BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK BIZKAIKO BASOEI BURUZKO FORU ARAUA ONARTU DAU

  • Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aldeko botoa emon deutsie basoko lurzoruaren ia 132.000 hektarearen, Bizkaiko azalera osoaren % 60aren, kudeaketan eragina izango dauen testuari.
     
  • Talde biek beste 14 aldaketa adostu ditue oposizinoko taldeakaz erdibideko zuzenketa-eskeen bitartez.
     
  • Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin dira bozketan, eta EH Bilduk kontrako botoa emon dau zuzenketa-eskea aurkeztu dauen artikuluetan, eta ganerakoetan abstenidu egin da.


(Gernikan, 2026ko jorrailaren 22an). Basoei buruzko Foru Araua, indarrean dagoan 1994ko araudia eguneratzeko diseinau dan testua, behin betiko onetsi dau gaur goizean Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien Osokoak. Bizkaiko Batzar Nagusietan, erdibideko 14 zuzenketa-eske onartu eta gero azkenengo orduko aldaketa batzuk sartuta, daborduko itxita dagoan erregulazinoak baso-lurren “131.000 hektarea baino gehiagoren” kudeaketan izango dau eragina, hau da, lurraldearen azalera osoaren “% 60an”, hain zuzen be. Horreetatik hiru lauren titulartasun pribadukoak dira, Arantza Atutxa Lejarreta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak azpimarratu dauenez. Bizkaiko basoaren laurena publikoa da: 20.000 hektarea udalenak dira eta beste 5.000 hektarea Aldundiarenak. 

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko batzordearen erespena oposizinoaren ehun bat zuzenketa-eskegaz heldu da Batzar Nagusietako azkenengo izapide horretara, baina atzera bota dira barriro (batzuk hainbat akordio lortu ostean bota dira atzera), Foru gobernuari eusten deutsien talde biek ezezkoa emon deutsielako. Eusko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek testu arauemoile zabala babestu dabe, 120 artikulu, dozena bat xedapen (gehigarriak, iragankorrak, indarbakotzailea eta bakarra) eta zioen azalpena bozkatu eta gero. Oposizinoko taldeek jarrera desbardinak erakutsi ditue bozketetan. Elkarrekin Bizkaia eta Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin diran bitartean, EH Bilduk kontrako botoa emon dau aurretik talde horren zuzenketa-eskea jaso dauen artikuluen bozketan, eta ganerakoetan abstenidu egin da.

Gaurko saioan, osokoak 14 aldaketa barri onartu ditu testuan, eta batzordean onetsi ziran 15 zuzenketa-eskeei gehitu jakez. Aldaketa esanguratsuenaren barruan, Baso Baliabideen Antolamendurako Planak (BBAP) onartu eta indarrean jarri arte eukaliptoaren birpopulaketa barrien debekua zabaltzea sartu zan, salbuespen batzuekaz.

Aldundiak osokoan defendidu dauen arauaren proiektua basoen funtzino aniztasunean oinarritzen da, onura ekonomikoen (egurraren ekoizpena eta enpleoa), ingurumenekoen (biodibersidadearen kontserbazinoa eta klimearen babesa) eta sozialen (aisialdirako eta osasunerako guneak) artean “orekea” bilatuz. Izan be, arauak “milaka jaube pribadu inplikau behar dituan” eta “30 zugatz-espezie” arte kudeatzea dakarren politika publikoa ezarten dau.

Testuaren oinarrietako bat “sinplifikazino” administratiboa da, “burokrazia murrizteko”. Horretarako, Aldundia izango da basoen titularrentzat “leihatila bakarra”, udalerriakaz “lankidetza estuan”. Lurraldearen antolaketeari jagokonez, arauak hiru plangintza-maila proponiduten ditu: “estrategikoa, taktikoa eta operatiboa”. Planak parte-hartze prozesuakaz egingo dira, eta eskualde mailan eremu bakotxerako erabilera egokienak lehenetsiko dira. Modu berean, basoko suteen kontrako babesa indartu egingo da, erretako lurzoruen erabilerea 30 urtez aldatzea debekauz eta landaredia lehengoratzera behartuz.

Atutxak azpimarratu dauenez, testua, alkarteek, unibersidadeek eta sindikatuek parte hartu daben bide “luzearen” ostean onartu da. Arauaren proiektua idazteko orduan kontuan hartu dira, baita be, Bizkaiko Batzar Nagusietan gai hori adituakaz lantzeko sortu dan batzorde bereziak hamar bat bilkura egin eta gero emondako gomendioak. Arauak izaera “zabala, orekatua eta adostasunerako bokazinoa dauena” dauka, laburtu dau.


BATZAR NAGUSIETAKO TALDEEN JARRERAK

Richar Vaquero Morenok, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren izenean, arau barria “ez dala nahikoa” esan dau, eta “arima grisa dauen makillaje berdea” dala adierazo dau, lengoaia modernoa izan arren, benetako aldaketarik ez daukan eredu produktibisteagaz jarraitzen dauela nabarmenduz. Bozeroaleak salatu dauenez, ez dago “kuantifiketako moduko” helbururik ezta epe “zehatzik”, eta, ganera, krisi klimatikoaren eta suteen testuinguruan administrazino-baimenak erantzukizunpeko adierazpenakaz ordezkatzeak dakarren arriskuaz ohartarazo dau. Emakumeen eta gazteen parte-hartzearen arloan adostutako zuzenketa-eskeak edo baso brigada publikoak lehenestea modu positiboan balorau arren, lurraldearen erronkei aurre egiteko anbizinorik ez dagoalako justifikau dau bere taldearen abstentzinoa.

Bizkaiko Talde Popularraren aldetik, Diego Pagadigorria Wickek Foru gobernuak adostasunerako erakutsi dauen borondatea eta aurretiazko azterketarako batzordean egindako lanaren zorroztasuna azpimarratu ditu. Bere taldearen eretxiz, azken testuak hobekuntza nabarmena dakar, segurtasun juridiko handiagoa eta basoen babesaren eta jaube pribaduen interesen arteko beharrezko oreka sartzen ditualako. Pagadigorria Wickek arreta berezia jarri dau erabilerarako murrizketen aurrean konpentsazino ekonomikorako eskubidea, jaubetza pribaduagazko errespetua eta proporzionaltasunean eta errubakotasun presuntzinoan oinarritutako zigor erregimenaren aplikazinoa bermatzen daben zuzenketak sartu izatean.

Isaac Berges Fernández Euskal Sozialistak taldeko batzarkideak defendidu dauenez, araua beharrezkoa da orain dala hiru hamarkadako esparru arautzailea eguneratzeko, ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen dimentsinoak modu bereiztuezinean bateratuz. Mugarri estrategikoak azpimarratu ditu, besteak beste, titulartasun publikoko baso azalerea “% 25ean” handitzeko konpromisoa eta bertako espezieak bultzatzea, lurzorua eta biodibersidadea babesteko. Berges Fernándezek azpimarratu dauenez, baso politikak ez dau “esku-hartze handiegia izan behar”, jaube txikiei segurtasun juridikoa emongo deutsen eta landa sektorearen etorkizuna bermatuko dauen erantzunkidetasun eta lankidetza publiko-pribaduaren ereduaren alde eginez.

EH Bildu taldetik, Iratxe Arriola Alzolak arauaren kontrako eretxia erakutsi dau, “oso koldarra” eta Bizkaiko basoen kudeaketea benetako erresilientzia eredu bihurtzeko “aukera galdua” dala esanez. Koalizino abertzaleko batzarkideak kritikau egin dau testuak ez dauela ez ehuneko ez data zehatzik ezarten, funtsezko erabagiak etorkizuneko planen esku itxiz eta egurraren sektorearen eraginez bere eretxiz “porrot” egin dauen ereduari eutsiz. “Ez dabe egurraren lobby-tik urrundu gura”, kritikau dau. Arriola Alzolak penagarritzat jo dau suteak prebeniduteko malda handietan matarrasak debeketako edo landaketen eta herriguneen arteko segurtasun distantziak handitzeko proposamenak onartu ez izana, eta holan, euren zuzenketa-eskea jaso daben artikuluetan bere alderdiaren ezezko botoa berretsi dau.

Bukatzeko, Jesus Lekerikabeaskoa Arrillaga Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak, EH Bildu bere ikuspegi “katastrofistarengaitik” kritikau ostean, 30 zuzenketa-eske inguru sartu ostean lortutako adostasun zabala aldarrikatu dau. Araua, Euskadirentzat arduratsua eta estrategikoa dan egurraren balio katearen bideragarritasun ekonomikoari uko egin barik ingurumen arloko jasangarritasuna bermatzen dauen tresnea “orekatu” lez definidu dau. Bozeroaleak basoginen alkarteakaz egindako beharra defendidu dau, eta Aldundiaren eta udalen artean baso masa publikoa handitzeko konpromiso partekatuaren alde agertu da, arau barriak lurraldearen gehiengo handiaren sentimentua eta interesak ordezkatzen dituala ziurtatuz.


TELEFONIA MOBIKORREKO INSTALAZINOENGAITIKO UDAL-TASAK

Bizkaiko Batzar Nagusiek Toki Ogasunei buruzko abenduaren 16ko 9/2005 Foru Arauaren aldaketea be onetsi dabe osokoan, jabari publikoa erabilteagaitik telefonia mobikorreko enpresek ordaindu behar daben udal tasen salbuespena kentzeko. Erreforma horri esker, lurralde historikoko udalek bide publikoetako lurzorua, zorupea eta hegala aprobetxeteagaitik zergapetu ahal izango ditue operadoreak. Operadoreek udalerri bakotxean urtero lortzen dituen diru-sarrera gordinen % 1,5ean finkatu ahal izango dan tasea ezarri ahal izango dauen kuantifikazino bereziko erregimena izango da. Arauaren proiektua aho batez onartu da.

Arauzko ekimenaren abiapuntua Eneritz de Madariaga Martín Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako batzarkidearen proposamena izan da. Gaur egun ura edo elektrizidadea lako oinarrizko beste zerbitzu batzuen aurrean telefonia mobikorreko konpainiek daukien “pribilegiozko egoerea” salatu dau. Proposamenaren egileak azaldu dauenez, sektore horrek milaka milioi euro fakturetan ditu urtero, eta ez dau ezer ordaintzen Bizkaiko udalerri gehienetan espazio publikoaren erabilera pribatiboa egiteagaitik.


LGTBIQ+ IKUSPEGIA INDARTZEA GIZARTE ZERBITZUETAN

Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak, EH Bildu taldeko Urtzi Ostolozaga Arrien batzarkideak gizarte ekintzako sisteman LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak bermatzeari buruz aurretik aurkeztutako mozinoaren aurrean Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu daben osoko zuzenketa-eskea onartu dau gaur.

Batzar Nagusietako akordioak LGTBIQ+ ikuspegia eta “diskriminazinorik ezaren printzipioa” foru-eskumeneko gizarte-politiken diagnostikoan, plangintzan eta garapenean sartzeko eskatzen deutso Aldundiari. Gizarte-ekintzaren arloan prebentzino-neurriak zehaztea da helburu nagusia, bazterkeria-mota oro saihesteko.

Akordioaren puntu azpimarragarri bat da egoitzen arloan LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak errespetetan dirala bermatzeko “erreferentziazko protokolo bat” prestetea. Protokolo hori foru-titulartasuneko egoitzetan ezarriko da, eta itunpeko zentroei bideratuko jake tratu-bardintasunean oinarritutako arretea bermatzeko.

EH Bilduren testuak sare osorako (forala eta kontzertaua) eskakizun zuzena eta uniformea planteetan eban bitartean, jeltzaleen eta sozialisten zuzenketa-eskeak foru arloan jarraitutasunaren eta itundutakoan tresnak sustatzearen eta erraztearen aldeko ikuspegia aukeratu dau.


ONARTU EZ DIRAN MOZINOAK

Batzorde berean oposizinoaren beste hiru mozino eztabaidatu dira, baina, kasu honetan, ez dira onartu. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren batek, Ekialde Ertaineko gerra eskaladearen ondorio ekonomikoak eta sozialak arintzeko ekintzak proponidu ditu. Testuak eskaria egiten eutsan Aldundiari, alderdi politikoakaz, gizarte eragileakaz eta sektore ekonomikoakaz “jarraipenerako eta hitzarmenerako mahaia” sortu daian, energiaren eta erregaien garestitzearen eragina aztertzeko.

Hondakin organikoen eta konpostaje planten kudeaketeari buruzko beste mozino batean, oposizinoko talde nagusiak zalantzan jarten eban azpiegitura handietan oinarritutako eredua, eta “hurbiltasuneko soluzinoen” alde egiten eban. EH Bilduren mozinoak Getxoko, Berriatuko eta Igorreko konpostaje planten eraginkortasuna hobetzeko eskatzen eutsan Aldundiari. Ganera, eskualdeko sare hori Enkarterriko eta Busturialdeko eskualdeetara zabaltzea proponiduten eban, 2030erako, eskualdeko konpostajea lurraldeko hondakin organiko guztien “% 25” tratetako gai izatea helburu estrategiko lez ezarriz.

Eta, bukatzeko, Bizkaiko Talde Popularrak, Medicos Bizkaiak kudeatzen dauen Bilboko Lersundi kaleko desgaitasunaren balorazinoen egoitzak irisgarritasunari jagokonez dituan “hutsune larriak” salatu ditu. Testuak 2026ko garagarrilean amaituko dan zerbitzuaren lizitazino barriak “kokapen guztiz irisgarria” bermatzea proponiduten eban, igogailu egokituakaz, beren beregiko seinaleakaz eta zoru ez labangarriakaz.