BIZKAIKO AURREKONTUAK 1.450.000 EUROKO PARTIDA IZANGO DAU EUSKAL ERROTAK ERAIKINA KONPONTZEKO

  • Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek erdibideko zuzenketa-eskea adostu dabe birgaitze proiektu horren aurrekontua 250.000 eurotan handitzeko.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordeak erdibideko zuzenketa-eske 2 onetsi ditu, eta atzera bota ditu Elkarrekin eta PP taldeek Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako; Euskara, Kultura eta Kiroleko; eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko sailetako Kontuei aurkeztutako 117 zuzenketa-eske parzial.
     
  • Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren aurrekontuak 50.000 euro gehiago izango ditu Bizkaiko hondartzetan uraren kontsumoa eta erabilerea kontroletako eta murrizteko neurriak ezarteko.


(Bilbon, 2024ko gabonilaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusiek 2025eko Bizkaiko Aurrekontuen ganeko zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko bigarren jardunaldia egin dabe gaur, Ogasun eta Finantza Batzordean, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako Sailaren, Euskara, Kultura eta Kiroleko Sailaren eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren Kontuen ganekoa, hain zuzen be. Aurrekontuen erespenak aldaketa bi jasoko ditu, Foru gobernuari eusten deutsien taldeen –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– eta oposizinoko talde nagusiaren, EH Bilduren, arteko akordioaren ondorioz. Beste alde batetik, batzordeak Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritzea daukien beste talde biek aurkeztu dituen zuzenketa-eske guztiak (117) baztertu ditu. 

Euskara, Kultura eta Kiroleko sailak aldatu egingo dau datorren urterako daukan aurrekontua, gaur goizean “Ondare higiezina eta arkeologia” programan aldaketa bat sartu dalako, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek sinatutako erdibideko zuzenketa-eskearen ondorioz. Holan, hiru taldeek adostu dabenez, Aldundiak 1.450.000 eurogaz horniduko dau Euskal Errotak eraikin hondatuan konponketak egiteko partidea. Aldaketa horrek hasieran aurrekontuan jasotako zenbatekoa 250.000 eurotan handitzea dakar. Zuzenketa-eskea aho batez onetsi da. 

Arratsaldean, Ogasun eta Finantza batzordeak Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren aurrekontu testuari aurkeztutako zuzenketa-eskeak eztabaidatu ditu. Eguneko bigarren aldaketea Kontu horreetan egin da, Batzar Nagusietan ordezkaritza handiena daben hiru taldeek adostutako erdibideko zuzenketa-eskea onetsi da-eta. Hasieran 20.000 eurokoa zan partidan gastua 50.000 euro igongo da, Bizkaiko hondartzetan uraren kontsumoa eta erabilerea kontroletako eta murrizteko neurriak ezarteko. Neurri horreek aldez aurretik adostuko dira Aldundiak eta eragindako udalek osotutako hondartzen kudeaketearen jarraipenerako batzordean.

Bestalde, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako Sailaren datorren urteko Kontuak urriaren 31n erregistratu ziran lez, hau da, aldaketarik barik, iritsiko dira gabonilaren 27ko osokora, behin betiko onartzeko. Foru gobernuari eusten deutsien taldeek ez ditue onartu Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren 17 zuzenketa-eske parzialak eta Bizkaiko Talde Popularraren 16ak. EH Bilduk, barriz, bere zuzenketa guztiak erretirau ditu, atzo egin eban lez.