilak 7, Deiadar Mendien XXI. Egunagaz bat egingo daben guztiei. Bizkaiko tontorrik enblematikoenetako bat izango da ospakizunaren agertokia, aurreko urteetan beste lau deiadar tontorretara (Gorbeia, Oiz, Kolitza eta Sollube) egin ziran igoeren ostean.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, erakunde hori berrezarri zaneko 25. urteurrena zala-eta 2004an hasitako ohitureari eutsiz gauzatuko dabe tradizinoa, oraingoan Bilboko Gailurra klubagaz lankidetzan. Goizeko 08:00etan abiauko da martxea Kobetamendiko aparkalekutik. Parte hartzen dabenek bilbotarrek astebururo Pagasarrira igoteko erabilten dabena ez dan beste bide batetik igongo dira Ganekogortako tontorrera (998 metro). Gailur mitiko horretatik, zeozer jan eta edan ostean, Ganekogortarako bidea hartuko dabe, eguerdiko 12:00etan adarrak joteko tradizinoa zintzo beteteko.

Tontorreko adarren soinuaren ostean, antolatzaileek jai-gune txiki bat prestau dabe Pagasarriko zelaietan. Bertan ez dira faltauko musikea, dantzak, bilbainadak, indarbarritzeko aperitibo txiki bat eta opari bat igoera osoa egiten dabenentzat. Horretaz guztiaz arduratuko dira Bilbo Kantari, Salbatzaile Dantza Taldea (Begoña Arroyo Aldekoa sortzaileak Bilboko Udalaren aintzatespena jaso barri dau egindako lanarengaitik) eta irabazi asmorik bako Peñascal Kooperatiba Taldea erakundea.

Aurtengo kirol igoeraz arduratzen dan Bilboko Gailurra mendi taldeak Lemoako Ganzabal klubeko ordezkariari emongo deutso lekukoa domeka honetan, tradizinoa dan lez, 2027an Gorbeiako igoerea antolatu daian.

 

ERAKUSKETEA BATZAR NAGUSIETAN

Bagileko lehenengo domekako hitzordua heldu bitartean, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga kalea, 6) “Siglos de tañidos. Sansoaç eta Adarraç”erakusketea egongo da ikusgai bariku honetara, maiatzaren 22ra, arte. Erakusketa horrek, hain zuzen be, lurraldeko ekitaldi zeremoniatsu enblematikoenetako baten bilakaerea aztertzera konbidatzen dau jentea: Batzar Nagusietarako deia egiteko bost adarren hotsak. Erakusketeak denporan zehar bidaiatzen dau, Erdi Aroko historiatik eta XIX. mendeko eztabaida politikoetatik abiauta egungo tradizinoa zelan eregi zan aztertzeko.

 

ZIURTASUNAK ETA ELEZAHARRAK

Deiadar mendietan deiadarrak joteko tradizinoaren inguruan argia emoteko, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak ikerketa-lana egin eben 2020an. Azterlan horrek ondorioztatu eban Bizkaiko bost gailur enblematikoetan adarren bidez foru-uribildura joateko deialdia, Gernikako Batzar Etxean antxina egiten zan ekitaldi inguruan Antonio de Trueba kronistak XIX. mendean egin eban barrinterpretazino historikoa zala.

Adarrak bailaratik gailurrera, hau da, foru-uribildutik lurraldeko bost mendietara, eroateko ekintzea, tradizinoa gure garaietara egokitzearen ondorioa da, eta ohitura eta erakunde errotuenak, Batzar Nagusiak kasu, defendiduteko ahalegina. Antonio de Trueba izan zan gaur egun ezagutzen doguzan mendiak aitatu ebazan lehenengoa. Orain dala 150 urte, Gorbeia, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Kolitzatik Batzar Nagusietara deitu izanaren ustea euskal historiografian eta iruditeria herrikoian sartu zan, eta gaur egunera arte iraun dau.

Fichiers associés: